Maite Ubiria

Bost zinegotzi abertzaleek ere udal gobernua utzi dute Senperen

Dominique Idiart Senpereko auzapeza buru duen udal Gobernua kinka larrian dago. Iragan astean bere taldeko bost hautetsik dimisioa eman ondoren, oraingoan 2020ko bozetarako erdietsitako akordioari esker gehiengoa osatu zuten Senpere Bai talde abertzaleko bost hautetsik dimisioa eman dute.

Dominique Idiartek abertzaleekin osatu zuen zerrendak Elgarrekin Senperentzat izena hartu zuen.
Dominique Idiartek abertzaleekin osatu zuen zerrendak Elgarrekin Senperentzat izena hartu zuen. (Bob EDME)

Senpere Bai talde abertzaleak oharra plazaratu du ostiral honetan, lehenik eta behin bere bost zinegotzik -Christophe Jaureguy, Amaia Gobet, Camille Fourt, Christine Artola eta Franck Doratcague- udal taldea uzteko harturiko hautua ez dela «presaren eraginez» harturiko erabakia argitzeko.

Komunikatu horretan talde abertzaleak azaldu duenez, «erabaki hori hartzea zaila izan da, baina luzaz gogoetatua eta herri kudeaketari eta langileen kudeaketari buruz ditugun desadostasunek baita gure zerrenda-kideen azkenaldiko dimisioek horretara eraman gaituzte».

Senpere Bai herritarrei zuzendu zaie ondoren, udal Gobernua uztera eraman dituen ezadostasunak «konponezinak direla» argi uzteko.

«Etorkizuneko proiektuak gauzatzeko esperantzak bultzatu eta akuilatu» zituela taldea 2020ko herri bozetako bigarren itzuliari begira Dominique Idiart auzapeza buru duen taldearekin akordioa izenpetzeko adierazi du talde abertzaleak.

Elgarrekin Senperentzat izena hartu zuen hautagaitza amankomun horrek.

Alta, bi urte beranduago, maleruski elkarlan hori ez dela posible izan eta «gogoeta komun baten inguruan borondate falta horrek eragin duela porrota» deitoratu du Senpere Baik.

Hastapenean aukera izan zela hainbat aldaketa egiteko aitortu du taldeak.

Hala nola lan giro berri horrekin lotu du 2017az geroztik Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriako Eskualdeak eta Pirinio Atlantikoen Departamenduak oztopatzen zuten aintzirako urtegiaren obren finantzamendua lortu izana.

Handik aurrera, «jarrera eta egiteko manera batzuk jin direla pixkanaka dinamika horren funditzera» deitoratu du taldeak.

Informazioa nahitara atxikitzea, eztabaida eta gogoeta falta edota ezinegin handia eragin duen udal langileen auziari buruzko kudeaketa baztertzailea, horra hor Senpere Bai taldeak Idiart buru duen udal Gobernutik alde egiteko harturiko erabakia sustatzen duten arrazoietako batzuk.

Herriko Kontseiluan 10 kadira huts

Iragan hilabetean Paxkal Irubetagoyena Haur eta Hezkuntza alorreko zinegotziak dimisioa eman ondoren joan zen asteburuan Idiarten taldeko bertze lau hautetsik Celine Munduteguy, Christine Perugorria, Pierre Faliere eta Nathalie Pourteau Zamora zinegotziek urriaren 6an dimisioa eman zutela jakitera eman zuten joan zen asteburuan senpertarrei helarazitako gutunaren bidez.

Herri kontseilariek gutunean deitoratu zutenez, herriko kontseiluan hautetsi guztiek ez dute berdin proiektuen gogoetan eta eraikuntzan parte hartzen ahal. Haien esanetan, zirkulu hertsian hartzen dira erabakiak eta horrek zeharo gaiztotu du lan giroa.

Hainbat egitasmo ez direlako bete eta hauteskunde programan aurreikusitako oinarrizko azpiegituren obratzea urtetan gibelatuko delako kexu azaldu ziren baita ere.

Gauzak horrela, Dominique Idiartek krisi larriari aurre egin beharko dio. Nahitaez hutsik diren postuak betetzeko ordezkoak bilatu beharko ditu, hauteskundeak errepikatzeko mamua uxatu nahi badu.

Legeak agintzen duenez, hauteskundeak antolatu behar dira berriz ere auzapezak herriko kontseiluko kideen herena edo gehiagoa galtzen duenean. Senpereko kasuan gutxienez hamar eserleku hutsik gelditzen direnean. Hori da gaur gaurkoz Lapurdiko herrian ematen den egoera.