Astelehenean epaitu zuten Gasteizen Aintzane Mendia Tubacexeko langilea, kaleratzeen aurkako protestengatik auzipetuta, eta ostiral honetan LABek jakinarazi du absolbitu egin dutela.
Tubacex-eko langile Aintzane Mendia absolbitu egin dute!#LortuDugu polizia muntaia bertan behera uztea!
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) November 11, 2022
Berriro diogu, lanpostua defendatzea ez da delitua! Borrokak merezi du! pic.twitter.com/5nlihG9lF3
Fiskaltzak 15 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen behargin laudioarrarentzat, agintarien kontrako atentatua leporatuta, Tubacexeko zuzendaritzak egin nahi izan zituen 129 kaleratzeen aurkako langileen mobilizazioetan inputatua izan ostean.
Bizkaiko Metaleko, PCBko, Tubacexeko eta Petronorreko langileek prozesu judiziala bertan behera uzteko agerraldia egin zuten azaroaren 3an, baita Aintzane Mendiak berak ere, eta bertan nabarmendu zutenez, epaiketen helburua langileak «jazartzea, kriminalizatzea eta beldurtzea da», patronalari «aurre egiteari uko egin diezaiogun».
Estrategia horretan, Lakuako Gobernuak duen «lankidetza estua» ere salatu zuten, Ertzaintza «protesta legitimoak erreprimitzera» bidaliz, gero ondorio larriak dituzten autoak egin ditzaten.
Amurrioko epaitegien parean egin zen protestan identifikatu zuten Mendia, 2021eko ekainaren 17an. Egun horretan, Tubacexeko hiru langilek deklaratu zuten martxoan antolatutako piketean parte hartzeagatik eta Ertzaintza babesa erakustera elkartu zen jendearen kontra oldartu zen.