NAIZ

Baionako Apezpikutzak 70 gela eta lur sail handia dituen jabetza salgai jarri du

Bi hektarea baino gehiago dituen Baionako elizbarrutiko etxea salgai ezarri du Elizak, 13 milioi euroan. Hiriaren hegoaldean kokaturik den ondare horren salmentari esker, Marracq auzoko San Leon parkean eraikin berri baten eraikitzea diruztatuko luke, betiere Lapurdiko hiriburuan.

Marc Aillet, Baionako apezpikua, artxiboko argazki batean.
Marc Aillet, Baionako apezpikua, artxiboko argazki batean. (Gaizka IROZ)

Bi hektarea baino gehiago dituen Baionako elizbarrutiko etxea salgai ezarri du Elizak, 13 milioi euroan.

Hala baieztatu du Marc Aillet apezpikuak Urdin Euskal Herri irratiari berriko eskaini dion elkarrizketan. Irratiaren informazioen arabera, Alday promotoreak erosketa egiteko interesa luke.

Elizak salgai eman duen jabetza hori Maurice Ravel kontserbatorioa eta Aritxague etorbidearen artean kokatua da, hiriaren hegoaldean.

Eraikina zaharkurik denez, eraberritzea garestiegi izango zelakoan Elizak salmentaren aldeko hautua egin duela argitu du apezpikuak.

Salmenta horren bidez Baionako Marracq auzoan kokaturik den San Leon parkean eraikin berri baten eraikitzea diruztatuko dutela azaldu du Aillet apezpikuak.

«San Leon parrokia-elkarteak ekartzen duen eremu batean eta, horretaz gain, zuhaizti parke bat ere badu, balioetsi nahi dena eta, bistan dena, dagoen bezala atxiki nahi dena», argitu du gotzainak.

2026. urterako Ailletek zabalik ikusi nahi lukeen eraikin berrian Apezpikutzaren zerbitzu guztiak bilduko lirateke. Horrek katedralaren aitzinean duen egoitza historikoa hustea eta espazio hori merkataritza ustiaketarako eta alokairurako baliatzea ahalbideratuko lioke Elizari.

Higizinen merkatuan sartu da Apezpikutza

Gisa horretan, higiezinen eta merkataritzaren desmartxetan murgilduko litzateke Apezpikutza; hori ez da ohikoena eta ez du harrera ona fededun anitzen aldetik.

Marc Ailletek irratiaren uhinetan onartu du pastoralerako erabiliko ez den guztia alokatua izanen dela, bai bulegoendako, bai bizitegiendako. Gaur egun komunikazio eta errektoretza zerbitzuak bere gain hartzen duten eraikuntzen kasua ere izanen da.

Alokairu horiei esker, Apezpikutzak diru-sartzeak emendatzea lortuko luke, Marc Aillet gotzainaren hitzetan jabetzaren «mantenua eta funtzionamendua hobetuz, baita elizbarrutiko etxearena ere».