NAIZ

Ikusi Mikusi haur eta gazte literatura azoka bueltan da Saran

Gaur zabaldu ditu bere ateak Saran bigarrenez antolatzen duten Ikusi Mikusi haur eta gazte literaturari egokitutako azoka. Ruper Ordorika izanen da larunbatean jarraituko duen kultur ekimenaren ‘aitabitxia’.

Ikusi Mikusi kari Euskal Herri osotik heldutako argitaletxe eta irakurle gazteak bildu dira Saran.
Ikusi Mikusi kari Euskal Herri osotik heldutako argitaletxe eta irakurle gazteak bildu dira Saran. (Guillaume FAUVEAU)

Euskara hutsean egiten den haur eta gazte literatura azoka ostiral honetan eta bihar ospatuko dute Saran.

Badira 39 urte Idazleen Biltzarra antolatzen duen herrian bere bigarren ediziora helduko da aurten Ikusi Makusi azoka.

Antolatzaileek bi kultur hitzordu horiek data ezberdinetan egiteko hautua egin dute, «gizartean dagoen eskas eta behar bat betetzen duelako» haur eta gazteendako literatur azoka.

Gaur eskolen eguna izanik ikaslez bete da azoka. Larunbatean, berriz, familien txanda izanen da.

Ostiral honetan euskal lurralde ezberdinetatik heldutako ikasleak eta irakasleak bertaratu dira Sararat, «Euskal Herri osoko haurrek eta gazteek elkarren arteko topaketa egiteko parada ukaitea delako helburua», antolatzaileen esanetan.

Haien idazlanak besteei aurkezteko, sormen lanak biltzen duen erakusketa gune bisitatzeko eta tailer eta ikuskizunetara parte hartzeko aukera ez dute galdu Sarara heldu den ikasle tropa.

‘Gure xaharrak’ ikusgarria emanen dute larunbatean

Larunbatean, berriz, ‘Gure xaharrak’ izeneko ikusgarri bat ere eskainiko dute, egunerako aurreikusiak diren argitaletxeen ezagutza, idazleen topaketa eta atelierrekin batera.

Gainera, Ruper Ordorika izanen da jaialdiaren ‘aitabitxia’. Lehen urteko esperientziari jarraituz bonu sistema eman dute plantan aurte ere. Hala Lapurdiko herrira heltzerakoan haur edo gazte bakoitzari 15 euroko bonuak eman dizkiete, gogokoen duten liburua eskura dezaten.

Euskarazko haur liburuen erakusleiho izateko xedea du Ikusi Mikusi azokak. Horrendako, soilik euskara hutsean diren liburuak onartuko dituzte.

Xede hau betetzeko, haur eta gazte euskal literaturaren unibertso profesionala bertan izanen da: euskarazko liburuen argitaletxeak, idazleak, ilustratzaileak, liburu saltzaileak, liburuzainak, kondalariak eta artistak.

Hau guztia posible izan dadin partaide anitzen sustengua jaso dutela oroitarazi dute Ikusi Mikusiren arduradunek, Sarako Herriko Etxearena, Euroeskualdearena, Euskal Hirigune Elkargoarena eta Euskal Kultur Erakundearena, besteak beste.