Joseba Salbador Goikoetxea

Hidrogenoaren korridoreak Goierrin du geltokia

Goierri Valley elkarteak estrategikotzat jo ditu hidrogenoari lotutako sektoreak
eta Hidrogenoaren Mahaia osatu du, elementu honen balio katearen inguruan
lanean ari diren enpresak elkartzeko eta negozio aukera berriei bidea zabaltzeko.

Ezkerretik eskuinera: Xabier Perez (Goierri Valley), Jon Auzmendi (Nippon Gases), Aitor Gastañares (CAF), Ignacio Sanchez (Orkli) eta Leire Colomo (AMPO).
Ezkerretik eskuinera: Xabier Perez (Goierri Valley), Jon Auzmendi (Nippon Gases), Aitor Gastañares (CAF), Ignacio Sanchez (Orkli) eta Leire Colomo (AMPO). (Goierri Valley)

Bi urte dira hidrogenoaren euskal korridorea (BH2C) martxan jarri zela. Bertan, erakunde publikoak zein enpresa pribatuak elkarlanean ari dira hidrogenoaren ekonomia hedatze aldera, industria eta garraio prozesuak deskarbonizatzeko ahalmen handiko elementua dela sinetsita.

Korridore horretan Goierriko enpresa batzuek parte hartzen dute eta, gertutasun hori aprobetxatuz, 2021ean Hidrogenoaren Mahaia osatu zuten, Goierri Valley elkartearen laguntzaz.

Elkarteko industria arduraduna den Xabier Perezek azaldu duenez, «Goierri Valley elkartearen filosofia bazkideen arteko elkarlana bultzatzea da. Horretarako hainbat mahai osatu ditugu, eta kasu honetan interesgarria iruditu zitzaigun mugikortasun berriaren eta hidrogenoaren inguruko mahaia eratzea, etorkizuneko sektore estrategikotzat definituta daukagulako».

Zentzu horretan, argi utzi nahi du Goierriko mahaia BH2C euskal korridorearekin «erabat lerrokatuta» dagoela eta mahaia sortzearen arrazoia «eskualdeko enpresen arteko harremana sendotzea» izan dela. Mahairen helburu nagusia, beraz, «enpresa bakoitzak hidrogenoaren inguruan dituen proiektuak partekatzea da: elementu horren aplikazioak nola aurreikusten dituzten azaltzea, euren sektorean hidrogenoa nola posizionatzen ari den azaltzea...».

Sektore desberdinak

Bost izan dira lehen momentu honetan mahaira bildu diren enpresak, denak beren sektoreetan erreferenteak eta mundu mailan oso ezagunak: CAF, Irizar, Orkli, Ampo eta Nippon Gases. Epe ertainean, hala ere, beste batzuk gehituko diren itxaropena dute.

Goierri Valley elkarteko ordezkariak nabarmendu duenez, bost enpresa horiek sektore desberdinetakoak izateak gero eta aberasgarriagoa bihurtzen du mahaia. «Enpresek asko baloratzen dute beste sektoreetan zertan ari diren ikustea, eta ezagutza-partekatze horrek ekarpen handia egiten diela onartzen dute. Hasiera batean sektore desberdinak direla dirudien arren, azken finean dituzten zailtasunak oso antzekoak dira».

Partekatzea ez ezik proiektuak ikusteko aukera ere emango du Hidrogenoaren Mahaiak. Xabier Perezen hitzetan, «prototipo jakin batzuk garatzen diren momentuan, haiek ezagutzera joateko modua sortuko zaigu. Esaterako, CAFek hidrogeno-trenaren prototipoa martxan jarri berri duenez, ikustera joateko aukera edukiko dugu. Nippon Gases enpresa ere hidrogeno berdea sortzen ari da Hernaniko instalazioetan, eta haiek ere ikusiko ditugu».

IRIZAR
Irizarren hidrogenoaren aldeko apustu sendoa egin dute. Hidrogenoaren Euskal Korridorearen asmo handiko helburuekin bat egiteaz gainera, distantzia luzeetan oinarritutako ibilgailu prototipo bat garatzen ari dira; eta, etorkizunera begira, teknologia honetan oinarritutako Irizar gama garatzea da helburua. Irizarren erronka argia da: etorkizuneko mugikortasun iraunkorraren eragile globala bihurtzea.

AMPO
Hidrogenoa biltegiratzea da Ampok dibertsifikaziorako aukeratu duen bidea. Izan ere, Ampok irmoki sinesten du berrikuntza irekiaren bidezko trantsizio energetiko jasangarri batean. Horretarako, teknologia nagusi gisa hidrogenoa egoera guztietan biltegiratzearen aldeko apustua egiten du, ahalmen energetikoa eta segurtasuna eskaintzen duten zenbait soluzio garatuz.

NIPPON GASES
Nippon Gasesen helburu nagusien artean, bezeroengandik hurbil egotea eta deskarbonizazio-prozesuan laguntzea daude. Horregatik, H2a bere prozesuetan hartzeko eta karbono aztarna murrizteko beharrezkoak diren aldaketa teknologikoak bizkortzeko irtenbideak garatzen ari dira. Informazio gehiago, www.carbonneutralworld.com helbidean.

ORKLI
Etxeko tresnetan hidrogenoaren erabilera da momentu honetan dagoen erronka handienetako bat. Orkli azken urteotan hidrogenoaren inguruko proiektuetan murgilduta dabil, eta dagoeneko galdaretan zein gaseko sukaldeetan balioztatzen ari da garapen horiek. Nazioartean azkeneko erakustazoketan Orklik aurkeztutako proiektu berritzaileek onarpen bikaina izan dute.

CAF
CAFen estrategiaren zutabe bat mugikortasun jasangarria da. Bide horretan, lanean dihardu Berrikuntza eta Garapen Teknologian urratsak egiten. Horien artean, hidrogenoan oinarritutako soluzioak garrantzitsuak izango dira etorkizunean, beste teknologien osagarri moduan. Hidrogenoz mugitzeko trenaren garapenean aurrerapauso tinkoak eman dira, eta dagoeneko tren prototipo bat probetan dago trenbidean.