NAIZ

Bizkaiko Metalgintzako grebaren jarraipena %85ekoa izan da bosgarren egunean

Bizkaiko Metalgintzako langileek bosgarren greba eguna egin dute ostiral honetan, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT, alde batetik, eta ELAk, bestetik, deituta. Hauen arabera, jarraipena %85koa da, aurreko egunetan bezala. Hainbat enpresatako produzkioa eten egin dela diote.

Metalgintzako sindikatuek Barakaldon egin duten mobilizazioa.
Metalgintzako sindikatuek Barakaldon egin duten mobilizazioa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bizkaiko Metalgintzan greba deitu duten sindikatuentzat «beste greba egun handi bat» izan da ostiral honetakoa. CCOOk, LABek, UGTk, ESK-k, CGTk eta CNTk elkarrekin zabaldutako ohar baten arabera, bosgarren egunean jarraipenak %85ekoa izaten jarraitzen du, ostegunean bezala. Tecuni, Teknia, Bombardier, Estampaciones Bizkaia eta Arteche enpresak ekoiztu barik gelditu direla esan dute. Ostiral honetan Ezkerraldean atera dira kalera grebalariak eta Barakaldon egin dute manifestazioa eguerdian. LABen arabera, ostegunean Iurretan ordu berean egindakoa bezain jendetsua izan da.

Piketeak goiz goizetik enpresetatik atera direla zehaztu dute eta Ertzaintzaren «jarrera bortitza» berriz ere jasan izana salatu dute.

Bide batez, FVEMeri, patronalari, ez diotela «ezinezkorik eskatzen» gogorarazi dute, «hitzarmena duindu besterik ez»: ABLEentzat lan egiten dutenen baldintzak hobetzea; sektoreko langileen soldatak «duintzea»; langileen aurkako diskriminazioarekin amaitzea, besteak beste «LGTBI kolektiboko kide izateagatik edo emakume izateagatik jasaten dutena», eta «pixka bat gutxiago lan egitea enpresetatik kanpo gure bizitzak duintzeko».

«Lan baldintzen defentsan irmo ari dira langileak, eta mobilizazioa beste biderik ez diete utzi euren aldarrikapenak lortzeko, patronalaren arduragabekeria dela medio. Izan ere, sindikatuok salatu bezala, FVEMek pobreago, prekarioago eta sumisoago nahi ditu langileak, baina horretarako ez gaude prest, inolaz ere», adierazi du irmoki LABek.

Hala ere, grebaren zailtasunak azpimarratu dituzte: «Greba egun hauek ez dira errazak izaten ari: patronalak presioa egiten du fabriketan, poliziaren presioa piketeetan eta erakundeek erabateko babesa ematen diote patronalari».

ELAk, Basaurin

Bestalde, ELA sindikatuak sektore honetan deitutako bigarren greba eguna izan da ostiral hau. Sindikatu honek ere jarraipen «garrantzitsua» azpimarratu du eta «egun arrakastatsua» dela esan du. Ostegunean Erandion mobilizatu ziren eta gaur Basaurin egin dute manifestazioa.

Manifestazioak deitu dituzte Bilbon azaroaren 2rako CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNTk, batetik, eta ELAk, bere aldetik. Lehendabizikoak Bilboko Euskadi Plazatik abiatuko dira 12.00etan eta ELAk ordu erdi lehenago hasiko du manifestazioa, Plaza Eliptikotik.