NAIZ

Administrazio eta enpresa publikoetan mobilizazioak deitu ditu LABek azaroaren 22an

«Enplegu duina, erosahalmena bermatu, berton erabaki» lelopean LABek daraman mobilizazio dinamikaren baitan beste urrats bat emango du eta datorren azaroaren 22an ere Hego Euskal Herriko administrazio eta enpresa publikoetako lantokietan mobilizazioak egingo ditu.

LABen mobilizazioa Iruñean.
LABen mobilizazioa Iruñean. (LAB)

Enplegua eta erosahalmena Euskal Herriko zerbitzu publikoetan erabaki behar dela aldarrikatzeko, datorren azaroaren 22an Hego Euskal Herriko administrazio eta enpresa publikoetako lantokietan mobilizazioak deitu ditu LABek.

Honekin, «Enplegu duina, erosahalmena bermatu, berton erabaki» lelopean LABek daraman mobilizazio dinamikaren baitan beste urrats bat emango du. Urriaren 14an delegatuen mobilizazioak egin zituen LABek lau hiriburuetan. 21eko EAEko Mahai Orokorraren bileraren testuinguruan ere berriro elkarretaratzea egin zuen Lakuan aldarrikapen berberekin.

«Gasteizko eta Iruñeko gobernuek eta administrazio eta enpresa publiko gehienek Madrilgo gobernuak CCOO eta UGTrekin adostutako soldata murrizketak txintxo ezarriko dituztela aurreratu dute dagoeneko. Langile publikook erosahalmena galtzen jarraitzen dugu, eta 2010etik metatuko galera %15era iritsiko da urte amaieran», adierazi du LABek.

Hori dela eta, sindikatu abertzaleak 2010eko taulak eguneratzeko neurriak proposatuko ditu negoziazio eremu ezberdinetan.

«Euskal Herrian enplegu publikoak murrizten jarraitzen du: iruzurrezko langile egiturak, erretiro tasa altuak, pribatizazioak, hizkuntza eskubideen urraketak... administrazioen eta sindikatuen artean enplegu planak eta lan baldintzak adostu egin behar dira, inongo inposiziorik gabe», azaldu du.

LABen ustez, negoziazioak eta akordioak tokian toki egitea ezinbestekoa da Euskal Herriak behar dituen langile eta zerbitzu publikoak erabakitzeko.