NAIZ

Arlabango mendatea itxita egongo da urriaren 5etik 12ra bitartean

Heldu den urriaren 5etik 12ra itxita egongo da Arlabango mendatea, GI-627 errepidean egiten ari diren egonkortze lanak direla eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Arlabango mendatea.
Arlabango mendatea. (Juanan RUIZ | FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, datorren urriaren 5etik 12ra bitartean Arlabango mendatea itxita egongo da, GI-627 errepidean egiten ari diren lanak medio.

Aldundiak ohar batean azaldu duenez, Arlabango mendatearen lerradura egonkortzeko obrekin jarraitzen dute, GI-627 errepideko 22,855 eta 22,965 kilometro puntuen artean. Lan horiek egiteko, beharrezkoa izango da errepidearen zati hori zirkulaziorako moztea 2022ko urriaren 5etik 12ra bitartean, bi egun horiek barne.

Egonkortze lan horiek egin ahal izateko galtzada erabat okupatu beharko den arren, uneoro bermatuko da larrialdietako ibilgailuentzako pasabidea, oharrak dioenez.

Hala, datorren asteazkenean, urriak 5, goizeko 8.00etatik aurrera, Debagoieneko eta Gasteizko herrien arteko komunikazioa GI-627 errepidearen bidez eten egingo da mota guztietako ibilgailu eta txirrindularientzat; itxierak urriaren 12ko iluntzeko 20.00ak arte iraungo du.

Moztutako errepide zatiaren barruan jatorria eta helmuga duten bidaiarien trafikoa baimenduta egongo da, baina ezingo da 22,855 – 22,965 kilometro puntuen arteko zatia zeharkatu obren presentziagatik.

Ordezko ibilbide gisa AP-1 autobidea erabiltzea gomendatzen da, Gasteiz-Irun autobidea Eibartik edo GI-3310 errepidea Eskoriatzatik Leintz Gatzagara.