NAIZ

EAEko hezkuntza legearen aurreproiektuaren aurkako manifestazioa deitu dute azaroaren 5ean

Azaroaren 5ean manifestazioa deitu du Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Bilbon, Lakuako Gobernuak onartu nahi duen Hezkuntza Lege berriaren aurka. Horren aurrean, sare publikoa sendotzea eta handitzea defendatzen du, «hezkuntza komunitatearen parte-hartzean oinarrituz».

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren prentsaurrekoa azaroaren 5etko mobilizazioaren berri emateko.
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren prentsaurrekoa azaroaren 5etko mobilizazioaren berri emateko. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ostegun honetan Bilboko La Bolsa eraikinean egindako prentsaurreko baten bitartez, Lakuako Gobernuak onartu nahi duen EAEko Hezkuntza Lege berriaren kontra agertu da Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma, eta manifestazioa deitu du azaroaren 5erako «Eskola publikoaren alde. Hezkuntza lege honi ez!» lelopean.

Irailaren 14an ezagutu zen lege berriaren aurreproiektua, eta plataformarentzat «sare publikoaren alde zenbait adierazpen jasotzen dituen arren, bere beharrei erantzun egokirik eman gabe jarraitzen du».

«Aldi berean, sare pribatuaren aldeko neurriak etengabe hartzen ari da Hezkuntza Sailak azken hilabeteetan dekretu eta aginduen bidez: egungo hezkuntza-ituna berritzeko eta luzatzeko agindua datozen sei ikasturteetarako onartu du, jaiotza-tasa jaisteko aurreikuspena egon arren; plangintza-dekretuaren zirriborroak talde edo ikasgela bat osatzeko gutxieneko ratioa murrizten du ikastetxe pribatu-itunduetan, eta ikastetxe publiko ugariren fusioa edota desagertzea aurreikusten du; itunpeko moduluak aldatu dituzte, ikastetxe itunduen finantzaketa ekonomikoki handituz (irakasleen moduluak % 6 inguru, ikasgelako moduluak, Haur Hezkuntzako 2. ziklotik Batxilergora, %+8,5; eta mantentze-moduluak %25), eta 2 urteko gelak ituntze-sistemaren barruan txertatu ditu», gaineratu dute Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako bozeramaileek.

Lege berriari dagokionez, aurreproiektuak sortzen duen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa izeneko kontzertu berria kritikatu du plataformak: «Zerbitzu hori ikastetxe publikoen eta pribatu-itunduen bidez emango dela dio, eta ondorioztatzen du bi ikastetxe motei dagokiela finantzaketa bera. Honek argi eta garbi adierazten du ez dela erraztuko Eskola publikoaren hazkundea eta ez zaiola lehentasun-traturik emango».

Plataforma osatzen duten eragileek bestelako hezkuntza sistema bat aldarrikatu dute, «eskola publikoa hezkuntza-sistemaren benetako ardatz gisa hartu eta, gizarte-kohesiorako eta berdintasunezko hezkuntza euskaldun bat lortuko duena».

Proposamenak

Bide horretatik, sare publikoa sendotzea eta handitzen proposatzen dute. Horretarako, «zentzuzko planifikazioa» egin behar dela diote, «eskola plazen eskaintza errealitatea egokitu eta sare pribatuaren gehiegiko eskaintza ez itundu; sare publikoari beharrezkoak dituen baliabide guztiak eman eta publifikazio bideak zabaldu sare honen parte izan nahi duten ikastetxeentzat».

Gainera ikasleen euskalduntzean «erreferente» izaten jarraituko duen eskola publikoa nahi dute. Aitzitik, aurreproiektuak hezkuntzak euskararen eta euskal kulturaren garapenaren bermatzaile gisa duen zeregina ez duela indartzen salatu dute.

«Ez dira gainditzen hizkuntza-ereduak eta ez da jasotzen murgiltze eredua, ezta euskal curriculuma ere. Irteera profilak zehazten dituen arren, ez da argitzen nola lortuko duten euskarazko B2 maila ikasle guztiek», gaineratu dute.

Azkenik, azpimarratu dute egungo hezkuntza sistema publiko-pribatu dualak ez duela kohesioa bermatzen eta kritikatu dute aurreproiektuan «ez dela inolako asmorik adierazten sare pribatuaren presentzia murrizteko».

Hori dela eta, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak dei egin du azaroaren 5ean, 17:30etan, Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera, «Euskal Eskola Publikoaren alde egin eta Lege honi ezezko borobila emateko».