NAIZ

Bilbora bidean, bailarako aizkolariak izan ziren azkarrenak Azpeitiko kanporaketan

Mikel Larrañaga azpeitiarra izan zen onena Izarraitzeko Sherpa.ai txapelketako finalerdiko proban eta Julen Alberdik, Eneko Otañok, Ugaitz Mugertzak, Txomin Amundarainek eta Ibai Soroak lagunduko diote Miribillako finalean.

Mikel Larrañagak txapela janzteko faborito nagusia dela berretsi zuen etxean.
Mikel Larrañagak txapela janzteko faborito nagusia dela berretsi zuen etxean. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

Aizkolaritzako urek bakoitzak bere bidetik jarraitzen dute eta gerturatzerik ezean, txapelketa bakoitza bere azken etapak erretzen ari da eta larunbatean Azpeitian jokatutako finalerdiaren ostean, III. Sherpa.ai Aizkolaritza Txapelketa Nagusiak –federazioarekin inolako harremanik ez duenak– dagoeneko badaki zein sei aizkolarik jokatuko duten abenduaren 13an Bilbao Arenako finala.

Azken txapeldunak, Iker Vicentek, beste bide bat hartu eta gero –federazioak antolatutako txapelketan parte hartzeagatik ezin izango du bere txapela defendatu–, Mikel Larrañaga (18.46) azpeitiarra agertzen da faborito argi bezala final horretan, bigarren sailkatu zen Julen Alberdi Txikia IV.ari (20.03) 1,17 minutuko aldea atera baitzion. Gainera, osasun arazoak medio, Aitzol Atutxak eta Jon Rekondok ezin izan zuten Azpeitiko kanporaketan parte hartu eta, beraz, lehiaketatik kanpo geratu ziren.

Izarraitzen argi geratu zena Urola kostako aizkolaritzaren sasoia izan zen, azpeitiarraren eta azkoitiarraren atzetik inguruko beste kirolari batek, Eneko Otaño beizamarrak lortu baitzuen hirugarren denborarik onena (21.04). Ugaitz Mugertza (21.46), Txomin Amundarain (23.11) eta Ibai Soroak (23.37) osatuko dute finaleko seikotea. Bina kanaerdiko, 60 ontzako eta oinbikoa moztu behar izan zituzten finalaurrekoan eta kanpoan geratu zirenak Julen Larrea (23.57), Jexux Mujika (24.27), Ion Irazu (25.31), Iñaki Azurmendi (26.01) eta Arkaitz Jauregi (27.15) izan ziren.