NAIZ

Euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurriak gaitzetsi dituzte sindikatuek

«Euskal presoak etxetik gero eta gertuago daudela» ospatu dute sindikatuek Bilbon egindako elkarretaratzean, baina ohartarazi dute «salbuespenarekin guztiz amaitzeko bidea egiteke» dagoela oraindik.

Sindikatuek Bilbon egin duten elkarretaratze bateratua.
Sindikatuek Bilbon egin duten elkarretaratze bateratua. (SARE)

Espetxe politika aldatu eta euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak bertan behera uzteko helburuarekin, LAB, ELA, UGT, ESK, Steilas, CGT/LKN, CNT, Ehne, HIRU eta Etxalde sindikatuak elkarretaratzea egin dute Bilboko Plaza Eliptikoan ostiral honetan, ‘Etxera bidea gertu’ lemarekin.

Protestaren ondotik egindako adierazpenetan, sindikatuek ospatu dute «euskal presoak etxetik gero eta gertuago daudela» eta segurtatu dute etxeratze prozesu hori guztiz gauza dadin aldarrikatzen dutela. Euskal gizarteak ere hori nahi duela nabarmendu dute, azken hilabeteetako mobilizazioen bitartez adierazi duen bezala.

«Gertutasun hori aurrerapauso garrantzitsua dela adierazi nahi dugu. Eta aurreko astekoa bezalako berriek bide egokia dela erakusten digute, beste hamaika euskal presoren gerturatzea iragarri ostean», adierazi dute.

Hala ere, oraindik «salbuespenarekin guztiz amaitzeko bidea egiteke» dagoela azpimarratu dute sindikatuek. «Oraindik ere euskal presoak geratzen dira estatu frantses eta espainiarrean. Lortutakoari inolako garrantzirik kendu gabe, bidea egiten jarraitu behar dugu euskal presoek dagokien etxeratze prozesua gauzatu ahal dezaten», gaineratu dute.

«Pozgarria» da, haien ustez, presoen eskubideen bidean sakondu izana, ez soilik gerturatzeekin, baizik «gradu progresio edo baimenekin». «Hala ere, hau ez da nahikoa –zehaztu dute–, presoen erdiak baino gehiagok hirugarren graduan behar lukeelako, beraien eskubidea baita kondenaren erdia bete eta gero».

Esan dute ez dutela onura berezirik eskatzen, presoen eskubideak bete daitezen baizik. Bide horretan, bi erronka zehaztu dituzte: estatuetan preso egin duten pertsonen eskubideak betetzea, «kondena bikoitza» betearazi dietela argudiatuz, eta 7/2003 legea, bizi arteko zigorra zehazten duena, bertan behera uztea.

Ugaitz Perez

Ugaitz Perez baldintzapeko askatasunean geratu da, Etxeratek jakinarazi duenez. Kontrol telematikoarekin etxean preso izan da azken hilabeteetan, otsailean Basauriko espetxean zela hirugarren gradura pasatu ostean.