Maitana Aldanondo
Entrevista
Hodei Arzak
Krean ingeniaritza enpresako proiektu zuzendaria

«Kontsumitzaile huts izatetik eragile aktibo izatera pasatzen da herritarra»

Ekiola egitasmoak 2020an abiatu zutenetik orain arte izandako bilakaeraren berri izateko eta halako elkarte energetikoetan parte hartzeak dituen abantailei buruz galdetzeko Krean ingeniaritza enpresako proiektu zuzendari Hodei Arzakekin harremanetan jarri da NAIZ.

Hodei Arzak, Krean ingeniaritza enpresako proiektu zuzendaria.
Hodei Arzak, Krean ingeniaritza enpresako proiektu zuzendaria. (NAIZ)

Martxan jarri zutenean, energiaren prezioak «normalak» ziren, baina orduan ere erantzuna oso ona zen. Igoerarekin sentsibilizazioa handiagotu egin dela nabaritu dute, ez ordea ekonomiagatik soilik, baizik eta jendearen kontzientziazioagatik. Azpeitiko ekiolaren sozializazio prozesua hasi eta sei bat astetan ia 600 familiak eman zuten izena. «Herritarren erantzuna ezin hobea izan da». Aurreratuen dagoen proiektua da hori. Urrian asanblada eratzailea egingo dute kooperatiba bilakatzeko, eta azaroan eraikitze lanei ekingo diete. Martxan jartzea berriz, martxo-apirilerako aurreikusten dute. Laster, jendaurrean aurkeztuko dituzte Leintz Bailarakoa, Mendialdeakoa eta Lautadakoa; eta beste udalerri batzuekin lanean dabiltza baita ere.

Egitasmo hauek «eredu disruptiboak» dira, kontsumitzaile huts izatetik eragile aktibo izatera pasatzen da herritarra. «Gaur egun, energia zein merkaturatzaileri erosi erabaki dezakegu; eredu hori pasiboa da. Guk nahi genuena da herritarrei modu erraz batean sorkuntzan parte hartzeko aukera ematea», zehaztu du Arzakek. Norbera bere kabuz aritu beharrean, inguruko herritarrekin batera aurrera daramate; eta abantaila ekonomikoa ere badu, bitartekaririk gabe, energia sorkuntzaren kostua fakturara eramango baitute. «Horrela, %25-%30eko aurrezkiak lortzen dira ordaintzen denarekiko».

Hala ere, kasuan kasu izaten da. Faktura bakarra erakutsita azken hiru urteetako kontsumo erreala eta teorikoki proiektuak orduz ordu edukiko lukeena gurutzatzen dute norbanako bakoitzak bere kontsumoaren %100 sortu ahal izateko zenbat panel fotovoltaiko beharko lituzkeen eta zer inbertsio dagokion kalkulatzeko.

Azkenik, urtean zenbat ordaintzen duen eta parte hartuta zenbat litzatekeen alderatzen dute. Arzakek ohartarazi duenez, «hori argazki estatiko bat da, ez dakigu prezioen bilakaera nolakoa izango den etorkizunean. Lortzen duguna da sistema elektrikoaren prezioen aldaketekiko menpekotasuna kentzea, kostu egonkor batean sortzen baitugu. Burujabetza energetikoa izateaz aparte, menpekotasun hori ere asko murrizten du».

Edonola, Ekiola bakoitza «erreminta» bat da. Herritarrak dira horren jabe eta egun behar bati erantzuten badio ere, behin eratuta, bere bizitza dauka eta etorkizunean erronka termikoari aurre egiteko oinarri bat da. «Hasierako argazkia baino guretzat garrantzitsuagoa da kooperatibak etorkizunean erantzun diezaiekeela dauzkagun behar ezberdinei», zehaztu du arduradunak.