Amagoia Mujika Telleria

Jone Uria nagusitu da Donostiako saioan

Jone Uria zuzenean sailkatu da datorren fasera 706 punturekin. Donostiako Victoria Eugenian 888 lagun bildu dira bertsoez gozatzera.

Jone Uria nagusitu da gaurko saioan.
Jone Uria nagusitu da gaurko saioan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Txapelketa Nagusiaren lehen fasea azken hondarretan sartu da. Donostian jokatu da gaur arratsaldean lehen faseko azkenaurreko saioa eta Jone Uriak lortu du puntu gehien biltzea, 706 puntu hain justu. Hartara, zuzenean igaro da bigarren fasera.

Gainontzeko puntuazioak honakoak izan dira: Onintza Enbeita 688, Aitor Etxebarriazarraga 682,5, Maddalen Arzallus 678, Eñaut Martikorena 674,5 eta Beñat Iguaran 659. Igande honetan Lizarran jokatuko da lehen faseko azkena eta puntuazioek erabakiko dute nor jarraituko duen aurrera txapelketa den tren horretan.

Victoria Eugeniako saioa ederra izan da, aretoa bezain distiratsua une askotan. 888 lagun bildu dira eta giroa beroa izan da. Jone Uriak saioa hasi eta buka goitik josi du, bertsotan eta arrazoiketan elegante. Bigarren izan da Onintza Enbeita, saioko beteranoena. Asmatu du saioari bere kolore propioa ematen. Puntuari erantzuten marraztu du arratsaldeko ertzetako bat.

Hirugarren Aitor Etxebarriazarraga izan da. Ariketa guztietan fin eta kartzelakoan ideia original batekin erremate polita eman dio. Laugarrena, Maddalen Arzallus, bertsotan bizi eta joskeretan oso fin. Bosgarrena, Eñaut Martikorena. Askotan altxatu du plaza bere burutazioekin eta txalo beroenak beretzat izan dira. Seigarrena Beñat Iguaran izan da, 659 punturekin. Hortxe jarri da gaurko saioaren puntuen langa.

Sailkapena:

706 Jone Uria

688 Onintza Enbeita

682,5 Aitor Etxebarriazarraga

678 Maddalen Arzallus

674,5 Eñaut Martikorena

659 Beñat Iguaran