Kanboko Tokiko Hirigintza Planaren berrikuspenaren aurka aurkezturiko lehen helegiteak ez zuen ontzat eman Paueko Administrazio Auzitegiak.
Izan ere, Kanboko Marieniako lurren defentsan jarduten duten eragileek ez dute amore emateko asmorik. Lehenik eta behin, helegite berria aurkeztu zuten irailean.
«Dei horri begira fidakor gira, lehen epaiketarako epaileak aitzinatu zituen argumentuak harrigarriak baitira, gure laborantzarentzat ondorioak ez balira hain damugarriak, irrigarriak iduritzen ahal litzaizkigukez, deitoratu zuen Maryse Cachenaut Lurzaindiako ordezkari eta Itsasuko gerezi ekoizleen Xapata elkarteko kideak elkarteek urria hasieran eginiko agerraldian.
Epaileak azaldu zuenez, Marieniako lurrrek laborantzarako duten balorea ez da frogatua, ez baita bermatua Ezpeletako piperra eta Itsasuko gerezien landatzeko balio duenik.
Ezpeletako piperraren sindikatuaren sostengua
Alta, helegiteari begira osatu duten dosierrean Marieniako lurren defentsan ari diren eragileek Ezpeletako piperraren sindikatuaren laguntza ukan dute, baita Xapata elkartearena ere.
Izan ere, ordokia Ezpeletako piperraren AOP eremuaren parte da, eta gaur egun Ossau-Iraty gasna egiteko esnea ekoizten duten ardiak hartzen ditu.
«Marieniaren laborantza balioa ukaezina da», adierazi du Maryse Cachenautek.
Bestalde, CADE elkarteak Bouygues Inmobilier promotoreak galdeturiko eraikuntza baimenaren kontra jo du. Kasuaren instrukzioa abian da oraindik.
Higiezinen promotoreak aurkezturiko proiektuaren arabera, 94 etxebizitza sozial eraikiko dira 4 hektareatan, horietatik 49 alokairuan eta 45 salmentan.
Manifestazioa, urriaren 22an, 10.00etan
Marienia Ez Hunki kolektiboak luzaturiko deiari jarraituz milatik gora herritar bildu ziren iragan apirilaren 23an Kanbon antolaturiko manifestazioan.
Elkarteek borroka segitzeko beharra nabarmendu dute oraingoan eta herritarrei dei egin diete mobilizatzen jarraitzeko.
Hala, hitzordu berri bat eman dute eta urriaren 21etik 23ra Marieniako laborantza lurren okupazioa eginen dute.
Gaur zehaztu dutenez, urriaren 21ean, 12.00tan, iraganen dira muntaketa lanak Marieniako lur eremuan. Urriaren 22an, 10.00tan, berriz manifestazioa eginen dute Kanbon.
Ondoko egunotan mobilizazio berri horren egirau osoa plazaratuko dute.