Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Entrevista
Onditz Iturbe
Mendi korrikalaria

«Burutik harago bihotzak jokatu du, motibazioak; emozio pila bat nahastuta eduki dut»

Onditz Iturbek bigarren egin zuen Gorbeia Suzien lasterketan, Noemie Vachon garailearengandik 16 segundora helmugaratuta. «Pozarren» agertu da NAIZi emandako elkarrizketan, lasterketa bukatu eta ordu gutxitara. «Etxeko» lasterketa izaki, bihotzak agindu ziola onartu du, helmugan hunkitzeraino.

Onditz Iturbe, argazkiaren ezkerraldean, Gorbeia Suzien lasterketan podiuma osatu zuten Vachon (erdian) eta Websterrekin (eskuinean).
Onditz Iturbe, argazkiaren ezkerraldean, Gorbeia Suzien lasterketan podiuma osatu zuten Vachon (erdian) eta Websterrekin (eskuinean). (GORBEIA SUZIEN)

Bigarren postu guztiak ez dira eskasak eta hala berretsi du Onditz Iturbe korrikalariak (Igorre, 1991). Bigarren egin zuen Gorbeia Suzien lasterketan, garaipenetik 16 segundora geratuta baina asetuta iritsi zen helmugara. Denboraldia biribildu duelakoan dago. Orain, Tailandiako Munduko Txapelketan jarriko da buru-belarri, Espainiako selekzioak hautatuen zerrendan sartu baitu Igorrekoa.

Zein sentsaziorekin bukatu zenuen lasterketa?

Sentsazio itzelak. Ez nuen espero bigarren postua beraz, pozarren.

Nola sentitu zara lasterketan zehar?

Egia esan, askorik ez dut pentsatu. Gaur burua beharrean bihotza erabili dut, niretzat lasterketa berezia da hau. Inguruko familia, lagunak, betikoak... Igorrekoa naiz eta ibilbidean zehar ere bultzada itzela sentitu dut. Burutik harago bihotzak jokatu du, motibazioak, eta beraz, ez dut pentsatu ezer ez ibilbidean zehar.

Eta zer esan dizue gertukoenek? Pozik denak, ezta?

Bai, helmugara iritsi eta emozio pila bat nahastuta eduki ditut. Negarrez amaitu dut. Familiaren babesa jasotzea momentu horretan itzela izan da.

Denboraldia amaitutzat ematen duzu honekin?

Asmoa hori zen baina Tailandiarako Munduko txapelketarako hautatua izan naiz Espainiako Atletismo Federazioagatik eta azarora arte behintzat luzatuko dut denboraldia.

Munduko Kopan bai izan da azken lasterketa.

Nik berez ez dut Munduko Kopa lehiatu, lehiatzeko beharrezkoa zen lau lasterketa egitea eta nire asmoa zen Comapedrosakoan lehiatzea Gorbeia Suzien lasterka egiteko sailkapena lortzeko. Gero Euskal Selekzioaren bitartez aukera eduki nuen Suitzara joateako –Matterhorn Ultraks Extreme– baina, bere horretan, ez dut lehiatu Munduko Kopa.

Beraz, Gorbeia Suzien lasterketa egutegian gorriz markatua izango zenuela.

Niretzat oso berezia da. Finalera sailkatzeko helburuak emozio aldetik gehiago zeukan kiroletik baino. Ez banu finalera sailkatzerik izango argi neukan beste lasterketa, 32 kilometrokoa –Skyrace– egingo nuela.

Iaz ere bigarren egin zenuen.

Iaz asko sufritu nuen azken 6 kilometroetan, oso larri iritsi nintzen. Aurten oso osorik iritsi naiz. Bigarren postua errepikatzen dut baina tira, sentsazio aldetik askoz hobeto, fisikoki ere bai.

«Iaz oso luze geratu zitzaidan; aurten karga apur bat handitu dut. Ez dut gizurrik esango, bidea disfrutatu dut baina lan egin dut honela iristeko»

Hobeto iritsi zara denboraldi zati honetara edo hobeto prestatu duzu?

Prestatuago, esango nuke. Iaz oso luze geratu zitzaidan, azken sei kilometroak oso luze egin zitzaizkidan; orduan, aurten, karga apur bat handitu dut, indar ariketak ere sartu ditut. Ez dut gizurrik esango, bidea disfrutatu dut baina lan egin dut honela iristeko.

Disfrutatzeko aurretik lana egin duzula, alegia.

Bai, pila bat disfrutatu dut bidea. Asko ikasi dut, nire burua askoz hobeto ezagutzeko aukera eduki dut. Bideak jarri dizkidan erronkak gaindituz, gozatu egin dut. Gaur zen unea gozatu hori dena ateratzeko eta dena emateko. Eta uste dut hamarreko puntuaketarekin, erronka gaindituta noala.

Denboraldiko helburu nagusia bete duzu honekin?

Baietz esango nuke. Denboraldia borobildu dut.