Baikok ostiral arratsaldeko azken orduan kaleratu duen ohar batean jakinarazi duenez, ez dio kontraturik berrituko Mikel Larunberi eta galdakoztarrak azaroaren 26an jokatuko du bere ibilbideko azken partida profesionala bere herriko Kurtzea pilotalekuan. Gadakaoko atzelariak 2013ko urtarrilaren 5ean egin zuen debuta Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta denera 350 partida baino gehiago jokatu ditu Bilboko enpresarekin. Ia hamar urteko ibilbide honetan, bere unerik gorena 2017an izan zen, Oinatz Bengoetxearekin batera Binakako finala jokatu zuenean, txapeldun irten ziren Irribarria eta Rezustaren aurka.
Azken urteak, ordea, bereziki zailak izan dira atzelari bizkaitarrarentzat, bereziki enpresan izandako greban aurpegia eman zuenetako bat izan ostean. Azken bi urteetan apenas izan du jokatzeko aukerarik. Esaterako, maiatzaren erdira arte, 7 partida baino ez zituen jokatu, inolako osasun arazorik izan gabe. Areago, azken hilabeteetan telebista emankizunetatik desagerrarazi ere egin du eta apenas egon da Euskal Herrian bere partidarik ikusteko aukerarik.
«Eskerrak profesionaltasunagatik»
Bere agurra iragartzeko oharrean, «Baiko Pilotak eskerrak ematen dizkio urte hauetan azaldu duen profesionaltasunagatik eta egindako lanagatik. Era berean, etorkizunean zortea izan dezala opa dio».
2020ko urriaren amaieran Baikoko greba amaitu zenetik, borroka horretan aurpegia eman zuten pilotaririk gehienek, Ibai Zabalak, Oinatz Bengoetxeak, Andoni Aretxabaletak eta orain Mikel Larunbek enpresa utzi dute, indarrean zituzten kontratuak amaitzen joan diren heinean.