Iraitz Mateo

Alberto Ladronek bere azken eleberria argitaratu du, ‘Ilunpeko zelataria’

Alberto Ladronek bere ohiko estiloari jarraiki misteriozko eleberria argitaratu du Elkar argitaletxearekin. 1948an Iruñean kokatuta dago argumentua, eta hamabi urteko bi gazte dira protagonistak

Alberto Ladron idazlea, bere azken eleberria aurkezten.
Alberto Ladron idazlea, bere azken eleberria aurkezten. (Gorka Rubio | FOKU)

1948ko Gabonak, Iruñeko hildakoen monumentua eraikuntza lanetan eta bi gazte hari begira. Hori da Alberto Ladronen ‘Ilunpeko zelataria’ azken eleberriak azalean jasotzen duen eszenatokia. Bertatik abiatu da idazlea ia 400 orrialde dituen misteriozko thrillerra korapilatzen, bere ohiko estiloan baina ezberdintasun batekin: fantasiazko ukitu nabarmena.

Xabier Mendiguren editorearen ondoan aurkeztu du idazleak bere azken lana, Donostian. Mendigurenek azaldu du horrelako eleberri batek dokumentazio eta planifikazio lan handia eskatzen duela. Izan ere, gertaerak pentsatu, harilkatu, koherentzia eman... eta horri liburu osoari eutsi behar zaio.

Kontakizuna gerraostean kokatuta dago, panorama ilunean, baina idazlearen esanetan protagonista izango diren Iñigo eta Jokintxo gazteak ez daude bereziki kezkatuta. Erabat familia ezberdinetatik datozen bi gazte dira pertsonaia nagusiak, bata gerrako irabazleen kasta aberatsekoa eta galtzaileen semea bestea; abenturarako grinak eta zinemarako zaletasunak batzen ditu. Espero ez duten amesgaizto bat biziko dute, ordea: musuzapi bat aurkituko du Iñigok zineman. Bahitutako neska batena denaren bihozkada sumatu, eta bere bila abiatuko da bi lagunen abentura ilun eta korapilatsua.

Abentura, misterioa, umorea eta fantasiazko elementu batzuk nahasiko dira liburuan zehar. Fantasiazko ukitua da orainarteko Ladronen beste eleberrietatik gehien ezberdintzen duena. «Fantasia dosia kontrolpean mantentzea izan da gehien kostatu zaidana», aitortu du idazleak. Bere iritziz «tentuz» sartu behar baitira fantasiazko elementuak, «irakurleari sinesgarritasuna transmititu eta errealitate dosi bat» eman behar baitzaio. Fantasiazko pasarteak idazten nola sentitu den galdetuta, «libreago» sentitu dela adierazi du Ladronek, aspalditik zuela gogoa horrelako elementuekin «esperimentatzeko».

Ladronen ohiko marka diren ezaugarriak sumatuko ditu irakurleak: ekintza ugari, solas biziak, jakin-min eutsiezina, suspentsea eta erritmoa. Giro politiko nahasian kokatuta dago eleberria eta Mendiguren editoreak adierazi du idazlearen pentsamoldea sumatu daitekeela, zuzenean esaten ez badu ere. «Politikaz zuzenean hitz egiten ez badut ere, nabari dira pertsonaien apatiak eta sinpatiak», azaldu du idazleak.

Asiain inspektoreari etena

Leire Asiain Foruzaingoko inspektoreari deskantsua eman dio eleberri honetan. Ladronen irakurle fidelenek jakingo duten bezala, bere azken liburuetako protagonista Asiain inspektorea izan da. Liburu honetarako ezin zuela pertsonaia horrekin jarraitu adierazi du idazleak: «Fantasiarekin esperimentatzeko ez zen sinesgarria orainarteko Leireren ibilbidea». Hala ere, aitortu du aurrerago idatziko dituen eleberrietatik ez dela Foruzain inspektorea desagertuko, «pertsonaiak bizi luzea du oraindik». Arrakasta izan duen protagonista dela uste du Ladronek, izaera interesgarria duela eta «oraindik joku asko eman» dezakeela.