KANARIA HANDIA 80 - IDK EUSKOTREN 86
Kanaria Handia: Holesinska (16), Redmon (8), Blasigh (13), Adji Fall (17) eta Sika Kone (19) –hasierako bostekoa–, Hollivay (7), Padilla, Hrymaliuk eta Ojeda.
IDK Euskotren: Yurena Diaz (11), Maria España (23), Joy Adams (15), Natalia Rodriguez (8) eta Mariam Coulibaly (6) –hasierako bostekoa–, Kadri Ann Lass (7), Cristina Soriano (8), Nicole Cardaño (5) eta Vanesa Jasa (3).
Partzialak: 24-28, 14-18, 28-22, 14-18.
Epaileak: Zafra Guerra, Olivares Bernabeu eta Adan Rodriguez. Maria Españari falta teknikoa adierazi diote azken laurdenean. Sika Kone, etxekoen jokalaria egotzi dute bost faltarekin.
Gorabeherak: Emakumeen Endesa Ligako bosgarren jardunaldia, Las Palmasko Gran Canaria Arena pabilioian jokatua. Asvel Villeurbannen aurka min hartu arren, Marian Coulibalyk jokatu ahal izan du.
Lyonen jokatu eta zuzenean Kanaria Handiaren kantxatik pasatzea ez da erronka erraza, baina bikain erantzun du IDK Euskotrenek. Orotara 11 hiruko sartzeak, errebotean goitik behera nagusitzea Sika Kone eta Adji Fallek osatzen duen bikote indartsu baten aurrean eta partidako erritmoa goitik behera eramatea, aurkariaren erreakzioei beti erantzunez, atsedenerako tarte hain txikia izanda, ez da batere erraza eta meritu handia dauka.
Neurketako aurreneko berri ona hasierako bostekoa ikustean jaso dute donostiarrek, Mariam Coulibaly jokatzeko moduan izan baita, Asvel Villeurbanen aurka belaunean min hartu eta gero. Partida hasierak, berriz, albiste onak berretsi baino ez ditu egin, 10-17 aurreratu baitira Azu Muguruzarenak. Izan ere, etxekoek beren jokoa Adji Fall eta Sika Kone piboten inguruan larregi mugatu dute, gainontzeko hiru jokalariek baloirik ia ukitu ere egin gabe eta, bestetik, gipuzkoarrek askoz talde joko aberatsagoa erakutsi dute hasiera honetan.
Hutsarteak, baina, kanariarren talde joko horretan hobekuntza ekarri du eta horrez gain, defentsan askoz gehiago sakatu dutelako, markagailua aitaren baten berdindu du Kanaria Handiak.
Hala ere, IDK euskotrenek ez du atzera egin eta markagailuan beti aurretik mantendu da aurreneko laurden honetan. Neurri baten Maria España hegalekoak hamar minutu horietan 12 puntu saskiratu dituelako –23, azkenean–, nahiz eta Kanaria Handiak ere urrutiko jaurtiketetan ere puntu errazak aurkitu. Lehenengo laurdena 24-28 amaitu da, alde gutxitxo aukeran donostiarrentzat, defentsako lana ez baita oso egokia izan behin Coulibalyk bigarren falta egin eta gero.
Maliko pibotak ez du bigarren laurdenik jokatu, baina IDK Euskotrenek aldea atera ahal izan du. Laudenaren hasieran 28na berdindu badu ere etxeko taldeak, 0-9ko partziala sartuta erantzun dute Azu Muguruzarenek. Lyonen egin zuen bezala, Cristina Soriano pibotak minutuak bere esfortzuari esker merezi dituela erakutsi du, baina ez hori bakarrik. Joy Adams ez da altuegia, baina errebotean oso azti ibili da beste behin eta hiruko jaurtiketetan, berriz, Yurena Diazek eta Vanesa Jasak aurreneko hamar minutuetan Maria Españak erakutsitako bide berbera jarraitu dute.
Donostiarrak 32-43 aurreratu dira une batean eta partida bertan hausteko zorian egon dira; ez da halakorik jazo, ordea, Adji Fall Kanaria Handiaren hegal-pibotak eragotzi baitu. Senegalgo jokalariak eta Sika Kone izarrak etxekoen puntuen zama euren gain hartu dute beste behin –14 puntu Falle; Konek, 11– eta aldea apur bat murriztea lortu dute, baina ez larregi. Hala, markagailua donostiarren alde 38-46 dela iritsi dira atsedenaldira.
Berdinketak eta gero, beti aurretik
Partida nahi baino gehiago estutu zaio talde gipuzkoarrari bigarren erdian. Ustez defentsan lan txukuna egin arren, Kanaria Handiak gero eta errazago aurkitu du saskirako bidea, Holesinska eta Blasigh hegalekoen bitartez batez ere. Hala, donostiarrak 40-50 aurreratu ostean, 12-2ko partziala eta gero berdindu egin du etxeko taldeak.
Azu Muguruzak zuzentzen duen taldearen zorionerako, ordea, IDK Euskotrenek berdinketa oro bere alde hautsi du beti, Joy Adamsen eskutik batez ere. Horrez gain, Lass eta Natalia Rodriguezek aldea berriz ere zabaldu dute, markagailua 55-63 jartzeraino, nahiz eta hirugarren laurdena 66-68 amaitu den Holesinska txekiarrak «hiru gehi bat»eko jokaldia amaitu ostean.
Azken laurdena hasteaz bat, birritan berdindu du markagailua Kanaria Handiak, eta Coulibalyri laugarren falta atera dio gainera. Hala ere, markagailua 72na izatetik 74-79ra pasa da Adams eta Yurena Diazen saskiratzeei esker, eta baita defentsan Sorianok eta Lassek erakutsi duten tinkotasunagatik ere.
Urduritasuna ere nozitu dute gipuzkoarrek, Joy Adamsek eta Natalia Rodriguezek kale egin dituzten lau jaurtiketa libreetan ikusi den moduan, baina Coulibalyren saskiratzen bikain batek, erasoko errebotea hartu ostean, 75-81 aurreratu du IDK Euskotren. Adamsek ondoren saskiraturiko jaurtiketa libreak eta gero, garaipena poltsikoratu dute Azu Muguruzarenek.
Hala ere, Kanaria Handia 80-83raino hurbildu eta eta azken segunduetan Maria Españaren laugarren hirukoa iritsi behar izan da azken garaipena bermatzeko. Dena dela, eta Europako txangoa zaila dela jakinean –Zabiny Brno izango du aurrez aurre talde donostiarrak asteazkenean 20.00etan Josean Gasca pabilioian, Lointek Gernika Bizkaiak Umana Reyer Venezia Malosten jasoko duen egun eta ordu berean–, nahikoa balentria egin du halako garaipena lortuta, Emakumeen Endesa Ligako goiko postuetarantz bideratzen duen garaipena, hain zuzen.