NAIZ

Azpikontratatzen dituen enpresen gaineko kontrola handitzeko eskatu diote Donostiako Udalari

Donostian Udaleko langileen batzordeak azpikontratatzen dituen enpresen gaineko kontrola areagotzeko eskatu dio Udalari. Joan zen urriaren 19an Otxoki pasealekuan beharrean ari zen langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian.

Donostiako Udaleko enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du, azken lan heriotza salatzeko.
Donostiako Udaleko enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du, azken lan heriotza salatzeko. (Gorka RUBIO | FOKU)

Joan zen urriaren 19an 64 urteko behargin bat hil zen Donostiako Otxoki pasealekuan lanean ari zela, istripu ez traumatikoan. Autonomo gisa alta emanda zegoen eta Udalak azpikontratatutako Acuña enpresarentzat ari zen lanean, LABek orduan jakinarazi zuenez. Heriotza hura salatzeko elkarretaratzea egin dute astearte honetan, Udaleko langileen batzordeak deituta, «Beste langile bat hil da. Udala azpikontraten arduradun. Lan osasuna defendatu» lelopean.

Mikel Pascual enpresa batzordeko ordezkariak Donostiako Udalari eskatu dio azpikontratatzen dituen enpresak «guztiz kontrola ditzala». «Badakigu kontrolak egiten direla, baina susmoa dugu kasu batean baino gehiagotan ez direla normaltasunez egiten», azaldu du.

Azkenaldian laneko istripu ez traumatikoen kopurua handitu egin dela deitoratu du eta «askotan estresarekin» edo lan karga handiekin zerikusia dutela ziurtatu du.

63 hildako urten lan istripuetan

Otxoki pasealekuan hil zen langilearen kasuan, azaldu du zanga batzuk egin zituela eta gelditu zen unean ondoezik sentitu zela. Bihotzekoa izan zuen bertan hil zen.

LAB sindikatuak emandako datuen arabera, azken honekin 63 dira aurten Euskal Herrian lan ezbeharretan hil diren beharginak.