NAIZ

«Errotiko norabide aldaketa» aldarrikatu du Sortuk Lemoizko teilatutik

Lemoizko zentral nuklearrera sartu da Sortu, eta bi pankarta erraldoi zabaldu ditu, «errotiko norabide aldaketa bat» aldarrikatzeko, energian zein politika ekonomiko eta sozialetan. Zentrala eraikitzen hasi zireneko 50. urteurrenean, Klima Larrialdiaren Aurkako Egunaren bezperan egin du ekintza.

Sortuk bi pankarta erraldoi zintzilikatu ditu Lemoizko teilatuetatik.
Sortuk bi pankarta erraldoi zintzilikatu ditu Lemoizko teilatuetatik. (SORTU)

Sortu Lemoizko zentral nuklearraren instalazioetara sartu da igande honetan, eta bi pankarta erraldoi zabaldu ditu, «errotiko norabide aldaketa bat» aldarrikatzeko, bai energiari dagokionez, bai politika ekonomiko eta sozialei dagokienez.

‘Trantsizio ekologiko justua’ irakur daiteke teilatu batetik zabaldutako 180 metro koadroko pankartan; 50 metro koadroko beste batean, berriz, ‘Greenwhashing’ hitza baina ezabatuta. Alderdi independentistak azaldu duenez, «Lemoizek karga sinboliko handia dauka, duela mende erdi energiaren oligopolioak nuklearraren aldeko apustua egin zuelako eta herri borrokak egitasmo hori galarazi ziolako».

 

Sortuk azpimarratu duenez, bizi ditugun krisi ugariak ez dira kasualitatez gertatu. «Okerreko hainbat erabakik eragin dute klima larrialdia, energia krisia edota gerra egoera. Besteak beste, energia fosilen, nuklearraren eta irabaziak gutxi batzuen eskuetan metatzen dituen oligopolioaren aldeko apustuan oinarritu da neoliberalismoa».

Eta erabaki horien guztien atzean «erantzule zehatzak» daude: «IBEX-35 eta arma industria, putre funtsak eta bankuak, Iberdrola, Petronor eta elite ekonomiko eta finantziaroak. Erantzuleak dira hamarkadetan politika neoliberalak aplikatu dituztenak. Eta erantzulea da kapitalismoa, sistema kapitalista baita gerraren, harrapakeriaren, esplotazioaren, aldaketa klimatikoaren eta pobreziaren erantzulea».

«Berri on bat dugu»

Sorturentzat, ezinbestekoa da «180 graduko norabide aldaketa bat». Premiazkoa da esku hartzea ez bakarrik energia merkatuan, baita higiezinen merkatuan ere. Premiazkoa da soldatak eta pentsioak igotzea, aberastasuna banatzea, zerbitzu publikoak sendotzea eta zaintza sistema publiko komunitario bat eraikitzea.

«Berri on bat dugu», adierazi du. «Lemoizko borrokak frogatzen duen moduan, posible da okerreko erabaki horiek baztertu eta gauzak aldatzea. Dei egiten dugu orduan bezala antolatzera, borrokatzera eta kaleak hartzera». Zehazki, azaroaren 12an Bilboko kaleak mukuru betetzera animatu dute, aldaketaren aldeko olatua altxatzeko eta hiru aldarri zabaltzeko.

Honakoak dira: «Gerra amaitu behar da. Gerra nuklear baten atarira eraman gaitu neoliberalismoak. Edozein gerra antinaturala bada, nuklearra are ankerragoa dugu; aberastasunaren banaketa erradikala behar da, ez baita bidezkoa %1k gero eta aberastasun gehiago metatzea, gainerako guztien izerdi eta ahaleginaren kontura; eta burujabetza behar dugu».

«Herriek burujabetza behar dute, gizarte berriak eraiki eta produkzio eta kontsumo eredu berrietan oinarritutako gizarte antolamenduak sortzeko. Energia burujabetza behar dugu. EAEn kontsumitzen dugun energiaren %90 inportatua da; %79 Nafarroa Garaian eta %88 Ipar Euskal Herrian. Elikadura eta ekonomia burujabetza behar dugu. Eta bereziki burujabetza politikoa behar dugu, Euskal Herrian eta Euskal Herritik neoliberalismoa amaitu behar dugulako kapitalismoa gainditzeko lehen urrats gisa», nabarmendu du indar subiranistak.