NAIZ

Annie Ernaux Literatura Nobel saridunak Macronen aurka manifestatzera deitu du

Annie Ernaux idazle eta Nobel saridunak Emmanuel Macron frantziar presidentearen kontrako manifestazio baterako deialdia sinatu du. Inflazioari eusteko eta etxeak babesteko nahikoa ez duela egiten egotzi diote 60 idazle, irakasle eta artistak kaleratutako agiriak.

Ernaux joan den ostiralean, Literatura Nobel Saria irabazi ostean.
Ernaux joan den ostiralean, Literatura Nobel Saria irabazi ostean. (Julien DE ROSA | AFP)

Annie Ernaux, aste honetan Literatura Nobel Saria irabazi duen frantziar eleberrigileak, Emmanuel Macron frantziar presidentearen politika ekonomikoaren aurka manifestatzeko deia egiten duen agiria sinatu du, ‘Journal du Dimanche’ igandekariak argitaratu duenez. 70 bat lagunek izenpetu dute idazkia, 82 urteko Ernauxez gain, Eric Vuillard, Laurent Binet eta Pierre Lemaître idazleek, ekonomialariek, unibertsitateko irakasleek eta hainbat ekintzaile eta artistek.

Ezkerreko hainbat alderdik manifestazioa deitu dute urriaren 16rako Macronen aurka, inflazioari eusteko eta etxeak babesteko nahikoa ez egitea egotzita.

«Emmanuel Macronek inflazioa aprobetxatzen du aberastasun aldeak handitzeko eta kapitalaren irabaziak suspertzeko, gainerakoen kaltetan», dio ‘Journal du Dimanche’n argitaratutako gutun irekiak.

Honakoa ere salatu dute manifestazioaren deitzaileek: «Honek aukera ematen dio aberatsen Gobernuari fase berri bati ekiteko: gizartearen zutabeak erasotzea, gizarte babesaren muina. Lehenengo langabezia sorospenekin, eta gero pentsio sistemarekin», gaineratzen du gutunak.

Macron negozioetako bankari ohiak Ernaux zoriondu zuen ostiralean, eta «emakumeen eta ahaztuen askatasuna» dela esan zuen.

Bere Gobernuak, Legebiltzarreko Behe Ganberan gehiengo osorik ez duenak, sindikatuekin eta beste alderdi politiko batzuekin elkarrizketa bat izateko konpromisoa hartu du. Premiazkotzat jotzen duen erreforma bat adosten saiatu nahi du Eliseoak eta, horrela, hurrengo hilabeteetan zehar lege-proiektu bat bozkatuko dela azpimarratu dute Gobernutik.