NAIZ

Kezka zabala eta ekimenak abian Andoainen, C2 egitasmoaren aurka

Andoaingo Bastero auditoriuma ia goraino bete da larunbat honetan (400 lagun inguru) Aldundiak N-I eta A-15aren arteko loturan planteatu duen egitasmoa aztertzeko, herrian dagoen kezkaren adierazle. Informazio zehatza eman eta ekimenak iragarri dituzte.

Parte hartze handiak berretsi du Andoainen dagoen kezka.
Parte hartze handiak berretsi du Andoainen dagoen kezka. (Iñigo Uriz | Foku)

Andoainen kezka zabala eragin du Gipuzkoako Aldundiak A-15 eta N-1eko loturan dauden arazoak konpontzeko mahaigaineratutako egitasmoak. Honen berri zehatza eman zuen NAIZek irailean, Maddi Txintxurretaren erreportai honetan. Gaur larunbatean herritarren egoneza berretsi da, Basteron eginiko batzarrean ia 400 lagun inguruk hartu dutelako parte.

C2 delako Aldundiaren egitasmoak kaltetutako lagunek plataforma sortu dute, honi aurre egiteko helburuz. Kide batek, ia bi orduz, zehatz-mehatz azaldu ditu aferaren gako nagusiak, 90. hamarkadara atzera eginez eta Andoainen saihesbidea egitea 2017. urtean alboratu zela gogora ekarriz. Orain eragin daitezkeen kalte fisiko eta ingurugiro aldekoak zerrendatu ditu, eta gero hitza hartu nahi izan dutenen zalantzak argitu ditu.

Honezaz gain, bi ekimenen berri eman dute herri batzar honetan. Batetik, asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusian aurreikusten den agerraldia, 9.30etan hasita; hara joateko gonbita luzatu da. Bigarrenik, hurrengo igandean, hilaren 13an, antolatu den ibilaldia, Aldundiaren egitasmoaren afekzioak bertatik bertara egiaztatzeko asmoz; Aita Larramendi ikastolatik abiatuko da eta Karrika auzoan dagoen Mendiolako zubira helduko da.

Bilkuraren hasieran txalo zaparrada eskaini zaie orain arte honetan lanean jardun dutenei: zehatzago, 2020. urtean trafikoak eragiten duen zarataren aurkako sinadura bilketa abiatu zutenei, bai eta arazoaz sentsibilizatzeko 600 ikur banatu dituzten 23 dendariei ere.

Batzarra amaituta oso pozik agertu dira plataformako kideak, parte hartzea handia izan delako –beren aurreikuspenen gainetik– eta «auzokide guztientzat hain kaltegarria den egitasmoari herri gisa aurre egiteko gogoa azaleratu delako».