Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskaraldiarekin bat, festa eta ariketa mundiala prestatu dute lasartearrek

Lasartearren ospakizun maitea da Euskararen Maratoia. 1986an jaio zen eta herri osoarena da. «Ez da halako sanpedrorik». Hamargarren edizio biribil honetan, Euskaraldiarekin bat eginez, Maratoialdi bilakatuko da.

Aurtengo zortzikotea: ezker-eskuin, Viky Castro, Maitane Eizmendi, Enara Ieregi, Jagoba Mendizabal, Joxe Mari Agirretxe, Patxo, Koro Dominguez eta Rebeka Garzes. Erdian, Bea Egizabal, Intza Alkainekin batera «euskahalduntze» saioak gidatuko dituena.
Aurtengo zortzikotea: ezker-eskuin, Viky Castro, Maitane Eizmendi, Enara Ieregi, Jagoba Mendizabal, Joxe Mari Agirretxe, Patxo, Koro Dominguez eta Rebeka Garzes. Erdian, Bea Egizabal, Intza Alkainekin batera «euskahalduntze» saioak gidatuko dituena. (Iñigo GONZALEZ)

Denen artean 40 orduz euskaraz isildu gabe aritzea lortzen dute Lasarte-Oriako Euskararen Maratoian, oholtza zaletasun guztiei zabalduz, kirola, antzerkia, musika, zernahi. Aurten hamargarren edizioa izango dute eta Euskaraldiarekin bat eginez, Maratoialdia antolatu dute, “Sentitu, prestatu eta ekin!” leloarekin.

Sei lasartearrekin egotea nahikoa izan da beren-berena duten jaiarekin liluratzeko. Elkarrizketaz elkarrizketa ekimen erraldoi honen irudia osatzen joan gara, ikuspuntu ezberdinetatik. Gauza bat gelditu zaigu argi: sei urteren ondotik –ohiko lau urteko tartea eta pandemiak behartutako beste bi– gogo handiz hartu dute eta datorren asteburuan, urriaren 22an eta 23an, festa mundiala izango da. Baina ez hori bakarrik; aurrerapausoak emango dituzte euskaraz bizitzeko helburura hurbiltzen segitzeko, gozamenetik eta parte-hartzetik abiatuta, orain arte egin duten bezala.

Bizikidetza, garaipenik handiena

Maratoia herri erronka gisa sortu zen, 1986an: «Gai gara 40 ordutan euskaraz bizitzeko? Lasarte-Oria orduan egin zen herri. Oso erdaldundua zegoen, eta oso zatitua, bi komunitate zeuden oso nabarmenduak: euskaldun jendea eta etorkin uholdea», oroitu du Mailu Arrutik. Lasartear peto-petoa da eta beti ibili da Maratoiaren inguruan zer edo zer antolatzen.

«Industrializatu eta kolpetik asko hazi zen herria–segitu du kontatzen–. Donostiako kanpoaldean dago. Baina Gipuzkoan egon arren beti esaten dugu hizkuntza aldetik oso diferentzia gutxi dagoela Bilbo inguruko herri batekin, Santurtzi edo Barakaldorekin. Hortaz, oso zaila izan zen, erokeria bat, 40 ordu isildu gabe, gau eta egun oholtzan euskaraz aritzea. Indar denak han utzi genituen».

Bestetik, «oso zaila zen politikoki ere sentsibilitate guztietako jendeak parte hartzea, inor baztertua ez sentitzea. Lan ikaragarria egin genuen; orain hain famatua den bizikidetza hori bertan egin genuen, hizkuntzatik. Euskara beti instrumentalizatu nahi izan da. Eta bizikidetza hori izan zen gure garaipenik handiena».

«Ahobizi» eta «belarriprestak»

Mari Karmen Ormazabal Ttakun elkarteko lehendakariak txiki-txikitatik ezagutzen du maratoia. «Ez da lau pertsonaren kontu bat. Denboraren poderioz herri osoa inplikatzea lortu da: elkarte, talde eta norbanako asko. Euskal komunitatera gerturatzeko balio izan du, batzuentzat lehen kontaktua izan da», nabarmendu du. Horretaz gain, umore pixka batekin egiten saiatzen dira, ekitaldi atsegin eta parte-hartzaile bat osatzen.

Euskararen aldeko festa batetik harago, beste zerbait lortzen saiatu dira: euskaraz bizitzea herriaren bizimodu bat izatea. Orain hain ezagunak ditugun eta laster gure artean izanen diren ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’ figurak Lasarte-Orian jaio ziren duela sei urteko maratoian. Arrakasta handia izan zuten, eta Euskal Herri osora zabaldu ziren Euskaraldian.

Aurten Maratoialdia prestatu dute Euskaraldiarekin bat eginez, “Sentitu, prestatu eta ekin!” lelotzat hartuta. Sentimendua maratoitik dator: emozioa, gogoa, abiapuntua da. «Prestatze hori izango da berria eta berezia: maratoia bukatu eta Euskaraldia hasi arte ahalduntze saioak egingo ditugu jendeari euskaraz eroso eta lasai aritzeko tresnak emateko. Oso saio atseginak izango dira. Azkenik, ‘Ekin!’ Euskaraldia bera da», azaldu du Ormazabalek.

Zortzikotea

Larunbat goizeko zortzietan hasi eta igande gauerdian amaituko da maratoia. Herriko plazan, Okendon, karpa handi bat jarriko dute. Huraxe izango da festaren epizentroa eta ingurura zabalduko dira uhinak: artisauak izango dira, herri kirolak, ikastetxeen saioak, helduen gimnasia, taberna eta komertzioen eskaintza, dantza, lehiaketak... eta 40 orduak dinamizatzen, zortzikote martxoso bat.

Joxe Mari Agirretxe Porrotx dago tartean, edizio guztietan izan den bakarra, hasi zenean gazteena eta orain beteranoena. Agustin Mujika Takolo ere izan zen maratoiaren sortzaileen artean; aurten ez dago zortzikotean, baina ez du hutsik egingo ekitaldian. Zortzikotea berritzen joaten da, jendartearen mapa bat islatuz oholtzan: heldu bat, gazte bat, euskara ikasten ari den etorkin bat...

Maratoiaren hirugarren edizioko txirrindularitza proba. (EUSKARA ZERBITZUA)

Programaren laburpen bat bidaltzen dute, baina ez dute dena kontatzen, Ormazabalek dioen gisan beti uzten diete tartea sorpresei, bizi egin behar baita maratoia.

«Pandemiagatik bi urte atzeratu da, eta gogotsu gaude», aitortu du Ttakuneko lehendakariak. «Herritarrak beti prest izaten dira parte hartzeko. Lanerako ere bai: otorduak zerbitzatzeko, txosnako txandak egiteko. Gozamena da halako herri aktiboa edukitzea».

Agertu duenez, Lasarte-Oria beti izan da oso aktiboa hizkuntzaren arloan. «Maratoia egiteko erronka bota izan diegu beste herriei, baina inork ez du hartu nahi izan».

Ttakun elkartea

Maratoiaren sasoi berean sortu zen Ttakun, bat datoz bien helburuak, eta beti ibili da antolakuntzan eta parte hartzen. «1986tik hona gauza asko aldatu dira; onera. Bere garaian erronkak ez ziren errazak. Guk ere garapena eduki dugu, eta ondo».

Ttakunek 30 urte bete ditu berriki. 15 bat langile ditu, monitoreak barne hartuta 30-40. «Herria euskalduntzeko funtzioa dugu, hizkuntza ohiturak aldatzekoa. Leku askotan gaude: aisialdi taldea daukagu, herri aldizkaria, esku hartzeak egiten ditugu gazteekin eskolaz kanpo, kuadrillategi proiektuak ditugu, Lasartetik kanpo ere dinamizatzen ditugu taldeak... Etorkinen arloan ere bagabiltza, eskola kirolean, eta 0 eta 5 urte bitarteko gurasoei hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzen».

Alderdikeriarik gabe

«Oso gauza ederra da maratoia hasten den ekitaldian alderdi politiko guztietako zinegotziak egoten garela, udal osoak hartzen du parte; PP geneukanean ere etortzen zen. Politikak barne egon behar du Euskara sailean, ekintza guztietan, baina alderdikeriarik gabe. Udala oso eroso dago maratoiarekin, asteburu bat da alderdi guztietako jendea eroso egon daitekeena plazan, euskararen inguruan», azpimarratu du Jon Antxordoki Lasarte-Oriako euskara zinegotziak (EAJkoa).

«Gainera ez da oraingo kontua, betiko kontua izan da. Alderdi politiko guztiek errespetu handia diote maratoiari, badakitelako gauza asko zaintzen direla».

Iñaki Arrutiri omenaldia

«Maratoia momentu zail batean sortu zen, behar zen halako asmakizun bat, eta pertsona klabe bat dago, Iñaki Arruti, 30 urte baino gehiagoz Euskara Zerbitzuaren buru izandakoa», kontatu du Antxordokik. Maratoian omenduko dute. «Foru Aldundira joan zaigu, eta faltan ematen dugu. Euskara maila nahiko txukuna dauka Lasarte-Oriak, programa asko egiten ditugu, eta ideia gehienen atzean Iñaki dago. Euskaraldia egiten hasi aurretik guk gure Euskaraldia egin genuen, eta bultzatzailea bera izan zen».

Udaletxetik aparte zeuden bulego batzuetan hasi ziren, eta gaur egun Udalean bertan Euskara Zerbitzuak badu bere garrantzia eta trinkotasuna. Sail guztiak batzen dituen saila da. Arrutiren lan onari esker, konfiantza handia izan du udal gobernuak. Alderdikeriarik gabe lan egin du eta hori klabea izan da. «Beti saiatu izan gara euskara zerbitzua eta euskalgintza zaintzen; bestela puskatu egiten da. Gure herriko euskalgintza orain indartsu dago, baina nahiko ahula da barrenean».

Zer esan nahi duen galdetu diogu. «Egitura ez da indartsua. Edozein herritako sail garrantzitsuak hirigintza eta ogasuna dira. Euskalgintza indartsu dago momentuan, baina muina ez da indartsua, ahultasun batetik indartutako sail bat da. Sail txikia dugu: administrari bat, itzultzaile bat, bi teknikari, saileko burua, eta ni neu gaude, zinegotzia».

Ahal dena emateko gogoa

Lehen ezagutu dugun Mailu Arruti Iñaki Arrutiren arreba da. Zortzikoteko kide izan zen Mailu lehendabiziko bi edizioetan, Ttakuneko langile ere izana da. Lasarte-Orian jaio eta bertan bizi izan zen orain dela 30 urte ezkondu arte. Andoain du bizitoki baina lotura handia du jaioterriarekin eta ez du maratoi batean ere kale egin.

Aurreko edizioan, bederatzigarrenean, jaio ziren «ahobizi» eta «belarriprestak». Lasarte-Oriatik Euskal Herri osora zabaldu ziren. (LASARTE-ORIAKO EUSKARA ZERBITZUA)

Hasierako edizioetan, 80ko hamarkadako Euskal Herrian eta Lasarte-Orian, euskalduna izan ala ez, bakoitzak bere lekua izan zezan egin zuten lan ikaragarria ekarri du gogora. Tribu horren parte ziren euskaraz zekitenak, Arruti bera, garai hartan AEKn irakasle zebilena, baina erdaldun petoak ere bai. «Adibidez, elkarte gastronomiko batean txokolatea prestatzeko esan genienean oso prest agertu ziren, erdaldunak izan arren. Udalak diruz laguntzen zuen, eta edizio batean alkatea etorri zen oholtzara. Bizikidetza lortu genuen, eta bakoitzak ahal zuena emateko gogoa edukitzea. Gaur errazagoa da, baina orduan gizartea oso dinamitatua zegoen, gogorra zen, zaila ikusten genuen baina lortu genuen».

Zaletasun guztiak

Herri osoarena da ekitaldia. «Hamar aldiz biderkatu da. Hasieran mila pertsonak parte hartzen zuten eta ikaragarria iruditzen zitzaigun. Gaur egun arraroa da norbait topatzea parte hartzen ez duena. ‘Ez dago halako sanpedrorik’, esaten dugu beti. Denentzako dago lekua, ukitzen duzun arloa ukitzen duzula. Gainera jendeak gogoa dauka parte hartzeko. Berdin du zertan».

Antzerkia dute pasioetako bat Mailu Arrutik eta bere lagunek eta azken edizioetan hori eskaini dute. Aitzakia horrekin lagunartean biltzen dira, zer egin pentsatzen dute, prestatu... eta, jakina, asteburua bertan pasatuko dute, gau eta egun plazan, besteek egiten dutenaz ere disfrutatuz.

«Zaletasunak hor agertzen dira: mendia, kirola, artisauak. Lagunok antzerkia egiten dugu. Lasarten beti dago oholtza prest. Zer gustatzen zaizu egitea? Magia? Bada, tokia izango duzu. Aukera hori eman du maratoiak. Abanikoa hain da zabala, denek dutela beren zaletasunetik zerbait aportatzeko modua. Badakigu deituko digutela, bestela guk eskatuko dugu txokoa. Antolatzaileak beraiek eskatzetik programazioan lekurik gabe egotera pasatu dira, mundu guztiak egin nahi duelako zer edo zer». Maratoiak eragina eduki du kulturan, herritar bakoitzari egiten dakiena erakusteko aukera eman diolako. «Atera dira gauzak maratoian probatxoa eginda».

Arrutik militantziatik hasi zuen maratoiko bidea; orain, «gozatu besterik» ez du egiten.

«Euskal Herri euskaldunaren utopia utopikoagoa zen Lasarte-Orian. Gure behar horretatik, eman eta eman aritu gara eta merezi izan du. Garai hartan euskaltegian zebiltzanak inplikatu nahi genituen, euskaraz bizitzea posible izango zela sinetsarazi; hor ahalegindu gara. Oraindik behar handia dago, helburua ez dago lortua, baina Lasarte ahaldundua dago, ahaldundu da hizkuntzaren aldetik. Gora etortzen naiz, emozionatzen naiz», aitortu du.

Bada segida

Ez da hunkitzen den bakarra. Maitane Eizmendi zortzikoteko gazteena da, 17 urte ditu. Txikitatik bizi izan du maratoia. Etxean, bigarrena da zortzikoteko kide izaten. Aurretik amona izan zen.

«Gauza puntual batzuez oroitzen naiz. Aurreko maratoian, orain dela 6 urte, 11 urte nituen. Aitak eta amak parte hartu izan dute, amonak ere bai, eta ilusio handia egiten dit ni ere zortzikoteko parte izateak. Asko gustatzen zait gauzak antolatzea».

«Zortzikotean beti ibiltzen da nire kuadrillako baten ama, Rebeka Garzes, eta berak egin zidan eskaintza. Etxera iritsi eta gurasoei kontatzera nindoan baina jada bazekiten. Ez zidaten ezer esana, barrez hasi ziren. Hurrengo egunean bertan erantzun nuen baietz. Amonari deitu nion lehenengo. Zortzikoteko partaide izan zen bigarren maratoian».

Martxo hasieran bileretan hasi ziren. Lehenbizi aurkezpen ekitaldia prestatu zuten. «Bideoklipa grabatu genuen, lehenengo aldiz izan nintzen estudio batean eta esperientzia ederra izan zen». Egitaraua antolatzeari ekin zioten gero. «Lan nagusia hori izan da, zer minututan egingo den zer finkatzea, zeinek hitz egingo duen zeinekin. Ez dakit zein talde etorri behar bada, nork hitz egingo duen berekin, zeinek egingo duen zein lan. Astelehenero geratzen ginen».

Behin programazio gehiena lotuta, arduradunak jartzen hasi ziren, zeinek aurkeztuko duen zer.

Maratoian bertan denbora ia osoan oholtzan izango da zortzikotea, 40 ordu horietan 5 minutu baino gehiagoko isilunerik ez egotea xede. «Tontoarena egin behar dutenak gara, aurkeztu, kirolariak datozenean galderak egin. Saltseroak gara, mugituak, pino egin behar bada egingo dugu».

2016ko edizioko zunbatoian ederki pasatzen. (LASARTE-ORIAKO EUSKARA ZERBITZUA)

Gazteena Maitane da baina berri gehiago ere badira: Jagoba Mendizabal, «beste gaztea»; Viky Castro euskaldun berria; Koro Dominguez eta Patxo ere lehendabizikoz dira zortzikoteko kide. Bost berriak dira. Joxe Mari Agirretxe sortzaileetako bat da eta Rebeka Garzes ere nahiko hasieratik dago. «Enara Ieregi ni bezala hasi zen eta geroztik urtero dago».

Plazatik azkena atera zen

«Herriko festak dauden bezala, maratoia dago», azaldu du Eizmendik. «Txikitan 40 orduak plazan pasatzen genituen. Duela sei urte, ikastolak 40 urte betetzen zituen, plazatik deitu ziguten dantza egiteko eta korrika jaitsi ginen. Jokoetan parte hartu izan dugu, ginkanan, bazkarian, magian. Igande gaueko ekitaldia oso berezia izaten da eta azken maratoian kuadrillako birekin plazatik azkena atera nintzen. Biharamunean jai», oroitu du irribarre batekin.

«Jendeak gogo handia dauka. Kuadrillakoek beti galdetzen didate, kaletik gelditzen naute. Giro handia dago», segurtatu du.

 

«GURU BURUAK» ATERAKO DIRA PLAZARA

Maratoiaren hamargarren edizio honetako nobedadea Maratoialdia eta honen barruan egingo diren ‘euskahalduntze’ tailerrak dira. Bea Egizabal eta Intza Alkain izango dira gidariak eta ‘guruketak’ deitu diete justu maratoia bukatu eta Euskaraldia hasi arte, urriaren 24tik azaroaren 18ra, eskainiko dituzten saioei. Euskaraldiari, berriz, ‘gurutzaldia’. Izendapen horiekin jada zenbait pista ematen dituzte.

«Euskaraldiak aholku batzuk ematen ditu ariketa egitean sor daitezkeen zailtasunen aurrean zer egin daitekeen esplikatuz. Guk era ludikoago batean azalduko dizkiegu aholku horiek herritarrei», kontatu dute bi artista lasartearrek.

Maratoian bertan jendea prestaketara animatzeko aurkezpena egingo dute. Bi pertsonaia berri aterako dira horretarako plazara, Guru eta Buru. «Euskararen guru hauek beren bisioa, bizi estiloa eta pentsaera agertuko dituzte, beren mandamentuak. Jendeari adieraziko diote euskara berez denon barruan dagoela, topatu eta atera egin behar dela. Hortik abiatuta mantrak, ateratzeko saiakerak egingo ditugu».

Urriaren 24tik aitzinera egingo diren saio edo guruketak ez dituzte guru horiek emango, beren dizipuluek baizik, ‘guruzaleek’. Maratoiaren ondoren bideo batzuk joango dira ateratzen eta horien bidez Guru Buruek herriari zabalduko diote beren jakinduria. Guruketetan jendea egoeretan jartzeko asmoa dute, ‘role playing’-ak egitekoa, baina talde bakoitza ezberdina da eta egokitu egingo dira, beti umorez, Euskaraldiko ariketak sortzen dituen arazoei haserretu gabe, asertibitatez nola aurre egin azalduz. Norberari eta euskal komunitateari egingo diote barre. «Ez ote dagoen sakralizatuegi, hain zuzen horregatik sakralizatuko dugu topera».

Ez dute dena kontatu nahi, sorpresari eusteko. «‘Puntazo’ bat izango dira irudi aldetik Guru Buruak. Horien bueltan sinboloak, janzkera, mantrak... iruditeria bat sortu dugu. Bideoetan ere izugarrizko lana egin dugu, ez dakigu abangoardia egiten ari garen edo ‘mamarratxada’ bat», diote irribarrez.

Tailerrak euskara batzordeak proposatu zituen eta hortik jaio ziren Guru Buruak. Kategoria altuenekoak dira, profetak. Gainetik euskara dago bakarrik. Euskara munduratzea dute helburu, guruzale asko sortzea, ebanjelizatzea.

«Hau guztia prestatzen hasteko lehendabiziko bilerak 2019an egin genituen, eta jada gogotsu gaude ateratzeko eta egin duguna jendearekin partekatzeko. Lan asko egiten eta oso ondo pasatzen ari gara». Prestaketa saio hauetan parte hartu nahi duenak maratoian bertan izango du izena emateko aukera, baita ondoren Euskara Zerbitzuan ere. Saio batzuk herritarrei irekiak izango dira, besteak irakasle eta ikasleentzat propio eginak. «Publiko askea eta sekuestratua dauzkagu».

Gozatzea inportantea da, hori ongi dakite Bea Egizabal eta Intza Alkainek. Besteek eurekin gozatzea da orain nahi dutena.