Arabako Mendiak Aske elkarteak mendi martxa egin du larunbata honetan Amurriotik Gorobelera. ‘Babestu maite duzun mendia’ lemapean, zentral eolikoen eraikuntzak mendietan eta naturguneetan zein ondorio ekologiko izango dituzten oharatarazi nahi izan dute.
Talde ekologistaren ustez, «burbuila eolikoa» da agintari politikoek eta «haien hurbileko» zenbait enpresa energetikoek sortu dutena. «Etekinak betikotzeko asmoz, urrundu egiten gaitu trantsizio energetiko egoki batetik», adierazi dute ohar bidez. Europako funtsen etorreraren aurrean eta «Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial berria onartu gabe», trantsizio energetikoa bizkortzeko presaren ondorioz, ordenarik eta itunik gabeko errotak instalatzen ari direla salatu dute.
Castrobarto, Pico del Fraile eta Llorengoz eremuetan haize errotak ezartzeak inpaktu larria, iraunkorra eta atzeraezina ekarriko luke hegaztientzako babes bereziko eremuetan (ZEPA gaztelerazko siglengatik). «Mehatxu garrantzitsuenen artean, hegaztien eta kiroptero batzuen hilkortasuna areagotzea, talkak, pistak eta hormigoizko plataformak irekitzea, lurra eta landaredia suntsitzea, goi-tentsioko lineak, transformazio-plantak eraikitzea eta zarata konstantearen arazo larria haien magalean dauden herrientzat. Zarata hori, haizeak nola jotzen duen, jasanezina izan daiteke», adierazi dute Mojon Altotik.
Haize-sorgailuen kokalekua ingurumen-sentsibilitate handiko eremu gisa katalogatuta dago, eta horrek, praktikan, zona horietan parke eolikoak ezartzea baztertzen du, gogoratu dute. «Enpresek poltsikoa betetzen duten bitartean, Mena, Angulo eta Aiarako haranetako bizilagunak izango gara kareharrizko gailurretan errota erraldoiak etengabe biraka ikusiko ditugunak» .
Premiak kontutan hartuz
Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokak biodibertsitatearen galeraren aurka oso ondorio onuragarriak dituela jakinik, eskatu dute trantsizio energetikoaren prozesua ezin dela bizitzarako mehatxu izan, eta ezin direla ordezkaezinak diren espezieak eta ekosistemak galdu.
«Guztiz beharrezkoa da trantsizio energetiko bat gauzatzea», esan dute, baina hots, ez edozein, baizik eta «gure benetako energia-premiak kontuan hartuko dituena, sorkuntza deszentralizatuaren, hurbiltasunaren, eraginkortasunaren eta aurrezpenaren ikuspegitik, sozialki bidezkoa eta ingurumenaren aldetik jasangarria izango dena». Honek, eskatu du Arabako Mendiak Aske elkarteak, ezin du «sistema naturalak ustiatzearen, suntsitzearen eta pobretzearen kontura izan».