Elkar argitaletxeak ‘Arian irakurgai mailakatuak’ saileko bi liburu berri aurkeztu ditu astelehen goizean Donostiako liburutegian, euskaltegietako ikasleen aurrean. Andoni Tolosaren ‘Maleta bat igogailuan’ liburua A1 mailako ikasleentzat da, eta Miren Agur Meaberen ‘Elurraren promesa’ A2 mailakoentzat. Arian saileko 33. eta 34. aleak dira; euskaltegietako ikasleei bideratuak dira testuak, ariketekin, hiztegiekin eta baita audio-liburuekin lagunduta.
Tolosaren eta Meaberen ustez erronka handia da euskara ikasten ari diren horientzat idaztea, baina «erronka polita». Bakoitzak bere ohiko estilotik aldendu behar izan du pixka bat euskaltegietarako material erabilgarria izatearen helburura egokitzeko.
Irakurleak izan ditzakeen esperientzietara hurbildu nahi izan du Tolosak. Euskaltegian euskara ikasten hasi den Hector ikaslearen egunerokoa da liburua; ikasturte baten kronika. Tolosa bera euskaltegiko irakaslea izaki, ongi ezagutzen duen ingurunea da, «mundu baterako, kultura baterako, bizi ikuspegi baterako ateak zabaltzea» da beretzat euskara ikastea. Azpimarratu du euskaltegiak ez direla «hizkuntza akademia hutsak», eta kalean ere asko ikasten denez, Hector ikasleak kalean eta euskaltegian egindako lagunekin ere asko ikasten duela.
Hectorrek euskara nola ikasi duen azaltzen duen «kronika» bat da liburua idazlearen arabera. Tolosak kontatu du bere ustez hamaika modu daudela euskara ikasteko, eta garrantzitsuenetako bat kantuen bidez egitea dela. Horregatik, hilabetero irakasleak proposatutako kantu bat jaso du liburuan.
Tolosaren ohiko estiloari eutsiz, umorea eta ikuspegi ironikoa presente daude kontakizun osoan. Izenburuaren inguruan galdetuta, bi ahalduntze prozesu gurutzatzen direla azaldu du idazleak: Hectorren ahalduntze prozesua euskararen ikaskuntzan eta Azuzena pertsonaiaren ahalduntze pertsonala. Bi prozesuetan maleta bat eta igogailu bat gurutzatzen dira, eta gehiago aurreratu nahi izan ez badu ere, izenburuak horri egiten diola erreferentzia adierazi du.
Ines eta Inexa
Meaberen liburuak, aldiz, bi bizitza kontatzen ditu 50 orrialdetan zehar. Ines izango da kontakizuneko protagonista, elurraren erruz larunbat gau batean istripua izango du eta Erdi Aroan esnatuko da. Bertan Inexa izango da guztientzat, eta berriro ere etxera itzultzeko bidea zein den asmatu beharko du.
Bi garai eta bakoitzean Inesek edo Inexak izandako abenturak jaso ditu Meabek bere azken liburuan. Idazle lekeitiarrak ere kantuen garrantzia azpimarratu du aurkezpenean, berak Zuberoako kantu zahar bat sartu du, ‘San Joseferen ermitan’ izenekoa, bere ustez euskal kantutegian «kate-begi bat galtzen» ari delako.
Irakurgai mailakatuak sailerako egiten duen zazpigarren lana da azken hau Meaberentzat. Eta oraindik idazketa mota horretara egokitzea kostatzen bazaio ere, jadanik «prozesu propioa» asmatuta duela kontatu du. Lehendabizi euskara maila horri dagokion programazioa errepasatu eta helburuak apuntatzen dituela azaldu du. Gero, unitate didaktiko bakoitzarekin «zerrendak» egiten dituela; hau da, unitate bakoitzean landutako aditzekin zerrenda bat, aditzondoekin beste bat, izenekin... Hirugarren urratsa idazten hastea izaten da, eta premisa bat izaten du beti buruan: «Egin nobela laburra, erraza, baina literaltasuna galdu gabe». Izan ere, kontatu du bere ohiko estilo sinboliko eta metaforikoetatik pixka bat aldentzea egokitzen zaiola, «hitzek esaten dutenera mugatzea tokatzen zait horrelakoetan, beste lanetan hitzek esan gabe esan nahi dutenarekin jolasteko aukera izaten dut». Prozesuko laugarren urratsa ariketak asmatzea izaten da, eta azkena ilustrazioak gainbegiratzea.
Ilustrazioena momentu garrantzitsua izan da bi idazleentzat, eta ilustratzaileentzat ere ez da lan erraza izaten. Batetik, kasu hauetan ilustratzioek ulermenari lagundu behar diotelako, eta beraz ezin dira marrazki abstraktuak egin. Eta bestetik, irudiek ezin dutelako «spoilerrik» egin, idatzizko ulermena lantzea denez xedea irakurri gabe irakurleak ezin du zer gertatzen den asmatu. Ilaki Martiarena ‘Mattin’ izan da Tolosaren liburua ilustratzeaz arduratu den marrazkilaria eta Iñaki Landa, berriz, Meaberena.