Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Hezkuntza lege berriak euskarazko eredu orokor eta inklusiboa jaso dezala eskatu dute

Lakuako Gobernuak Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektuaren zirriborroa aurkeztu zuen irailean, eta hari ekarpenak egiteko aukera irekita egon da aste hauetan. ‘Euskaraz Hezi Berdintasunean Hazi’ adierazpena sinatu zuten eragileek hizkuntzaren esparruan legeak jaso beharko lukeena zehaztu dute.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta gainontzeko eragileen ordezkariak, Gasteizko agerraldian.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta gainontzeko eragileen ordezkariak, Gasteizko agerraldian. (Endika PORTILLO | FOKU)

EAEko Hezkuntza Lege berriaren eztabaidaren karira, 2021eko abenduan ‘Euskaraz Hezi Berdintasunean Hazi’ adierazpena aurkeztu zuten eragileek aipatu legeari egindako osoko ekarpena aurkeztu dute gaur. «Euskararen inguruan jaso beharreko artikuluen proposamen integrala» da, hain zuzen, Gasteizen egindako agerraldian ezagutarazi dute.

Europa Jauregian egin dute prentsaurrea, eta bertan izan dira, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaz gain, hezkuntza-komunitateko eragileak diren Ehige, Euskal Herriko Ikastolak, HEIZE eta Hik Hasiko ordezkariak, bai eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako ordezkariak ere.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok aurkeztu du lege-proposamenaren edukia, eta lehenik eta behin gogoan izan du eragile horiek guztiek kezka bera partekatzen dutela aurkeztutako lege-zirriborroaren inguruan: «behin eta berriro esaten ari gara lege berriak argi zehaztu behar duela zein izango den etorkizuneko hizkuntza-eredua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza-sisteman. Hori ez da argi geratu aurkeztutako zirriborroan. Hortaz, horixe da gure proposamenak bete nahi duen lehen gabezia», zehaztu du.

Alde horretatik, aurkeztutako proposamenak modu zehatzean jasotzen du etorkizuneko hezkuntza-sistemaren hizkuntza eredua. Horren arabera, «euskara, berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman ikas- eta irakas-hizkuntza normalizatua izango da, eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izango da». Are gehiago, testuan nabarmentzen denez, «hizkuntza-eredu orokor eta inklusiboa izango da eta ez ditu ikasleak banatuko hizkuntza-ofizialen arteko aukeraketaren arabera».

«Lege berriak halako zehaztapen-maila izan beharko du eraginkorra bada. Beharrezkoa da legeak argi eta garbi zehaztea zein den hurrengo hamarkadetan ezarriko den hizkuntza-eredua. Euskararen gaia malgutasunez jokatuz gero, etorkizuneko belaunaldien euskalduntzea auzitan jarriko da, eta hori ezin da onartu», azpimarratu du Bilbaok.

Hain zuzen, arrazoi horregatik defendatu du euskarazko hizkuntza-eredu orokortuaren beharra: «Ikasle guztiek euskara ezagutzeko eskubidea dute, eta lege honek eskubide hori bermatu behar du». «Orain arte, datu guztiek erakusten duten bezala, euskarazko eredua izan da helburu hori lortzeko eredurik arrakastatsuena. Horregatik diogu, Legeak euskarazko eredu orokortu eta inklusibo berri bat jaso beharko lukeela, benetan nahi bada belaunaldi berriak euskaldunak eta eleaniztunak izatea, justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren bidean», adierazi du Kontseiluko ordezkariak.

Izaera integrala

Gasteizen aurkeztutako proposamenean hizkuntza-proiektuek garrantzi handia hartzen dute. Bilbaoren esanetan, «atal horretan ere jarrita dago hizkuntza-proiektuek hizkuntza-ereduari jarraitu behar diotela derrigorrez, eta euskararen ikaskuntza-prozesuan ikastetxearen errealitateari egokitzeko irizpideak izan beharko dituela, baina beti ere oinarri bati jarraiki: euskara gutxiago duenari euskara gehiago ematea». «Ezin onar daiteke euskara gutxiago duena euskara gutxiagorekin konformatu behar izatea, bazterketa soziala bultzatzea», aipatu du.

Atal horretan, gainera, hizkuntza-proiektuak ebaluatu eta, beharrezkoa izanez gero, egokitzeko beharra jasotzen da. «Are gehiago, hizkuntza-proiektua egokitu ezean programa-kontraturik ez da sinatzerik izango», azpimarratu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Edonola ere, hizkuntza-ereduez eta hizkuntza-proiektuez gain beste hainbat elementu jaso ditu gaur Gasteizen aurkeztutako proposamenak. Horiek hala, curriculumari, euskal curriculumari bereziki, erreferentzia zuzena egiten dio: «euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala barne biltzen dituen ikuspegia jaso beharko du, eta hainbat lanketa proposatzen ditugu horretarako».

Halaber, ikastetxeetako hizkuntza-jarduna ere arautzen du lege-proposamenak, ikastetxeak euskararen arnasgune funtzional bihur daitezen, eta ikasleak euskaraz normaltasunez bizi daitezen.

Kontseiluko idazkari nagusiak lege-proposamenak jasotako atal guztiak –dokumentuak orotara, 29 artikulu ditu– zerrendatu ditu: irakaskuntzarako sarrera eta horniketa, ikastetxeetatik kanpoko eskaintza, ebaluazioa, euskararen beste lurraldeekiko lankidetza, lanbide-heziketa, kirol- eta arte-ikaskuntzak... bai eta hezkuntza-sistemaren helburuak eta ikasleen hizkuntza-eskubideak ere. «Saiatu gara ekarpena integrala egiten, hau da, euskararen betaurrekoetatik, ikasleen hizkuntza-eskubideetatik, beharrezkoak diren elementu guztiak txertatzen», azaldu du.

Ekarpen gisa erregistratu

Heldu diren egunetan bukatuko da Hezkuntza Sailak egindako zirriborriari ekarpenak egiteko epea, behin betiko aurreproiektua Legebiltzarrera bidali aurretik, eta, testuinguru honetan, Bilbaok iragarri du Kontseiluak ekarpen gisa erregistratuko duela, eta ondoren alderdiei haren berri emango dietela, «bere egin eta haiek ere ekarpenetan jar ditzaten». «Abenduan ikusi beharko dugu zer-nola jasotzen den zirriborroan, eta horren arabera etorkizuneko estrategia definituko dugu», azpimarratu du.

Agerraldia bukatu aurretik, Bilbaok lege berrian euskararen gaia egoki jartzeak duen garrantzia nabarmendu du. «Hezkuntza-sistema da egoera gutxituan dagoen hizkuntza baten berreskurapenerako zutabea. Gurean, ikusi izan dugu zer-nolako ekarpen ikaragarria egin dion hezkuntza-sistemak euskalduntze-prozesuari, baina oraindik urrun gaude ezagutzaren unibertsalizaziotik, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasuna izatetik», aipatu du, eta gainerais du hurrengo hamarkadetan indarrean izango den legeak «bai ala bai» bermatu behar duela «euskara ikas- eta irakas-hizkuntza izango duen eredu orokor eta inklusiboa abian jarriko dela». «Ezin da aukera galdu. Ezin dugu aukera galtzen utzi», ondorioztatu du.