Jon Ormazabal

Joseba Ezkurdiak bere baitan topatu du kaiolako hirugarren finalera heltzeko bidea

Sakea, fisiko izugarri bat eta defentsan egindako lan latza izan dira arbizuarraren garaipenaren giltzak, markagailuak erakusten duena baino gertuago izan duen Peio Etxeberria bat gainditzeko.

Joseba Ezkurdia finalerako sailkatzea ospatzen.
Joseba Ezkurdia finalerako sailkatzea ospatzen. (Iñigo URIZ/FOKU)

Kaiolako bere hirugarren finala jokatuko du Joseba Ezkurdiak hilaren 20an Bilbon, Labriten jokatutako finalerdian Peio Etxeberria adiskideari 22-14 gailenduta. Bere ibilbidean une latz bat baina gehiago bizi izan ditu kantxa barruan arbizuarrak eta normalean barrura begiratuta topatu izan du zulo beltzarren irteera. Ondoegi hasi ez zuen Lau eta Erdiko txapelketa hau ez da salbuespen bat izan eta bere sustraiei helduta, sakea, defentsa izugarri bat eta, batez ere, oso gutxiren esku dagoen gaitasun fisiko batek, batez era halako gorputz handia izanda, izan dira gaurko garaipenaren giltzak. 

Peio Etxeberriari ere biziak oztopo latzak jarri dizkio bidean, esaterako, 15 urte eskasekin etxeko haziendaren kargu egin behar izan zuen ezinbestean eta itzain lanetan ederki moldatu den arren, frontoiko kaiolan gobernatu ezin izan duen idisko batekin egin du topo. Finalerdietako ez da izan, agian, Lasoren aurkakoa bezalako Ezkurdia ausart eta distiratsua, bai ordea sendo eta zuzena eta hori gaur bezalako egunetan asko antzematen da. Arbizuarrari berari zazpi urte kosta zitzaion bere lehen final handia harrapatzea eta alde horretatik Zenotzekoak lasai egoteko motiboak izan ditzake, markagailuak iradoki dezakeena baino gertuago izan du eta bere lehen egun handia.

Lagun handiak, pareko arerioak

Lagun handiak izanagatik, hasieratik ez diote elkarri ezer oparitu eta pilotakada bakoitza hil ala bizi jo dute, bigarren aukerarik ez zegoenaren jakitun. Partidari hobeto ekin dio Joseba Ezkurdiak, lehen tantoan sekulako defentsa erakutsi eta sakea bere esku zuenean oldarkor arituta. Ia gehienetan, ezker gantxoa izan ohi da arbizuarraren termometroa, honek funtzionatzen badio, garaipenetik gertu egon ohi da sakandarra eta gaurkoa ez da salbuespen bat izan.

Eta sakearekin izan duen eraginkortasunaz harago, hortxe egon da faboritoak hasiera horretan hartu duen abantailaren gako handienetako bat. Izan ere, arbizuarrak pilota kontrakantxara ondo gurutzatu duen bitartean, Peio Etxeberriak zuzenegi bezala jokatu dio aurkariari eta, Ezkurdiak hanka geldian jokatzen duenean nekez egiten du huts. Hala, lan erdietara, gauzak oso ondo bideratuta zituela zirudiela heldu da faboritoa lan erdietara (11-4), 104 pilotakada gurutzatuta eta ordurako Zenotzekoak bi atsedenaldi hartuta zituela.

Baina Ezkurdiak ez du lehen atsedenaldirako bidea itxi, Peio Etxeberriak sakea berreskuratu du eta lehen pilotakadak aurtengo kaiolan izaten ari den garrantzia agerian geratu da beste behin. Zuzenean eta sake-errematean min egin dio ultzamarrak adiskideari, baina batez ere, alderik alde mugitzen hasi da eta hor etorri da partidaren gidoiko lehen bihurgunea, partida berdintzeko zorian izan baita 11-10 gerturatua. Bi pareta saiakerak, ordea, zabaleko egurretara ihes egin dio eta Ezkurdiak berriz egin dio ihes (16-11).

Bigarren kolpe honetatik errekuperatzea gehiago kosta zaio ultzamarrari, eta hori ordurako piloteoan gauzak dezente orekatu zirela. Ezkerrak bai, baina eskuinez kosta egin zaio Ezkurdiari pilotari abiadura ematen eta oldarkortasunean ere pauso bat atzera eman duenaren sentsazioa islatu du. Hori bai, hortzak ondo estutu eta defentsan gaitzeko erakustaldia eman du. Nekez sinets daiteke halako karrozeria bat horrela mugitu ahal denik, eta Peio Etxeberriari ere min handia egin dio aurkariak beti pilotakada bat gehiago jotzera behartu izanak.

Hortik aurrera izan dituen aukera urrietan saiatu da aurkaria nahasten, esaterako, esatari lanetan bere lehen urratsak ematen ari den Oinatz Bengoetxeak egin ohi zuen eran, sakeak txokotik ateratzen, baina piloteoan besoa apur bat uzkurtu zaio aurkariak erakutsitako nagusitasun fisikoaren aurrean.

Momentuz, ligaxkan izandako ezusteko ugarien ondoren, statu-quoak lehen erasoaldiari eutsi dio eta ikusi egin behar Bilbon zer gertatzen den Jokin Altuna txapeldunaren eta azpitik abiadura bizian datorren Aitor Elordiren artean.

 

FITXA TEKNIKOA: 

Ezkurdia: 22

Peio Etxeberria: 14

Pilotakadak: 255. Iraupena: 55,17 minutu. Markagailua: 4-0, 4-2, 5-2, 5-3, 8-3, 8-4, 11-4, 11-10, 16-10, 16-11, 17-11, 17-13, 19-13, 19-14, 22-14. Sakeak: 6 (falta 1) Ezkurdiak eta 3 (falta 1) Peio Etxeberriak. Egindakoak: 11 Ezkurdiak eta 6 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 3 Ezkurdiak eta 3 Peio Etxeberriak. Gorabeherak: Sarrera guztiak aspaldi salduak eta giro bikaina Labrit pilotalekuan. Mattin Ezkurdia aritu da Joseba anaiaren botilero lanetan eta Andoni Gaskue Peio Etxeberriarekin.