NAIZ

Mobilizazio azkarra egin dute Kanbon Marieniako lurren defentsan

Ehunka lagunek parte hartu dute Boygues higiezinen taldeak Mareniako lurretan garatu nahi duen etxebizitza egitasmoaren kontra gaur goizean Kanbon antolaturiko manifestazioan. Laborantza sindikatuek babestu dute udal oposizioak eta hainbat elkartek bultzaturiko ekimena.

Marieniako lurretan amaitu da espekulazioa salatzeko balio izan zuen martxa.
Marieniako lurretan amaitu da espekulazioa salatzeko balio izan zuen martxa. (François BERLAND)

Ehunka lagunek parte hartu dute 'Laborantza lurrak ez hunki' leloa Kanboko karriken gaindi astindu duen manifestazioan. 09:30ak aldera laborariek beraien tratoreekin ibilbidea zabaldu dute Arnagako domeinua eta Kanboko erdigunea lotuz.

ELB sindikatuak soilik ez, departamendu mailan laborarien artean ordezkapen mailarik handiena duen FDSA sindikatuak eta baita Jeunes Agriculteurs, 38 urtepeko laborariak biltzen dituen zentralak ere, babestu dute mobilizazioa.

Boygues taldeak bertan garatu nahi duen higiezin egitasmoak laborantzarentzat zinez baliogarri diren lurren galera ekarriko duela salatzeko, bertatik gertu, Marienian bere helmuga izan duen martxa abiatu da.

Oroitzeko, Bouygues promotoreak 95 etxebizitza eraiki nahi ditu laborantzarentzat hain garrantzitsua den eremuan. Higiezin operazio horrek lurraren artifizializazioa ekarriko luke.

Bigarren helegitea ezarri dute

Nahi Dugun Herria udal oposizioko taldeak eta Lurzaindia eta Cade elkarteek plantan eman zuten gero eta sostengu gehiago bildu duen protesta. Egitasmoa arbuiatzen duten taldeek hirigintza plana jomugan jarriz helegitea jarri zuten Paueko Administrazio epaitegian.

Auzitegiak ez zuen onartu dosierra, baina irailean, besteak beste Ezpeletako Piperraren Sindikatuaren sostenguz, helegite berria jarri dute Marieniako lurrek laborantzaren ikuspegitik duten balioa agerian jarriz.

Bestalde, atzo, urriaren 21ean hasita eta bihar, urriaren 23 arte, Marieniako lurretan okupazio ekimenari aurre egin zioten aipaturiko eragileek, Ostia kolektiboaren laguntzaz. Ostiral eguerditik hamaika bolondrosek muntaketa lanari egin zioten gaur gaurkoz kabalak izateko, gehienbat ardiak, baliatzen duten Marieniako lur eremuan.

Hiru eguneko okupazioa

Arratsaldean hitzaldi batekin hasiera eman zioten hiru egunetako okupazioari. Atelierrak eta ibilbideek osatzen dute, bestalde, programa. Goizeko manifestazioaren ostean, bazkal ostean espekulazioen aurkako topaketak eginen dituzte, 16.00etatik landa.

19.00etatik aurrera, besta giroa nagusituko da, hurrupaldia, euskal jauziak, musikaz alaituriko afaria eta mus partidak antolatu dituztelako.

Finean, bihar, okupazio esperientzia ezberdinen berri izateko parada izanen dute, besteak beste Bretainiatik heldutako lagunen parte-hartzearekin prestaturiko hitzaldira bertaratuko diren lagunek. Uda aitzin, Arbonan garaturiko okupazioa jorratuko dute ondoren. Amaiera ekitaldia 13.00ean iraganen da.

Bazkari partekatu baten bidez indarrak bildu ostean, igande arratsaldean kanpamendua desmontatzeko ordua helduko da, hala hiru eguneko ekimenari amaiera emanen diotela.