Urtzi Urrutikoetxea

Pennsylvania, berriz ere jokaleku nagusi

Kanpainako ekitaldi nagusietako baten lekuko izan da Filadelfia. Biden eta Obama han elkartu dira, gobernadore eta Senaturako hautagaiari bultzada emateko. Datozen bi urteotako politika, neurri handi batean, estatu horretan gertatzen denak ebatziko duela jakitun, Trump ere Pennsylvanian izan da.

Joe Biden eta Barack Obama, Filadelfian, gobernadore ete senaturako hautagaiari azken bultzada emateko.
Joe Biden eta Barack Obama, Filadelfian, gobernadore ete senaturako hautagaiari azken bultzada emateko. (Saul LOEB | AFP)

Asteburu epela izan da, 25 gradutik gorako tenperaturekin; AEBetako ekialde guztia zeharkatzen duen I-95aren inguruan basoa gorri-gorri ageri da oraindik Washingtondik New Yorkera bidean, Maryland estatuan barna. Filadelfiara iritsita, kaleak bizi-bizi daude ezohiko azaroko arratsaldeaz gozatzen Broad Street etorbide nagusian. Une batean, Temple unibertsitatearen inguruan, polizia-lerroa dago, baina trafikorik eten gabe; arratsaldeko lehen ordutik egon dira lehenak Liacouras Center-en sartzeko. Kontrol zorrotzak eta trafiko arazoak espero arren, arazo handirik gabe, aldameneko kalean autoa utzita, minutu pare batean aretora sartzeko ilara txikiari erreparatu diogu; gehienak barruan daude, zalantzarik gabe. Kontrola ez da beste mundukoa ere: zorroa ireki, patrikak hustu, segurtasun arduradun batek detektagailua pasatu eta barrura, agiririk erakutsi gabe.

Giro atsegina dago barruan, pilaketarik ez. Ikusle gehienek eskuetan dituzte Fetterman edo Shapiro hautagaien aldeko afixak, edo demokraten kanpainako beste lelo batzuk, neurri sozioekonomikoak, sindikatuak eta abortu eskubidea aipatzen: hamar mila lagunentzako lekua izan arren, oihal beltz handi batek estaltzen du erdialdetik atzera. Donostiako Belodromoko mitin handietan –edo Salburuan, edo BECen– egon denarentzat, Obama eta Biden kartelean izateak ekarri duen jende kopurua baino gehiago, jendetza baino, ikuskizuna bera egiten da ikusgarriago.

Giro lasaia segundo batean eteten da. Argiak oso tarte labur batean itzaltzen dira, baina aski da emozioa lehertzeko. Ez dago aurkezlerik oholtza gainean, bozgorailuetatik iragartzen dute hasiera; ikuskizuna argi indartsuz bete eta oholtza gaineko pasarelan agertzen dira (Josh Shapiro Pennsylvaniako gobernadore, eta John Fetterman senatari izateko), azken bi presidente demokratekin batera, elkarri eskutik helduta, Coldplay taldearen “A Sky Full of Stars” entzuten dela (minbiziz hil zen Beau Biden presidentearen semearen kanta kutuna).

Obama, izar nagusia

Izenak banan-banan esanda, hirugarrena aipatzean nabari da ikusleen bozkarioa: oholtzako lau gizonetatik (laurak gizonak, 2022an ez bageunde bezala), Barack Obama da bazterrotakoa ez den bakarra. Etxean daude Shapiro, Fetterman eta Biden, hirurak ere Filadelfia inguruko eskualde industrialean, baina Obamaren itzela oso luzea da oraindik, egungo presidenteak ondo dakienez. Presidenteak badaki ez duela presidente ohiarekin alderatzerik, agerraldiak saioaren mutur banatan doaz: presidenteak ireki, presidente ohiak itxi. Gaizto jarrita, teloneroa nor den eta rock izarra nor, begi bistan dago.

Presidenteak badaki ez duela presidente ohiarekin alderatzerik, agerraldiak saioaren mutur banatan doaz (…) Gaizto jarrita, teloneroa nor den eta rock izarra nor, begi bistan dago.

«Joe Biden naiz, Jill Bidenen, Filadelfiako neska baten senarra», hasten du presidenteak ekitaldia. Etengabeko keinuak ditu presidenteak hiriarekiko, eta Fettermanen aurkari errepublikanoa zirikatzeko darabil: «Denbora gehiago bizi izan naiz ni Pennsylvanian, eta hamar urte nituela joan nintzen». Mehmet Oz Delaware ibaiaren beste aldean, New Jerseyn bizitakoa da duela gutxi arte. Inkestetan oso berdinduta ageri dira biak, egunotan kolperen bat jaso arren Ozek: Oprah Winfrey aurkezle ezagunak esan du (haren saioan egin zuen mediku ezagun “Dr. Oz”), Pennsylvanian bizi balitz demokrata bozkatuko lukeela.

Lehia guztiak garrantzitsuak izanda ere, eta gobernadoreek botere handia eduki arren, Fetterman senatari bihurtzeko ahaleginak ekarri ditu presidenteak Filadelfiara, batez ere. Senatuan gehiengo demokrata lortzeko errepublikanoei «Pennsylvaniako aulkia kendu» behar diete; gainera Shapiroren garaipena ziurtzat jotzen da, errepublikanoek ere aitortzen baitute Doug Mastriano eskuin muturrekoegia dela emaitzak hain berdinduta egoten diren estatu batean. Baina kargua ziurtatuta daukan hautagaia izateko, Shapirok hizlari bikaina dela erakutsi du, eta aretoa ordura artean ez bezala berotzea lortu du, errepublikanoen askatasun ideiari erasoka: «Ez da askatasuna emakumeei agintzea zer egin behar duten euren gorputzekin, haurrek zer liburu irakurri behar duten esatea, edo 40 ordu lan egin baina ezin sindikatzea. Guk benetako askatasuna nahi dugu». Ederto daki konektatzen Shapirok, eta 2024rako presidentegai gisa ere aipatu du adituren batek.

John Fettermanen karisma bestelakoa da. Lehendabizi, elkartasuna pizten du; maiatzean sufritu zuen buru-isuriaren ostean sendatzen ari da oraindik. Gizon puska izanik (bi metro baino gehiago), ibilkeran ere nabari du errekuperatzen ari dela, baita hizketan ere. Beste hiru hautagaientzat casual janztea gorbatarik ez eramatea den bitartean, Fettermanek ez jaka ez zapata; sudadera/hoodiea eta bakeroekin dator gaur ere. Baina eskertzen den umorez heldu dio bere hitzaldiari: «Aizue, nik Barack Obamaren aurretik hitz egiteko aukera dut, eta Oz-ek Trumpekin eta Mastrianorekin dauka ekitaldia; inondik ere moderazio-erakustaldia harena!». Gero serio dio: «Bidal nazazue Washingtoneko Senatura, eta gutxieneko soldata igotzeko behar den 51. botoa izango naiz».

Zatiketa

Badoa Fetterman, AC/DCren “Back in Black” entzuten dela. Laugarren hizlariaren txandarako, ikusle guztiak zutik daude; aldameneko ama-alaba afroamerikarrak emozioz gainezka, irribarre, oihu eta txalo Obamari. Umoretsu hasi du presidente ohiak, baina botoaren garrantzia azpimarratu du: «Presidentea nintzela bihotza hautsi zitzaidan agintaldi erdiko bozetan. Batzuek pentsatzen dute, nonbait, presidentea hautatzeak baino ez duela garrantzia, eta ez Kongresuak.  Ordezkarien Ganberako gehiengoa galdu genuen 2010ean, Senatukoa 2014an. Pentsa zenbateraino jaitsi ahalko genituen emisioak gehiengoa izan bagenu. Eta zein epaile izango genituzkeen Auzitegi Gorenean», gogoraraziz Trumpen izendapenek eta Kongresuaren oniritziak ahalbidetu duela ia 100 urtean egon den Auzitegi Goren eskuindarrena AEBetan, abortu eskubide konstituzionala bera baliogabetzeraino.

Sam, Christine eta Alex Filadelfiakoak bertakoak dira, eta elkarrekin etorri dira ekitaldira. «Emakume askok bozkatzea espero dut, abortu eskubidea berreskuratzeko», dio laborategi bateko zientzialaria den Christinek, saioan ikusitakoak indartuta, senaturako hautagaiaren izenarekin hitz-jokoa egiten duen “Fetterwoman” kamiseta arrosa jantzita. Renee gaztea ere indarberrituta irten da: unibertsitatean dihardu Fettermanen aldeko talde ikasle-taldean, eta sinetsita dago garaipena lortuko dutela, «jendea oso haserre dago gure gorputzaz erabakitzeko aukera kendu dutelako, gaurko ekitaldian ikusi da; Pennsylvanian irabazi eta eskubideak berreskuratu behar ditugu».

Jonathan, berriz, Washingtonetik etorri da kanpainan laguntzera, makinisten eta industria aeroespazialean diharduten langileen sindikalista da: «Langileak gero eta gehiago sindikatzen ari dira, eta mobilizazio handia lortu behar dugu, mezua ere horrela zabaltzen ari da, errepublikanoek aberatsei lagundu baino ez dute egin nahi». Euforia da nagusi, ikusleak Filadelfiako gau epelerantz irteten direnean.

500 kilometro ekialderantz, hastear da alderdi errepublikanoaren saioa, Donald Trump izar nagusi duela. Baina ez dago hain urrunera joan beharrik portu eta industria-hiri demokraten eta nekazari-eremu errepublikano honetako zatiketa nabaritzeko. Atarian, sinadura eske ari diren demokrata batzuek gaztetxo zuri batzuei galdegin diete bat egingo duten, eta burlaizez egin dute aurrera. «Let’s go Brandon», deiadar egin du gazteetako batek eta barreka jarraitu dute besteek, «Joe Biden, izorra zaitez» gisa itzuli ohi den Trumpen jarraitzaileen leloa errepikatzen.

Broad Streeten gora eta behera dabil jendea, tabernetan eta antzokietan, udazkeneko gau giroa probesten.