NAIZ

Lehenengo greba eguna egin dute Interal enpresako langileek; bi gehiago, abian

Deitutako hiru greba egunetako lehena da astearte honetakoa Lezoko Interal enpresako langileentzat. «Hitzarmen duina» aldarrikatzen ari dira, eta aurrerapenik ikusten ez dutenez protesta biderkatu dute eta mobilizazioak areagotu dituzte.

Interal enpresako langileek, Lezon eginiko mobilizazioan, lantegiaren aurrean.
Interal enpresako langileek, Lezon eginiko mobilizazioan, lantegiaren aurrean. (Gorka Rubio | Foku)

Mercadona, Eroski eta Carrefour bezalako saltoki handietarako marka zuriko elikagaiak prestatzen duen Lezokoko Interal enpresako langileek mobilizazioak areagotu dituzte. Gaur asteartean, hilaren 18an eta hilaren 25ean hiru lanuzte deitu dituzte, hitzarmen «duina» eskatzeko.

Interaleko enpresa batzordeak protesta neurri berriak deitzea erabaki du, konpainiak «negoziazioa blokeatu eta katramilatuta» mantentzen duelako. Aldarria enpresa bertara eraman dute gaur goizean, 10.00etan abiatu den manifestazio baten bitartez.

Horren ostean elkarretaratzea egin dute gaur Lezoko Plazan, eta aste honen arratsaldean antzeko protesta egingo dute Errenteriako Zumardian, 19.00tik hasita.

Langileek azaldu dutenez, enpresak ez du plantillaren KPIa bermatzen, eta horrek «erosteko ahalmena nabarmen galtzea ekarriko luke».

Horregatik, aurreko asteetan txanda bakoitzeko lau orduko bi lanuzte egin ondoren, langileen ordezkariek txanda bakoitzeko zortzi orduko lanuzterako deialdia egin dute orain aipatutako lanaldietarako.