NAIZ

Hiru elikagaitatik bat alferrik galtzen da Nafarroan; kanpaina abiatu du Gobernuak

Hiru elikagaitatik batek alferrik galduta bukatzen du Nafarroan; kontzientziazio kanpaina baten bidez errealitate hori murriztu nahi du Nafarroako Gobernuak bai etxeetan, baita ekoizpen kateetan ere.

Kanpaina Iruñeko Baluarten aurkeztu dute Itziar Gomez kontseilariak eta Raul Salanueva Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko atalburuak.
Kanpaina Iruñeko Baluarten aurkeztu dute Itziar Gomez kontseilariak eta Raul Salanueva Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko atalburuak. (Nafarroako Gobernua)

Nafarroako Gobernuak abian jarri duen kanpainari ‘2022-2027 Elikadura Hondakinak Murrizteko Agenda’ deritzo. ‘Erosketak ez planifikatzeak ondorioak dakartza’ goiburupean, 2030erako txikizkako salmentaren eta kontsumitzaileen per capita elikagaien hondakinak %50 murriztea du helburu, 2020ko datuekiko. Tarte horretan bertan, ekoizpen eta hornidura kateek sortutako hondakinak %20 murriztea ere du xede.

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak garatu du Agenda, GAN-NIK sozietate publikoarekin batera. Nafarroan aurrekaririk ez duen «estrategia berritzaile» gisa, baita ingurumen, ekonomia, etika eta gizarte erronka gisa ere aurkeztu dute asteazken honetan Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eta Raul Salanueva Hondakinen Ataleko buruak.

Kanpainan erakusten denez, hiru elikagaitatik bat alferrik galtzen da herrialdean. Batik bat frutak, barazkiak eta gainerako produktu freskoak. Gomezen ustez, «ez gara gure etxeetan errealitate horretaz jabetzen».

«Nafarroan bakarrik urtean 115.000 tona elikagai baino gehiagok zaborretan amaitzen dute, eta horietatik %42 zuzenean etxeetan alferrik galtzen dena da». «Datu horrek izutu egiten gaitu, eta atentzioa eman behar digu», baieztatu du kontseilariak, Trantsizio Ekologikorako Ministerio espainarraren zifrak eta Nafarroako hondakinen atalak bildutako datuak oinarri hartuta.

«Ezagutza eta sentsibilizazioa»

Gomezek adierazi du aurreikusitako helburuen artean «gizartearen ezagutza eta sentsibilizazioaz» gain, «gehien alferrik galtzen dena identifikatzeko eta arrazoiak ezagutzeko datuak argitzen laguntzea» daudela.

Hori lortzeko, Agendak sei jardun-arlo proposatzen ditu: ezagutza sortzea; sentsibilizazioa, prestakuntza eta zabalkundea; jardunbide egokiak sustatzea eta jarraibideak garatzea; lankidetza eta akordioak funtsezko eragileekin; arau eta zerga esparrua egokitzea; eta ikerketa eta berrikuntza.

Kanpaina sustatzeko puzgarri handi bat jarri da, berrerabilitako materialarekin egina, zabor poltsa erraldoi baten itxura duena, eta kartel bat, Nafarroako elikagaien hondakinei buruzko hainbat datu erakusten dituena.

Biak Iruñeko Baluarte plazan izango dira azaroaren 4ra arte, eta handik Tafallako Francisco de Navarra plazara joango dira hilaren 5ean eta 6an.

Estatuko txikienetakoa

Gomezen arabera, Nafarroan per capita hondakinen sorrera espainiar Estatuko txikienetakoa da eta, beraz, elikagaiak alferrik galtzeari dagokionez, gutxien sortzen duten autonomia erkidegoen artean dago.

«Nafarroa arlo horretan erreferente izatea nahi dugu, kontuan hartuta gure nekazaritzako elikagaien sektorearen garrantzia, gizarte erakunde finkatuen presentzia, jada konprometituta dagoen administrazioa eta, bereziki, herritar aktiboak eta ingurumenaren errealitateaz jabetuak izatea», adierazi du sailburuak.