NAIZ
Gasteiz

Lanuztea egin dute Laminaciones Arreguin, duela 13 urtetik hitzarmenik gabe daudela salatzeko

Gasteizko Laminaciones Arregui-Celsa Atlantic enpresako langileek mobilizazioak hasi dituzte, duela hamahiru urtetik lan hitzarmenik gabe daudela salatzeko. Kontzentrazioa egin dute Lan Harremanen Kontseiluan.

Laminaciones Arreguiko langileek elkarretaratzea egin dute Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzaren aurrean.
Laminaciones Arreguiko langileek elkarretaratzea egin dute Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzaren aurrean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gasteizko Laminaciones Arregui-Celsa Atlantic enpresako langileek bi orduko lanuztea egin dute ostegun honetan eta Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean kontzentratu dira, bertan deitua zuten adiskidetze ekitaldiaren karira.

Enpresa batzordeak ohar batean azaldu duenez, Laminaciones Arreguin 2006an sinatu zuten azken lan hitzarmena eta haren indarraldia 2009an iraungi zen. Beraz, hamahiru urte daramatzate hitzarmenik gabe. 

2012tik lau enplegu-erregulazio espediente edo «kaleratze kolektibo» aplikatu ditu zuzendaritzak, epaitegiek atzera bota dituztenak, eta sei aldi baterako lan-erregulazio espediente. «Gaur egun aplikatzen ari den hauetariko azkena epaiketaren zain dago», batzordeak gogora ekarri duenez. «Argi dago aldi baterako lan-erregulazioen aplikazioarekin langileak enpresa finantzatzen aritu direla langabezia prestazioen bidez», salatu du.

Horretaz gain, 2009tik soldatak izoztuta izateak dakarren erosteko ahalmenaren galera «izugarria» izan da, langileen ordezkarien arabera. Azaldu dutenez, azkenaldian, langileen ordezkariek «etengabe» eskatu diote enpresari 2009an irabazitakoa ordezkatuko zuen hitzarmen bat negoziatzea. Egungo egoeran, egoera «bereziki larria» dela deritzote. «Dagoeneko penagarria bada soldatak 13 urtez izoztuta egotea, egoera jasanezina da 2021, 2022 eta 2023 urteetan jasango diren inflazioekin. Urteetan zehar langileria izan da Laminaciones Arreguin karga jasan duena, orain inoiz baino gehiago, baldintza duinekin eta soldata eguneratze onargarriarekin konpentsatzeko garaia da», aldarrikatu dute.

Batzordeak dioenez, zuzendaritzaren azken proposamenak «aurrez eskainitakoa okertzen zuen eta, batzarrean eztabaidatu eta enpresaren jarrera baztertu ondoren, beste data bat eskatu zen negoziazioekin jarraitzeko». Eskaera horrek ez zuenez erantzunik jaso, langileek ostegun honetan egin den adiskidetze ekitaldia eskatu zuten Lan Harremanen Kontseiluan.

Sindikatuek ohartarazi dutenez, lanuzteak egiten jarraituko dute «Laminaciones Arregui osatzen dugunok, behingoz, lan baldintza duinak lor ditzagun».