Gasteizen omenaldia egin zaio gaur Henrike Knörr-i bere jaiotzaren 75. urteurrenean. Euskaltzaindiak bere 67 idazlan jaso ditu ‘Henrike Knörr (1948-2008) Idazlan hautatuak. Textos escogidos’ liburuan. Idazlan «ez hain ezagunak» dira bildu direnak. Roberto Gonzalez Viñaspre euskaltzain osoak paratu du argitalpena, Garikoitz Knörr-en laguntzaz. «Orrialde gutxiko artikuluak dira, baina mamitsuak, eta modu honetan errazago jarri dira egungo irakurleen eskura, egilearen ekarriaren ikuspegi osatuagoa izan dadin». «Idazlanen hautapenean erabilitako irizpide nagusia izan da albo batean uztea Internet bidez aise eskura daitezkeenak. Horien ordez, urteetan aldizkari eta egunkari askotxotan eta, oro har, zabalkunde laburreko argitalpenetan, Henrike Knörrek idatzitako artikuluak jaso dira. Era honetan, mamitsuak eta interesgarriak diren idazlanak errazago jarri dira egungo irakurleen eskura, egilearen ekarriaren ikuspegi osatuagoa izan dadin”, adierazi du Gonzalez de Viñasprek. Artikuluetan gai ugari jorratzen dira, baina, batez ere, Onomastika kontuak, euskararen historia eta euskarazko testu zaharren azalpenak. Liburuaren osagarri, Knörr-Santiago familiak utzitako hainbat argazki bildu dira.
Omenaldiak denetarik izan du. Batetik, euskaltzain arabarrari eginiko gorazarrea bera, non hainbatek parte hartu duten: Henrike Knörren familiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Bestetik, Onomastika gaiak ardatz hartuta, mintegi labur eta trinkoa antolatu du Akademiak; gogoratu behar da Henrike Knörrek bereziki gogokoa izan zuela Onomastika eremua bere jarduera akademikoan. Jardunaldi horretan, ondokoek parte hartu dute: Ana Boullón Toponomasticon Hispaniae proiektuko koordinatzaileak, Patxi Salaberri euskaltzain oso eta ToponHisp proiektuko Euskal Herriko lantaldearen ikertzaileak, eta Roberto Gonzalez de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak.