Ibai Azparren

Nafarroako lan istripu hilgarrien gorakadaren aurrean, formakuntza eskainiko du LABek

LABek ostegun honetan salatu du gero eta lan istripu hilgarri gehiago daudela Nafarroan. 20 izan ziren 2021ean, eta aurten dagoeneko 17 dira. Nafar Gobernuak ez ditu istripuak behar bezala kudeatu, sindikatuaren arabera, eta horregatik formakuntza zabalduko du, langileei zuzenduta.

Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko arduraduna, ostegun honetan eginiko prentsaurrekoan.
Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko arduraduna, ostegun honetan eginiko prentsaurrekoan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Lan istripuak eta gaixotasun profesionalak nabarmen hazi dira Nafarroan. Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko arduradunak ostegun honetan Iruñean eskainitako prentsaurrekoan salatu duenez, iaz 20 langile zendu ziren lan istripuetan eta aurten 17 hil dira jada herrialdean. Hori dela eta, sindikatuak formakuntza eta ekintza sindikala zabalduko du, langileei zuzenduta eta prenbentzioa enpresetan sar dezaten.

Iriarteren arabera, 2022an izaten ari den lan-istripu hilgarrien kopuruak aurreko urteetako hazkundea berresten du. Hala ere, nabarmendu du «NOPLOI institutuak erabiltzen dituen datuak patronalak ekoiztutako datuak» direla, hau da, «mutua patronalak Osasunbidera pasatzen ditu, baina patronalak berak idazten ditu». Horregatik, datu ofizialen irakurketa ez du onartzen LABek, eta «soilik erreferientziatzat har ditzakegu istripu hilkorren datuak, nahiz eta patronalak hildako horien erdia bakarrik onartzen dituen».

«Zer esan laneko gaixotasunen tasaz? Mutualitateek, prozeduraz, eritasun profesionalak Osasunbidera bideratzen dituzte kontingentzia arruntak balira bezala, eta, horrela, beraiek eragin dituzten lesioen gastuak eta tratamenduak aurrezten dituzte», salatu du Iriartek.

Nafarroako Gobernua «patronalaren eskutik»

Nafarroan, erakundeek mahai gainean jartzen dituzten lan osasuneko ekimenak ez dira eraginkorrak. Horren atzean «nahita egindako diseinu» bat dago LABen arabera: patronala ez ukitzeko erabakia.

Izan ere, sindikatuaren iritziz, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua (NOPLOI) «erabat mugatuta» dago bere eginkizunetan, enpresei araudia betearazteko, eta funtzioen diseinu hori «nahita» egiten dela salatu du LABek, «patronala lasai uztea du helburu».

«Beste era batera esanda, gaur egun NOPLOI kanpoko prebentzio-zerbitzu baten (LPZ) funtzioak betetzen ari da. Doako prebentzio zerbitzua, duela 27 urtetik nahitaezkoak eta beren erantzukizunekoak diren neurriak hartzen laguntzeko enpresei», kritikatu du Iriartek.

Gobernu espainolaren menpeko Lan Ikuskaritzari dagokionez, 30 ikuskatzaile baino gutxiago daudela azpimarratu behar du LABek, eta horietako gutxi batzuek enpresetara bisitak egiten dituztela. «Horrek esan nahi du ez direla iristen, eta, gainera, bisita egiten dutenean sindikatuek salaketa bat ipini dutelako da, hau da, arazoa eman eta gero sartzen dira», azaldu du.

Gainera, haien profila ez da teknikoa, juridikoa baizik. «Horrek zailtasun handiak sortzen ditu enpresetara egiten diren bisitetan; izan ere, enpresa horietan arriskuak identifikatu ordez, enpresek kontratatutako LPZ-en txostenetan oinarritzen dituzte beren eskakizunak», adierazi du LABeko Lan Osasuneko arduradunak.

«Horrek guztiak patronalari egiten dio mesede, eta praktikan inork ez dio lan osasunari buruzko araudia betearazten. Horrela uler daiteke laneko istripu eta gaixotasunen tasa ikaragarri hori», salatu du LABek.

LABen ekimena

Egoera horri erantzuteko, datorren astean kanpaina bat abiaraziko du LABek, «delegatu eta afiliatuak ahalduntzeko» helburuarekin.

Lan arrisku espezifiko batzuei buruzko kanpaina izango da, zehazki in itinere arriskuak –iazko heriotzen %50 lanera bidean edo handik bueltan jazotako istripuetan izan ziren–, psikosoziologia (arrisku psikosozialak) eta arrisku ergonomikoak landuko dituzte, langileek «enpresetan neurriak integratzeko behar den ezagutza tekniko eta ideologikoa» izan dezaten.

Arrisku-faktore horiek lehenetsi dituzte «intzidentzia handia dutelako eta patronalak neurri gutxien hartzen dituen arrisku-faktoreak direlako».

«Patronalak sortutako gaitz horren aurrean, eta Nafarroako Gobernuak neurririk hartu ez duenez, LABek eskura dituen tresna eta aukera guztiak martxan jartzea erabaki du, prebentzioa enpresetan ekintza sindikalaren bidez integratzeko», nabarmendu du Iriartek.