NAIZ

Gaixorik den Ibon Fernandez Iradi, Lannemezanetik Martutenera, berak eskatuta

Etxetik gertuago jarraituko du Ibon Fernandez Iradi preso lasartearrak ezarri dioten kondena betetzen: Lannemezanetik Martutenera lekualdatu dute. Ezaguna da jasaten duen gaixotasun larria, baina kartzelan dute oraindik.

Ibon Fernandez Iradi aske utz zezaten aldarrikatzeko protesta Baionako Auzitegian, 2022ko otsailean.
Ibon Fernandez Iradi aske utz zezaten aldarrikatzeko protesta Baionako Auzitegian, 2022ko otsailean. (Bob Edme)

Ibon Fernandez Iradi lasartearra Lannemezanetik Martutenera lekualdatu dutela jakinarazi du ostegun honetan Etxeratek; Estatu frantseseko espetxe batetik Estatu espainoleko beste batera, beraz, eta etxetik gertuago. Lannemezangoa Lasartetik 330 kilometrotara dago.

50 urte ditu Ibon Fernandez Iradik eta 19 urte daramatza espetxean, Etxeratek gogora ekarri duenez. «Gaixotasun larriak dituzten euskal presoen zerrendan dago. Esklerosi anizkoitza du, espetxean oso modu zailean eramaten den gaixotasuna. Berak eskatu du Frantziako kondena betetzeko falta zaiona Euskal Herrian egitea», azaldu du.

Gaixotasun larri hori dela eta, kondena bertan behera uzteko ekimena abiatu zen Estatu frantsesean, baina bertako auzitegiek uko egin diote beti. Luze doa afera, 2014. urtean Zigor Aplikaziorako Auzitegiak zigor etete horri oniritzia eman ziolako, baina prokuradoreak helegitea aurkeztu eta erabaki bertan behera utziarazi zuen. Beste saiakera batek erantzun berbera izan zuen duela bi urte eta erdi.

Zenbait protesta burutu dira denbora tarte honetan Ibon Fernandez Iradiren alde. Deigarrienetako bat Baionako Auzitegiaren sarreran eginikoa izan zen, bertara anbulantzia bat eraman eta gaixorik diren presoen aldeko aldarrikapen ozena egin baitzuten Bake Bideako kideek.