NAIZ

Netflixek inoiz baino harpidedun gehiago ditu: 223 milioi

Milioi bat abonatu lortzeko erronka jarri zuen Netflixek, baina 2,4 milioi lortu ditu hirugarren hiruhileko honetan. Garaipen handia streamingaren liderrarentzat, urtarriletik ekainera harpidedunak gutxitu zirela ikusita muturreko neurriak hartu eta gero.

Netflix plataformak ederki eman die buelta lehen seihilekoko galerei.
Netflix plataformak ederki eman die buelta lehen seihilekoko galerei. (Patrick T. FALLON | AFP)

Harridura sortu du Netflixek; astelehen honetan, merkatua itxi ondoren, orduz kanpo, %14ko irabaziak izan zituen truke elektronikoetan eta 223 milioi kontutara iritsi dela jakinarazi zuen. Inoiz baino harpidedun gehiago ditu enpresak, ederki eman dio buelta urtearen lehenbiziko seihilekoko galerari: 1,2 milioi abonatuk egin zioten ihes urtarriletik ekainera.

221,8 milioi harpidedunekin amaitu zuen 2021a Netflixek. Pandemiak sareko dibertsioaren eskaera izugarri handitu zuen garaiak ziren.

«Lehen seihileko zail baten ondotik, berriro ere hazkunde azkar baten bidean egon gaitezkeela uste dugu», adierazi du Kaliforniako taldeak. Urtea bukatzerako 227,6 milioi abonatu izatera heltzeko helburua jarri du.

Azaroan hilabeteko harpidetza merkeago bat plazaratuko du Netflixek, publizitatearekin, bezero berriak erakartzeko eta irabazi gehiago lortzeko.

Enpresaren emaitza finantzarioek ere merkatuaren aurreikuspenak gainditu dituzte, bereziki ekaina eta iraila bitartean 1,3 milioi dolar garbi irabazi izanak, analistek espero zituzten 966 dolarren ordez. 7.900 milioi dolar fakturatu zituen.

Netflix Euskaraz

Gurean bada ekimen bat, Netflix Euskaraz, enpresari edukiak euskaraz emititzeko eskatzen diona. 2012 eta 2016 urteen artean iritsi zen Netflix estatu espainiar eta frantziarrera; gaur egun, munduko internet bidezko telebista hornitzaile handiena da. Baina ez ditu orain arte euskara eta plataforma honen kontsumitzaile izan daitezkeen 800.000 euskal hiztunak kontuan hartu.

«Netflix gazteleraz eta ingelesez osaturiko serie eta filmen katalogo batekin atera zen, estatu espainiarreko ikus-entzunezko merkatura, hasiera hasieratik; merkatu frantziarrera, era bertsuan: serie eta filmak frantsesez eta ingelesez eskainita», azaltzen du Netflix Euskarazek bere Twitter kontuan. Enpresari egiten dion eskaera babesteko aukera ematen du bertan.

Ekimen hau Pantailak Euskaraz plataforma zabalagoaren barrenean sartzen da, zeinek mota guztietako pantailetan (telebista, zinema, streaming plataforma, sare sozial, bideo joko...) euskararen presentzia biderkatu eta euskaldunon hizkuntz eskubideak errespetatzea eskatzen duen. Egunak darama bere Twitter kontuak itxita, eta sinadurak jasotzen ari dira sare sozialari kontua berrezartzeko eskatzeko.