Donostiako Herria tabernak jasandako eraso faxista baten grabazioa eskuratu du NAIZek. Bertan ageri denez, zortzi lagunek hartzen dute kalea, gauez, taberna guztiak itxita direla aprobetxatuz, eta horietako batek tabernaren atarian gainean egon ohi den ikurriña kentzen du.
Bideoan aipatzen denez, 2022. honetan jada zazpi aldiz baino gehiago gertatu dira honelako erasoak. Egoera publikoki salatua izan da zenbaitetan; pasa den otsailean, esaterako. Hala ere, alderdi politiko zein erakundeen partetik ez du aparteko erreakziorik eragin, eta ez da atxiloketarik ekarri ere.
Urte hasierako eraso horren ondoren Herria Kultur Elkarteak kziurtatu zuenez, «jarrera politiko jakin batzuekiko gorrotoa» adierazten dute ekintza hauek eta inpunitate osoz burutzen dira: «Badakite poliziaren patruilaren bat ikusiz gero ez zaiela ezer larririk ekarriko».
«Militarrak, zakurrak edo fatxak» ote diren egileak, galdera hori luzatu du Donostiako Piztu ekimenak sare sozialetan:
"INKONTROLATUAK" IKATZ KALEAN
— PIZTU DONOSTIA (@PiztuD) October 11, 2022
Donostiako Parte Zaharreko Herriko Tabernatik seigarren aldiz ikurriña, Arrano Beltza eta presoe ikurra goizeko ordu txikitan kentzen harturiko irudiak.
Militarrak? Zakurrak? Fatxak?
ESKUBIDE SOZIAL, ZIBIL ETA POLITIKOAK DEFENDA DITZAGUN!!! pic.twitter.com/G8tKBRNLD0
Donostiako Ikatz kaleko taberna aski ezagun hau eraso faxisten jomugan dela bistan da, baina ez da bakarra: Leitzan, esaterako, honelako erasoak salatu dira azken hilabeteotan, behin eta berriz errepikatutakoak
Irudiei erreparatuta, gizonezko gazteak dira erasoaren egileak, talde antolatu modura aritzen direnak. Batek ikurriña kentzen duen bitartean, besteek kalearen kontrola hartzen dute. Hauetako batek hormetan dauden afixak urratzeari ekiten dio. Ikurriña eskuetan hartzen duenak hormatik jeisteko unean kolpe galanta hartzen duela ikus daiteke.
‘Alde hemendik, geurea ikurriña’, da bideoak bukaeran dakarren aldarria.