Manex Altuna

Muniain eta De Marcos, belaunaldi oparo baten ikur eta marka guztiak gainditzen

30 urte egin gabe dituen arren, kapitain zuri-gorria klubaren historian partida gehien jokatu dituen bosgarren futbolaria bilakatuko da jardunaldi honetan. Arabarra aldiz, lehen hamarren artean dago ranking hortan eta minutu guztiak jokatu ditu liga hasieran.

Muniain eta De Marcos arabarrak egindako gol bat ospatzen San Mamesen.
Muniain eta De Marcos arabarrak egindako gol bat ospatzen San Mamesen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Iker Muniainek eta Oscar De Marcosek hamalau denboraldi daramatzate Athleticen. 2009ko Kopako finaletik aurrera klubean gertatu zen paradigma aldaketaren lekuko izan dira. 80. hamarkadako tituluen ostean, 24 urte luzez itxaron behar izan zuten zale zuri-gorriek taldea berriro ere final batean lehiatzen ikusteko. Caparrosek zuzentzen zituen jokalariek lortutakoa mugarria izan zen eta geroztik txapelketa ezberdinetako beste bederatzi finaletara iritsi dira. Bi Superkopa irabazi dituzte 2015ean eta 2021ean eta, azken bost urteetan sailkatzea lortu ez duten arren, Europan ere sarri lehiatu dira.

Aipatutako 2009ko uda hartan, Superkopako finala ospatu aurretik egin zuten debuta entrenatzaile andaluziarraren eskutik De Marcosek eta Muniainek. Europan jokatu zituzten lehen minutuak eta lehen golak ere sartu zituzten. 16 urte besterik ez zituen nafarrak eta arabarrak 20 zituen dagoeneko. Belaunaldi baten ikurrak dira eta ibilbide oparoa izan dute, lesio larriak gainditu behar izan dituzten arren. Muniainek bi aldiz hautsi zuen belauna eta De Marcosek orkatilarekin arazoak izan ditu.

Arabarra erretiroa hartzeko zorian izan da azken denboraldietan. Zalantzak izan dituela onartu izan du. Hala ere, urtez urte berritzeko hautua egin du eta Valverderentzak ezinbestekoa da hamaikakoetan. Unai Simonekin batera, minutu guztiak jokatu dituen jokalari bakarra da liga hasiera honetan. Lehia handia dago eskuin hegalean, baina De Marcosek aurre hartu die taldekideei. Petxarroman utzita joan da, Capak partida bakar batean parte hartu du eta Lekue defentsaren ezkerraldean ari da jokatzen.

Dagoeneko 464 partida daramatza talde zuri-gorriarekin eta norgehiagoka gehien jokatu dituen bederatzigarren futbolaria da 33 urterekin. 17 denboralditan 483 partida jokatu zituen Orue eta 21 denboralditan 496 jokatu zituen Gainza ditu aurretik klubaren ranking historikoan.

Muniain eta De Marcos, Adurizen alboan, Lezaman egindako entrenamendu batean 2016an. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Muniain eta De Marcos, Adurizen alboan, Lezaman egindako entrenamendu batean 2016an. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Iker Muniain da hurrengoa. Berdinduta dago Markel Susaetarekin 507 partidatan parte hartu ostean. Jardunaldi honetan gaindituko du eibartarra eta partida gehien jokatu dituen bosgarren jokalaria bilakatuko da. 30 urte egingo ditu abenduan eta iruindarrak marka guztiak apurtu ditzake. Eskura dauka podiumean sartzea. Andoni Iraola dauka aurretik 510 partidarekin eta Joseba Etxeberriak 514 jokatu zituen. Txetxu Rojo dago bigarren postuan 541 partidarekin eta Iribar da lehena 614rekin.

Urrun geratzen da atezainaren marka. 2024an amaitzen zaio kontratua Muniaini. Etete klausularik gabe sinatzen lehena izan zen eta jokalari garrantzitsua izaten jarraitzen du taldearentzat. Valverdek hasierako hamaikakoan sartu du liga hasierako partida guztietan eta bere tokia aurkitu dio zelaian. Sanceten alboan jarri du eta Athleticek erasoari begira eman duen aurrera pausuaren erantzule nagusienetako bat da.

Lekueren aldarrikapena, Gaztedi eta Camp Nou

Mikel Balenziagak De Marcosen eta Muniainen aurretik jokatu zuen bere lehen partida Athleticekin. 2008an izan zen. Gero utzita aritu zen Numantzian eta Valladoliden hiru denboralditan. 2013an itzuli zen Valverderekin batera. Entrenatzaile gasteiztarraren konfiantzazko jokalaria izan da, baina aurten ez du izan inolako aukerarik. Yuri bezala lesionaturik egon da eta Lekuek maila bikaina eman du ezker hegalean. Radio Euskadiko Kirol Gaua saioan elkarrizketatu zuten bart gauean deustuarra eta eskuinetik edo ezkerretik aritzeko gaitasuna daukala berretsi zuen. Lekue pozik agertu zen taldea egiten ari den liga hasiera onarekin eta Valverderen lana goraipatu zuen. Aldi berean, Marcelinorekin egindako aurreko denboraldian ere talde sendoa zirela aipatu zuen.

Atletico Madrilen aurkako partidari begira, giro berezia egongo dela harmailetan sinetsita dago Lekue eta San Mamesen babesturik sentitzen direla esan zuen. Larunbat gaueko norgehiagoka prestatzen jarraitzen du Athleticek Lezaman. De Marcosek bere kabuz burutu du entrenamendua. Orain dela aste batzuk ere erritmoa pixkat jeitsi zuen lan saioetan, baina jokatzeko prest egon zen Almeriaren aurka. Sevillaren kontra txartel gorria ikusi ostean, Ander Herrera da jokatzeko moduan ez dagoen bakarra. Azken asteetan lesionaturik izan diren Yuri eta Vivian ere taldekideekin batera aritu dira entrenatzen.

Bestalde, Laukizko Gaztedi sokatira taldeak egingo du ohorezko sakea partida atarian. Munduko txapelketa irabazi zuten Herbereetan. Poloniako futbol federazioko ordezkariak Lezaman izan dira harrobian egiten den lana ikusteko eta Bartzelonak 162 sarrera bidali dizkio klubari urriaren 23an Camp Noun jokatuko den partidarako.