NAIZ

Memoria Historikoaren hiru gune berri izendatu ditu Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Gobernuak Iruñeko atxilotze zentroetako memoria gunea, Larragako ‘Memoriaren alde’ eskultura eta Iruñean eraildako bizilagunak omentzeko plaka Nafarroako Memoria Historikoaren Gune berri izendatzeko erabakia hartu du.

Joan den apirilean egindako Larraga eta Nafarroako hildako eta emakume errepresaliatuen omenezko ekitaldia.
Joan den apirilean egindako Larraga eta Nafarroako hildako eta emakume errepresaliatuen omenezko ekitaldia. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Foru Gobernuak Nafarroako Memoria Historikoaren hiru gune berri izendatzeko hiru erabaki hartu ditu asteazken honetako bilkuran: Iruñeko atxilotze zentroetako memoria gunea, Larragako ‘Memoriaren alde’ eskultura eta Iruñean eraildako bizilagunak omentzeko plaka.

Nafarroako Memoria Historikoaren Gune bezala aitortzeak dagokion Erregistroan prebentziozko eta behin betiko inskripzioa inplikatzen du eta bere baitan inplizituak dira Nafarroako Memoria Historikoaren Guneetako abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean xedatutako babes erregimenaren aintzatespen berezia nahiz aplikazioa, hala nola erabilera publikoaren edo xede orotarako interes sozialaren adierazpena, nahitaezko desjabetzea eta bide-zorraren erabilera barne.

Monolito eskulturak ‘Memoriaren aldeko’ kondaira dakar, eta bertan inskribatuta azaltzen dira bai Larragaren izena eta bai Erdi Gune honetako bizilagunen hilketak jasan izan zituzten udalerri eta gune guztien izenak: Artaxoa, Bardeak, Etxauri, Faltzes, Ibero, Iruñela, Legarda, Undiano, Bilatorta edo Zizur.

‘Maravillas Larragako Loretxoa’ Larragako Memoria Historikoaren Defentsarako Elkarteak sustatu zuen; bere izena, bortxatua eta eraila izen zen Larragako 14 urteko gazteari dagokio, eta, haren erailketaren krudelkeriagatik, etsaitzat hartu zituztenen aurka altxatu zirenek erabilitako indarkeria basatiaren ikurretako bat da.

Eskultura hau 2012ko apirilaren 28an inauguratu zen Larragako Memoriaren Parkearen erdigunean dago eta 1936ko uztaileko estatu kolpearen ondoren eragindako garbiketa politikoan eraildako udalerriko 46 bizilagunen oroimenez eraikita dago.

Iruñean eraildako bizilagunak omentzeko plaka

1936ko uztailaren 19ko Iruñeko kolpe militarra nagusitu ondoren, berealdiko indarkeria bat sortu zen sektore disidente ororen aurka, zeinen irudikapen nagusi eta tragikoenetako bat aurkaritzat hartutako pertsonen atxiloketa eta erailketa izango zen.

2017an Iruñeko Udalak Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsari eskatutako txostenaren arabera, hiriko 310 herritar bizilagun erailak izan ziren, horietako gehiengo zabala inolako prozedura judizial edo erdi-judizial baten eraginpean jarri gabe. Polizia indarrek edo erreketeen milizia paramilitarrek eta falangistek atxilotu zituzten, eta haien gehiengoa, bere militantzia politiko edo sindikala zela-eta edo besterik gabe bere harrapatzaileen altxamenduarekiko aurkakotasuna leporatuta hil aurretik hiriburuko atxiloketa guneetako batetik pasa omen zen.

Plaka eta monolito hau Iruñeko Udalak jarri zituen 2012ko martxoan, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak sustatutako eta 2011ko irailaren 16an udal osoko bilkuran onartutako mozio bat betearazte aldera, zeinen bidez, pertsona fusilatuen aintzatespen esplizitua eskatzen zen.

Gune hautatua Gazteluko Itzulia izan zen bere sinbolismoagatik, pertsona gehienen erailketa gunea ez izan arren. Monolitoak dakarren plakan irakur daiteke honako inskripzioa: «Iruñeko Udalak eta Iruña hiriak eskainia, 1936an askatasuna eta justizia soziala defendatzeagatik fusilatutako 298 iruindarren omenez».

Iruñeko atxilotze zentroetako memoria gunea

1936ko uztailaren 19ko Iruñeko kolpe militarra nagusitu ondoren, berealdiko indarkeria bat sortu zen sektore disidente ororen aurka, eta bere ondorio nagusienetako bat aurkaritzat hartutako milaka pertsonen atxiloketa eta erailketa izan zen. Iruñean gatibualdirako hamazazpi eremu identifikatu dira, lau kategoriatan sailkatuta: komisaldegiak eta kuartelak, presondegiko unibertsoa, atxiloketarako gune inprobisatuak eta kontzentraziorako unibertsoa. Oraingoz pertsona gatibuen kopuru totala zehaztu ezina bada ere, kalkuluen arabera gutxienez 15.000 eta gehienez 20.000 pertsonakoa lirateke.

Errepresio modalitate honen dimentsio handiak eta bere modu ezberdinen garapenerako erabili izan ziren eremu anitzek bidea eman zioten Nafarroako Institutuari Atxiloketa Zentroen Oroimen baten sorrera proposatzeko; horretarako 2020an artista gazteen arteko lehiaketa bat antolatu zuen, zeinetan Alberto Oderizek aurkeztutako ‘Hipogeo’ proposamena suertatu zen garaile.

Oroimena Iruñeko Udalak emandako eremu batean altxatuta dago, hiriko gatibutasun zentro enblematikoenetako bostetik hurbil: Karlismoaren Gerra Batzordearen behin-behineko atxiloketa guneak Eskolapioen ikastetxean eta Falangekoak Salesiarren ikastetxean; Zezen Plazako eta Mesedetako Komentuko kontzentrazio esparruak; eta udal depositua edo Txakurtegia. Leku horretatik, halaber, Ezkaba mendiko San Kristobal Gotorlekuko presondegia ikus daiteke.