NAIZ

Eragin gazte prekarizatuen asanbladak, «ziklo bat beteta», bere ibilbideari amaiera eman dio

Eraginek, Bilboko gazte prekarizatuen asanbladak, bere jardunari amaiera ematea erabaki du sei urteko ibilbidearen ostean. Oraingo «testuinguru zailean», gazte antolakuntza forma berriak «birpentsatu» eta «batasunetik etorkizun duina irabaztea ezinbestekoa dela» azpimarratu du.

Eraginek egindako mobilizazioa gazte prekarizazioaren aurka.
Eraginek egindako mobilizazioa gazte prekarizazioaren aurka. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Penaz, baina egindako lanaz harro, Eraginek, ziklo bat beteta, bere ibilbideari amaiera ematea erabaki du. Eragin gazte inkorformista, errebelde, ameslari eta borrokalari guzti horietan egoten jarraituko du. Borrokak darrai!», horrela eman dio amaiera bere sei urteko ibilbideari Eragin Bilboko gazte prekarizatuen asanbladak sare sozialen bitartez.

2016an jaio zen Eragin, krisialdi ekonomiko baten testuinguruan gazteriak bizi duen prekarizazioari aurre egiteko. Bilboko hiriak jasandako jarduera ekonomikoaren aldaketa «lanaren atomizazioa eta borrokarako gaitasunaren galera» ekarri zuela ohartarazi zuen, eta «gazteek beraien eskubideen alde ideologizatu eta borrokatzeko espazio izateko» helburuarekin sortu zen.

Igandean argitaratutako oharrean azaldu dutenez, urte hauetan 3 oinarri nagusiren gainean garatu duten lan filosofia argia izan dute: «Lehenik, ideia neoliberalen gailentzearen aurrean klase perpektibatik eta modu pedagogikoan borroka ideologikoa egitea. Bigarrenik, antolakuntza gaitasunik gabeko lan sektoreentzat tresna izatea eta borroka kolektiboak burutzeko espazioak ahalbidetzea. Azkenik, bizitza duinak eskuratzeko ezinbesteko minimoen inguruan borroken aniztasunetik batasuna eraiki eta gazte frontearen ideia bultzatu ditugu».

Helburu horiek lortzera bidean, hainbat izan dira aurrera eramandako borrokak: Autonomo faltsuen «estafaren atzean zegoen esplotazioa» azaleratu eta eztabaida piztu zuten; ostalaritzako langileen sektorea antolatzeko pausuak eman zituzten; apustu etxeen atzean dagoen «klase gatazka» mahai gaineratu zuten; BBK Livek «ezkutatzen duen hiri eredua» salatu zuten...

Gauzak horrela, ziklo bat bete eta «ekarpen baliagarria» egin duela uste du Eraginek, eta eskerrak eman dizkiete urte hauetan borrokan bidelagun izan dituzten gazte eta eragile guztiei.

«Eragin dugu eta eragingo dugu. Orain, egungo testuinguru zailean, gazte antolakuntza forma berriak birpentsatu eta batasunetik etorkizun duina irabaztea ezinbestekoa da. Eragin gazte inkonformista, errebelde, ameslari eta borrokalari guzti horietan egoten jarraituko du. Borrokak merezi du, borrokak darrai!», nabarmendu du Eraginek.