Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Azken suziria jaurtiko dute Gorbeian

Gorbeia Suzien mendi lasterketa jokatuko da bihar. Ez da edonolakoa izango, Skyrunning World Series denboraldiko azkena izango baita. «Final» gisa izendatu du zenbaitek, eta Maite Maiorak eta Ander Iñarrak ere adierazpide bera erabili dute. Etxekoen animoen «hauspoa» baliatzeko gogotsu daude biak.

 Maite Maiora, Skyrunning World Series zirkuituko lasterketa batean, jaitsieran kontzentratuta.
Maite Maiora, Skyrunning World Series zirkuituko lasterketa batean, jaitsieran kontzentratuta. (@SKYRUNNING)

Urduri bata, esperientziak ematen duen lasaitasunarekin bestea. Modu horretan aurkitu ditu NAIZek Ander Iñarra eta Maite Maiora mendi korrikalariak, Gorbeia Suzien lasterketan lehiatu aurreko egunean. «Urteko lan guztia lasterketa honi begira egin dugu. Nolabaiteko esperantzarekin, baina ekitaldi handi bat denez, urduri eta egiteko gogoz», azaldu du lezoarrak.

Gorbeia Suzien lasterketa «betidanik izan da entzutetsua, ez da izan edonolako lasterketa», esan du mendaroarrak, eta horri gehitu behar zaio aurtengoan Skyrunning World Series zirkuituko azken lasterketa –erabakigarriena, alegia– izango dela. «Niretzat ez da berdina lasterketa hau Suitzan izatea edo etxean izatea. Badakizu gurasoak daudela, lagunak, jende euskalduna, hemengo giroa... Euskaldunontzako puntu gehigarri bat da». Ziur agertu da Maiora.

 «Lasaitasunez» hartu du azken aste hau. «Hainbeste» aldiz lehiatu da World Series zirkuituan, ezen «eskarmentua» ere baduen. Inoiz ez du kontatu zenbat aldiz parte hartu duen, baina gauza jakina da 2017an txapeldun izan zela. Hori bai, gogorarazi du orduan arauak bestelakoak zirela eta berak extreme eta konbinatuan irabazi zuela. 2014an bigarren bukatu zuen, eta «beste urteren batean podiuma egin nuela ere uste dut». Laburbilduz, aspaldidanik dabilela punta-puntan: «Bai, beti txapa ematen».

Laugarren dago sailkapen nagusian, 270 punturekin. Oihana Azkorbebeitiak agintzen du zerrendan, 316 puntu batuta. Bulgariako lasterketa irabazteak goraino hauspotu du bizkaitarra. Lasterketa hartan aurreneko bost sailkatuak euskal herritarrak izan ziren, Maiorak ondo gogoratzen duen bezala. Mendaroarra hirugarrena izan zen, Sevillanoren atzetik. Igone Campos eta Sara Peña izan ziren laugarren eta bosgarren sailkatuak. Sasoi onean daude euskaldunak, «hori horren erakusle da». Sailkapen nagusian lehen hamarren artean sei euskaldun daude. Nolanahi ere, nabarmendu du Europan maila handia dagoela lasterketa «ez hain teknikoetan» eta Gorbeia Suzien hauentzat «egokiagoa» dela: «Nik ikusten dut Golden Trail Series egiten ari diren neskek nik baino askoz azkarrago egiten dutela korrika, baina gero, Pirin Extreme bezalako lasterketa batean, harri artean, agian arazoak dituzte. Pista batean korrika egiterakoan, ordea, nik ezin dut azkar korrika egin. Gorbeia estilo horretako lasterketa da. Agian ondo moldatuko gara, baina etxean jokatzen dugulako».

Norbere buruarekin borrokan

«Ni neu naiz nire aurkaririk handiena», dio Maiorak eta, beraz, egindakoa zalantzan ez jartzeko barruan daukan dena ematen saiatuko da. 2014an irabazitakoa da eta podiuma zapaldu zuen 2012an, bigarren postua lortuta. Oraingoan podiuma zail ikusten du, baina «%100 ematen baldin badut eta disfrutatzen baldin badut, ezer gutxi eska dezaket. Espero dut lehen hamarren artean bukatzea», esan du barrez.

Zein asmo duzu: irabaztea, podiuma edo disfrutatzea? «Ahal dela, denak». Ander Iñarra «konfiantzarekin eta gogotsu» dago. «Nik uste dut lasterketa on bat egin dezakedala berriro», esan du. Iaz bigarren egin zuen, bere bigarren aldian –2017an bosgarren egin zuen–.  Ontzat jo zuen iazko bigarren postua, atzetik aurrera egin baitzuen. Bihar «nire lasterketa egitera aterako naiz, ze besteen menpe jartzen banaiz, eskuetatik joango zait lasterketa. Disfrutatzea ere bai, sufrituz disfrutatzea, eta sailkapena albo batera utzi, eta borroka gehienbat nire buruarekin izango dut ahalik eta errendimendu handiena ateratzeko».

Ander Iñarra, ezkerrean, Garmin Epic Trail lasterketako podiumean. (@SKYRUNNING)

Lezoko korrikalaria ere laugarren sailkatua da, 244 punturekin. Kasu honetan, bera da euskaldunik onena. Hirutan igo da podiumera Munduko Kopako zirkuituan lehiatu den bost lasterketetan. «Nahiko sentsazio onekin. Sasoiz ondo aurkitu naiz, ez dut lesio larririk eduki eta horregatik nahiko kontentu nago. Nahiko erregular mantendu naiz. Agian iaz bezainbesteko txisparik ez daukadala sentitzen dut, baina oro har maila altuagoa erakutsi dudala iruditzen zait».

Iaz Euskal Selekzioa utzi –zuzendaritza talde berriaren desadostasunak tarteko– eta aurten Merrell markak fitxatu du. Onartu du babes hori gabe Munduko Kopan lehiatzea zailago izango zuela, nahiz eta lasterketa asko etxetik gertu izan, baita finala ere. Merrellek bere ateak ireki, eta «nik aprobetxatu egin dut; oso gustura aritu naiz lehen urte honetan».

Lasterketa egokia

Denboraldia biribildu dezake bihar. Maite Maiorarentzat lasterketa honen profila egokia ez bada –«Lekanda igotzen duzu, bai, baina hori ez da ezer»–, Iñarra hobeto moldatzen da korrika egiten. «Korrikalaria naiz, Gorbeiakoa askoz hobeto etortzen zait; korrika asko eta azkar egitea, alegia –azaldu du–. Gehienbat  jaitsiera teknikoetan sufritzen dut. Igoera teknikoak, bada, tira, igoerak dira eta guztiok nahiko antzeko igotzen gara, baina jaitsieretan ez naiz trebea harkaitzetan saltoka jaisten».  

Mendian korrika buru-belarri hasi aurretik triatloian aritzen zen lezoarra, baina denbora falta eta estresa tarteko, «txip aldaketa» behar, eta mendian topatu zuen babeslekua. Onartu du jaitsiera teknikoetan, batez ere, buruak eragin handia daukala: «Oso kognitiboa da. Buruz nola zauden, zein kontzentrazio maila daukazun, motibatuta zauden, ez zauden, seguru zauden edo ez... eragin handia dauka jaitsiera batean. Motibatuta sentitzen banaiz, jaitsiera ona egin dezaket, baina zalantzekin baldin banago, denbora asko gal dezaket». Bada, Gorbeia Suzien hain teknikoa ez bada ere, giltzarri izango du bere buruarengan konfiantza izatea. Irabazi edo ez, podiuma egin edo ez, azken suziria jaurtiko dute guztiek.