Cadi La Seuren kantxan jokatu baino ordu gutxi batzuk lehenago jakinarari du IDK Euskotrenek Ivana Raca hegal-pibot serbiarrak ez duela talde donostiarrean jarraituko. «Arrazoi pertsonalak» tarteko, 22 urteko jokalari balkandarrak berak eskatu omen du kontratua etetea eta hala, jokalaria eta kluba akordio batera iritsi dira.
Racak pasa den ekainaren 9an izenpetu zuen kontratua Azu Muguruzak zuzentzen duen taldearekin, Italiako Allianz Geas Sesto San Giovanni taldean joan den denboraldian batez beste 12,4 puntu, 5,6 errebote eta 2 asistentzia erdietsi ostean.
Bere lan ona tarteko, Marina Maljkovic hautatzaileak Sidneyko Munduko Txapelketara eraman zuen pasa den irailaren amaieran eta Serbiako selekzioarekin 7 puntu eta 5 lortu zituen batez beste 26 minutu eta erdi jokatuta, azkenean final-laurdenetan Amerikako Estatu Batuen aurka galdu arren.
Munduko Txapelketan aritu behar izan duelako, denboraldia hasita itzuli da Ivana Raca Donostiara eta hala, partida ofizial bakarra jokatu du Azu Muguruzaren aginduetara: Clarinos Teneriferen aurka joan den asteazkenean donostiarrek 62-68 galdu zutena, hain justu. Serbiarrak oso partida eskasa jokatu zuen: 18 minutu eman zituen kantxan, bere hiru jaurtiketa ahaleginetan kale egin zuen, eta horrez gain bi errebote hartu eta asistentzia bakarra banatu zuen.
Jakina da IDK Euskotrenek Endesa Ligaz gain Eurocupean ere parte hartu behar duela eta, bada, Racaren ordez jokalariren baten bila hasi beharko du lantaldea osatzeko.