Txupinazoa eguazten honetan, arratsaldeko zazpiretan, botako dute Marisa Barrenak eta Amparo Ereñagak, bizitza osoa berdintasunari eta euskaltzaletasunari eskaini dioten bi emakumek. Bi ordu lehenago, ordea, kuadrillek beren kontzentrazioari emango diote hasiera San Fausto auzoan. Aurten lehenbiziko aldiz, Pantxikotxuk eta Pantxikek elkarrekin biziko dute txupinazoa. Horretarako, kuadrillen kalejirak Patxikotxu San Fausto auzotik Udaletxera eramango du, eta bidean Pantxike txosnaguneko ikurrarekin bat egingo du Udaletxera iritsi arte.
Txosna batzordeak, bere aldetik, egun bat lehenago hasi ditu jaiak eta asteartean, kalejira, txupinazoa eta kontzertuak ospatu dituzte txosnagunean.
Eguenean, urriak 13, San Fausto egun handia ospatuko dute durangarrek eta egun horretarako –baita jai guztietarako ere– Udalak dei egin die herritarrei Durangoko jantzi tradizionala janzteko (alkondara zuria eta gona edo praka urdinak). Eguneko ekitaldirik nagusienak paella txapelketa, haur eta gaztetxoentzako jolasak eta iluntzeko "Talent Show" lehiaketa izango dira.
Hortik aurrera, sanfaustoak bi asteburutan luzatuko dira, eta egitarauan ez dira faltako kontzertuak, bertsolarien emanaldiak, kale ikuskizunak, Sukalki txapelketa, zezen txikiak eta herri bazkariak, beste ekitaldi askoren artean. Urriaren 22an, zapatua, mozorro eguna ospatuko dute eta jaien amaiera urriaren 23an izango da, tren-kotxera zaharretatik botako dituzten su artifizialekin.
Musika arloari dagokionez, estilo eta gustu desberdinetako emanaldiak izango dira aurtengo jaietan. Horrela, aipatzekoak dira Dientes de Luna eta Egan (urriak 12); Kai Nakai (urriak 13); Motxaila elektrotxaranga, Ainke eta Alerta herriko taldeak eta Gansos Rosas (urriak 14); Golden Apple Quartet, Azabache Orkestra eta Zea Mays (urriak 15); Zirkinik Bez eta Luhartz (urriak 16): Durangoko abesbatzak, Bart Sax eta La Casa Azul (urriak 21); Diamante Orkestra (urriak 22); eta Mariatxi Internacional de Mexiko, Irulitza fanfarrea eta Tabira Musika Banda (urriak 23).
Txosnaguneko egitarauan, nabarmentzekoak dira honako emanaldiak: DJ maratoi herrikoa (urriak 12); Añube, Vulk eta Los Zopilotes Txirriaos (urriak 14); DJ Hija del Nopal eta DJ Txillardegi (urriak 15); Peio eta itsua, J Martina eta Merina Gris (urriak 21); eta DJ Reimy eta Beñat eta Maixa (urriak 22).
Durangoko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Opticalia, Durangoko Udala