NAIZ

Marieniako lurren okupazioa plantan emateko prestaketa lanak abian dira Kanbon

Ostiral honetako eguerdiaz geroztik hamarka boluntariok lanari ekin diote Marieniako lurretan igandera bitartean bertan iraganen den okupazioa prestatzeko. Bihar 10.00etan manifestazioa eginen dute Kanboko karriketan.

Eguerdian hasi dira gaur eta igande bitarte Marienian eginen duten okupazio ekimenerako muntaketa lanak.
Eguerdian hasi dira gaur eta igande bitarte Marienian eginen duten okupazio ekimenerako muntaketa lanak. (Bob EDME)

Ostiral honetako 18.00etan hasiko da ofizialki okupazioa eta horren karietara mintzaldiak izanen dira Marieniako lurretan. Larunabt goizean, berriz, martxa bat antolatua da, 10.00etatik aitzin.

Hiru egunez luzatuko den protesta ekimenaren bidez Marieniako laborantza lurrak defendatu nahi dituzte. Nabarmendu behar da Bouygues higiezinen promotoreak 95 etxebizitza eraiki nahi dituela Kanboko sarreran kokatzen den lur eremu horretan.

Horren aurrean Nahi Dugun Herria Kanboko Udaleko oposizioko taldeak eta bertze hainbat eragilek, hala hola Lurzaindia elkarteak eta Cade kolektiboak, bataila judiziala abiatu zuten.

Paueko Administrazio Auzitegiak Marieniako helegitea ez zuen onartu.

Edonola ere, besteak bete Ezpeletako Piperraren Sindikatuaren laguntzaz, helegitea aurkeztu zuten irailean aipaturiko eragileek lur eremu horrek laborantzarako duen balioa aldarrikatzeko. Egun kabalentzat baliatzen dira Marieniako lurrak.

Apirilean manifestazio jendetsua egin zuten

Marienia Ez Hunki kolektiboak luzaturiko deiari jarraituz milatik gora herritar bildu ziren iragan apirilaren 23an Kanbon antolaturiko manifestazioan.

Elkarteek borroka segitzeko beharra nabarmendu dute oraingoan eta herritarrei dei egin diete mobilizatzen jarraitzeko.

Hala, urriaren 21etik 23ra Marieniako laborantza lurren okupazioa eginen dute.