Arnaitz Gorriti

Kalitateaz eta sufritzen jakinda lortu du Araskik ligako aurreneko garaipena (67-62)

Benbibre aurkari gogaikarria izan da gasteiztarrentzat, baina Holopainenen maila onak zein azken minutuetako defentsako lanak merezitako saria eman dio Made Urietaren taldeari. IDK Euskotrenek 62-68 galdu du Clarison Teneriferen aurka.

Annika Holopainenek maskara erantzi du eta saskirako bidea aurkitu du.
Annika Holopainenek maskara erantzi du eta saskirako bidea aurkitu du. (Idoia ZABALETA | FOKU)

KUTXABANK ARASKI 67 - BENBIBRE 62

Ligako estreinaldi bikain askoa eman dio Kutxabank Araskik Benbibreren aurka, nahiz eta aurreneko saskiratzea Roselis Silva antolatzaile venezuelarrak –Kutxabank Araskiko jokalari ohia bera– sartu, gasteiztarrek erdi lo ekin diotelako norgehiagokari. Momenturik onenetan, Annika Holopainen inspiratuta egon delarik batik bat, kalitate handia erakutsi dute gasteiztarrek, baina azken minutuetan, sufritzea egokitu denean, hortan ere badakiela erakutsi du talde gasteiztarrak. Iaz ez bezala, denboraldia irribarre batekin hasi du Made Urietaren taldeak.

Berehala esnatu dira, alabaina, eta 10-0eko partzial batekin erantzun dute. Asurmendi eta Holopainen kanpoko jaurtiketan oso fin hasi dira eta hala, Madelen Urietarenak aldea hartzeko kapaz izan dira. Hegal-pibot finlandiarrak 9 puntu saskiratu ditu aurreneko laurdenean, baina ez da nahikoa izan alde handirik ateratzeko, dena den. Whalen, Benbibreko jokalari onenak, berehala berotu du berak ere eskumuturra, eta Austin pibot estatubatuarra sartu denez geroztik, Bierzoko taldeak erasoko errebotean min handia eman dio Kutxabank Araskiri. Hala, aurreneko laurdena 21-17 amaitu da etxekoen alde.

Aurreneko laurdenaren bide beretik ekin dio bigarrenak ere; hau da, Txell Alarcon eta Flor Chagasen eskutik 7-3ko partziala lortu dute gasteiztarrek, eta hori gutxi balitz, Maria Asurmendik Holopaineni «oparitu» dion asistentziaren ostean, hamar puntuko aldea lortu dut Made Urietarenek: 30-20. Tamalez, zoru gainean ezarritako publizitatea kendu egin behar izan dute Mendizorrotzako langileek jokalariek minik ez hartzeko, eta denbora tarte horretan apur bat hoztu egin dira gasteiztarrak, eta ez dira gai izan alde hori handitzeko.

Benbibre bera ere ez da kapaz izan alde hori murrizteko eta hala, hamar puntuko desoreka horretan jokatu dituzte aurreneko erdiko azken minutuak. Bierzokoen artean Helena Lopez antolatzaileak eman ditu minuturik onenak, baina Tanaya Atkinsonek erreboteetan egin duen ekarpenak eta Flor Chagasek atsedenaldiaren aurreko azken segunduan sartu duen hirukoak Kutxabank Araskiren aldea sendo mantendu dute: 41-33.

Sokatira betean

Ezin partida hautsi Kutxabank Araskik, baina Benbibrek ere ezin talde gasteiztarra harrapatu; sokatira betean aritu dira talde biak hirugarren laurdenean, aurkariari partzial txikiak sartzen asmatu dute biek ala biek. Zentzu horretan, egundoko buruki minak eman ditu Helena Lopezek eta markagailua 52-43 egotetik 52-50era eramajn du Benbibreko antolatzaileak, ainhoa Lacorzana hegalekoaren laguntzaz.

Esan bezala, talde baten ahaleginak aurkariaren berehalako erantzuna aurkitu du. Maria Asurmendi eta Natalie Van den Adel azaldu dira hirugarren laurdenaren azken aldera, eta bien arteasn 7-2ko partziala erdietsi dute. Horrez gain, Diarra pibota kantxara sartzeaz bat errebotean askoz ere sendoago jokatu du Kutxabank Araskik. Hala, hutsegiteak hutsegite, neurketa 59-52 dela iritsi da azken hamar minutuetara.

Markagailua ez da asko mugitu azken laurdeneko aurreneko minutuetan, baina azken emaitza gasteiztarren aldekoa izateko traza hartzen hasi da, beste gauza askoren artean Benbibreko jokalariei faltak ateratzen asmatu dutelako eta errebotean tarteka erakutsi duten ahultasuna sendotu duelako.

Noski, tarteka saskiratzeren bat ere sartu behar da eta Holopainenen hirugarren hirukoak 66-56 aurreratu du Kutxabank Araski, partida amaitzeko bost minuturen faltan. Alabaina, sokatira ez da hor amaitu, arabarrek neurketa hausteko aukera pare bat galdu baitituzte eta, ordainetan, Helena Lopezek Benbibre 66-62 hurbildu du markagailuan.

Azken minutuetan puntu bakarra sartu dute talde biek, Flor Chagasek baliatu duen falta tekniko bat, hondoko marra zapaldu baitu Whalen Benbibreko jokalariak uztaipetik ateratzen ari zela antolatzaile argentinarra. Neurketa erabakita uzteko pare bat aukera garbi galdu ditu Txell Alarcon gazteak, baina Kutxabank Araskik egin duen defentsako lan zorrotzak denboraldiko aurreneko garaipena bermatu du.

Araski: Asurmendi (10), Tanaya Atkinson (10), Anikka Holopainen (17), Van den Adel (7) eta Diarra (9) –hasierako bostekoa–, Flor Chagas (9), Paola Burani () eta Txell Alarcon (5).

Benbibre: Roselis Silva (4), Ana Palma (3), Helena Lopez (20), Whalen (10) eta Aijanen (3) –hasierako bostekoa–, Austin (7), Westerik (5), Lacorzana (6), Dubniuk (4), Pirttinen eta Moya.

Partzialak: 21-17, 20-16, 18-19, 8-10.

Epaileak: Langa de Martin, Camaño Muñoz eta Calvo Aceña. Egotzitakorik gabe.

Gorabeherak: Endesa Ligako bigarren jardunaldiko partida, Kutxabank Araskirentzat aurrenekoa, lehenengo jardunaldiko euskal derbia, Loiontek Gernika Bizkaiaren aurka hilaren 19ra arte atzeratu baita. Partidak etenaldi batzuek izan ditu zoruko publizitatearekin izandako arazoen erruz.

Liga hasiera okerra IDK Euskotrenentzat

IDK EUSKOTREN 62 - CLARINOS TENERIFE 68

2022/23 denboraldiari dagokion Emakumeen Endesa Liga oker hasi du IDK Euskotrenek, bistan denez. Aurreneko jardunaldian Benbibreren aurka ezustean 66-56 galdu zuten eta asteazken eguerdian Josean Gasca pabilioian jokatu duten aurreneko jardunaldian ere ezin izan dute bururik altxa.

Aurreneko erdi oso txarra egin dute gipuzkoarren Clarinos Teneriferen aurka, eta 17 puntuz ere galtzea egokitu zaie. Bigarren erdian, zonakako defentsari esker eta Coulibalyren puntuei Joy Adamsenak ere erantsita, aldea murriztu eta 60-59 aurreratzeko kapaz izan dira, baina Coulibalyri bosgarren falta adierazi ostean, 2-9ko partziala jaso du etxeko taldeak eta ez dira markagailua berriro iraultzeko gai izan.

Gogoan izan behar da pasa den denboraldian Clarinos Tenerifek maila galdu zuela eta aurten ere Emakumeen Endesa Ligan jokatzen ari baldin bada, Logroñoko Campus Prometek maila gorenean jarraitzeari uko egin diolako dela. Hau da, IDK Euskotrenek talde ona dauka, Clarison Tenerifek iaz –eta aurten– zuen bezala. Kanariarrek ere oker ekin zioten urteari eta gero ez ziren sasoia zuzentzeko gai izan. Bada, oraindik larritzeko arrazoirik ez badago ere, hobe dute donostiarrek egindako akatsak identifikatu eta ahal bait arinen zuzendu.

Coulibaly, oso bakarrik

Gauzak lehenengo momentutik okertu zaizkio talde donostiarrari. Egia da Marian Coulibalyk erraz asko aurkitu duela saskirako bidean, baina era berean, IDK Euskotrenen defentsak erraztasun asko eman dizkio Tenerifeko taldeari kontrako aldean erantzun ahal izateko.

Horrez gain, aurreneko jardunaldian gertatu zitzaion antzera, Azu Muguruzaren taldeak ez du bigarren saskiratzailerik aurkitu eta hala, Coulibalyk atsedena hartu edo bolada txarra pasa duen uneetan, kanpoko taldeak markagailuan aldea hartu du. Hasteko, Kai James erraldoia eta Krivacevic hegal-pibotaren bitartez, aurreneko laurdena 14-21 eramateko, eta bigarrena hasi berritan, Izaskun Garcia Urlezagaren ekimenez, hamar puntutik gorako aldea hartu du Clarinos Tenerifek.

Zazpi puntu sartu ditu jarraian Muxikako antolatzaileak, Nicole Cardaño donostiarren jokoaren gidari behar zuenaren gainetik pasatuz, hala erasoan nola defentsan. Nolabait erantzun behar, eta Azu Muguruzarenak hirukoen bitartez saiatu dira alde hori murrizten, baina 13 saiakera behar izan dituzten bakarra asmatzeko –azkenean, 21 saiakeratik bi baizik ez dituzte asmatu–. Ane Esnal izan da donostiarren aurreneko hirukoa –lehenengo erdian saskiratu duen bakarra– sartu duena. Azu Muguruzaren errotazioan bederatzigarren jokalaria izan da antolatzaile donostiarra, eta eskerrak horri, Coulibalyk hirugarren falta egin ostean bere sei puntuek eutsi baitiote nolabait IDK Euskotreni. Atsedenaldira iritsi aurretik 17 puntu atzetik ere izan da etxeko taldea eta, bada, aurreneko erdiaren amaieran markagailua 29-42 izatea ia gaitzerdi izan dela onartu beharko.

Erasoko falten kondena

Beharrak eraginda, askoz maila hobea erakutsi dute Azu Muguruzarenek aldageletatik bueltan. 2-3 zonakako defentsa eta buruz burukoa tartekatu dituzte eta batez ere Ocete eta Izaskun Garciari jokoa sortzea eragotzi diete; horrez gain, Kai James Tenerifekoen pibotari uztaipean ez diote jokatzen utzi eta bospasei metrotako jaurtiketak egiten laga diote bakarrik.

Pixkanaka aldea murriztea lortu dute etxekoek, nahiz eta Krivacevic serbiarrak beti aurkitu duen saskirako bidea. Coulibalyk bezala, Tenerifekoen jokalari zorrotzenak ere 22 puntu erdietsi ditu, baina ia beste taldekiderik ez zaio gehitu bere etorriari eta, aldiz, aurreneko erdian ez bezala, Joy Adamsek bere barneraldien esker puntu errazak lortu ditu. Bestetik, nahiz eta kanariarrek sei jaurtiketa libre hutsegin, Coulibaly eta donostiarrekin debuta egin duen Ivana Raca launa pertsonalekin iritsi dira azken hamar minutuetara.

Dena dela, azken laurdena partida bizi-bizirik dela hasi da, emaitza 51-56ekoa baitzen. Eta ezin hobeto hasi da etxekoentzat, 9-3ko partziala erdietsi ostean 60-59 aurreratu baitira, 6-4koaz geroztik lehenengo aldiz.

Tamalez, hurrengo bi jokaldietan erabaki da neurketa. Hasteko, Palenikova hegaleko eslovakiarrak hiruko bati esker berriz ere aurretik jarri du Clarinos Tenerife eta segidan, blokeoan falta egin duela ebatzita, epaileek Coulibalyri bosgarren falta adierazi diote.

Handik aurrera nahi eta ezin aritu dira Azu Muguruzarenak, eta 2-9ko partziala «irentsi» behar izan dute, Kai Jones, Palenikova eta Krivacevicen bitartez. Bada, bi partida baino ez ditu jokatu IDK Euskotrenek, baina teorian ahulagoak diren aurkarien kontra galtzea beti da kezkagarria, dinamika txarrean erortzeko arriskua handitzen baitu.

IDK Euskotren: Yurena Diaz (10), Joy Adams (12), Kadri Ann Lass (5), Natalia Rodriguez (4) eta Coulibaly (22) –hasierako bostekoa–, Maria España (3), Ane Esnal (6), Ivana Raca, Nicole Cardaño eta Cristina Soriano.

Tenerife: Gaby Ocete (2), Sheppard (5), Raksanyi (10), Krivacevic (22) eta Kai James (9), –hasierako bostekoa–, Izaskun G. Urlezaga (7), Davis (4), Palenikova (5), Iho López (2), Delic (2) eta Montenegro.

Partzialak: 14-21, 15-21, 22-14, 11-12.

Epaileak: Mas Cagide, Marqueta Gracia eta Sastre del Rio. Bost faltarekin IDK Euskotreneko Coulibaly egotzi dute.

Gorabeherak: Endesa Ligako bigarren jardunaldia Josean Gasca pabilioian. Ivana Raca serbiarrak debuta egin du donostiarrekin.