Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Aitor Elordik Lau eta Erdian egindako lan bikaina biribildu du hirugarren postua lortuz

Mallabiako pilotariak 22-18 irabazi dio, etxean, Peio Etxeberriari intentsitate eta abiadura handiz jokatutako partida batean. Bi pilotariek ziurtatuta dute datorren urteko txapelketako final-laurdenetako ligaxka jokatzea.

Aitor Elordi, pilota gogor astintzeko prest.
Aitor Elordi, pilota gogor astintzeko prest. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Aitor Elordik edonork nahiko lukeen amaiera eman dio igande honetan aurtengo Lau eta Erdiko txapelkelketari, etxeko pilotalekuan –omenaldi xumea jaso zuen lehia hasi aurretik–. Ez du txapela jantzi. Sari preziatu hori irabazteko Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak «merezimendu osoz» lortu dute aukera, adierazi du mallabitarrak gaurko partida amaitzerakoan. Baina hirugarren amaitzea beste sari mota baterako aukera eman dio.

Alde batetik, bai Elordik eta bai Peio Etxeberriak berak ere datorren urteko kaiolako txapelketan final-laurdenetako ligaxka jokatzeko txartela dute jada. Bestetik, mallabitarraren kasuan, datorren igandeko finalaren ostean podiumean egongo da Altuna eta Ezkurdiarekin batera. Eta azkenik, hauetako batek min hartuko balu hitzordu garrantzitsua aurretik, finala jokatzeko aukera izango luke Elordik.

Abiadura eta emozio handia hasieratik 

Baina horiek denak espekulazioak besterik ez dira. Ez dute, ordea, espekulatu gaurko lehian. Egia da, hori bai, lehen sakea nori dagokion aukeratzeko garaian, txapak lehen emozioa jarri duela. Epaileek lurrera botatzerakoan, bueltak eman eta urdina aterako zela uste zenean, gorri atera da. Elordiren lehen ‘garaipena’.

Hortik aurrera, bai gorriz jantzitako pilotariak eta bai Peio Etxeberriak sekulako erakustaldia eskaini dute. Abiadura eta intentsitate handiko neurketa eskaini dute partidaren lehen zatian gehienbat. Bertan, korrikaldi eta tanto eder ugari ikusi ahal izan dira, bakoitzak bere barietatea eta maila agerian utziz.

Hutsik ez zuten euren fitxa pertsonalean, baina dena aldatu da derrigortutako lehenengo atsedenalditik bueltan. Zenotzeko aurrelaria zen aurretik (9-12), baina beherakada nabarmena izan du Aspekoak eta Elordik inork bezain ongi aprobetxatu du egoera. Ziztu bizi batean, 11-0eko partzial bat sinatu du, gehienbat Peio Etxeberriak egindako huts ugariengatik.

Pentsa, nafarrak zortzi hutsekin amaitu du partida, eta denak lehiako zati horretan egin ditu. Bestalde, Aitor Elordik ondo behartu ditu egoera asko. Izan ere, ikusita Etxeberria bikain ari zela sake guztiei erantzuten, lehen pilotakada zabalera bidaltzea probatu du zenbait alditan.

Zenotzekoak ondo erantzuten jarraitu du, baina hurrengo kolpeetan, partidaren lehen zatian ez bezala, ez du asmatu. Arraroa bada ere, dena bere alde zuela huts nabarmen ugari egin ditu Peiok eta hor ihes egin dio garaipenak eta Lau eta Erdiko hirugarren postuak.

Peioren suspertzea 

18-12koa Elordiren ezker gantxo zoragarri bat izan da eta horrekin bigarren atseden luzera joan dira. Bueltan, Peiok bere azken hutsa egin du, jokoan egindako pasa batekin, eta Elordik 20-12koa ezarri du markagailuan. Baina gauzak aldatu egin dira berriro ere. Peio Etxeberriak lekukoa hartu eta 20-18 ipini da, urduritasuna bere aurkariari pasaz.

Hortxe amaitu dira bere ilusio guztiak, hurrengo tantoan, polemika pixka batekin pilota kanpoan ikusi baitu, Aitor Elordik 21-18koa egin eta hurrengoan, sakez, neurketari eta txapelketari amaiera eman baitio.

PARTIDAKO FITXA

Elordi: 22

Peio Etxeberria: 18

Pilotakadak: 212. Iraupena: 47:08. Markagailua: 3-0, 3-4, 4-5, 5-5, 5-6, 7-6, 7-11, 9-11, 9-12, 20-12, 20-18 eta 22-18. Sakez egindako tantoak: 3 Elordik eta 4 Peio Etxeberriak eta pasa bat. Jokoan egindako tantoak: 10 Elordik eta 12 Peio Etxeberriak. Hutsak: 2 Elordik eta 8 Peio Etxeberriak. Gertakariak: Sarrera eta giro bikaina Mallabiko pilotalekuan Lau eta Erdiko hirugarren eta laugarren posturako partida ikusteko. Lehen sakea gorri. Partida hasi aurretik, omenaldi xumea egin diote Elordiri bere herriko pilotalekuan. Garikoitz Txakartegi izan da Elordiren botileroa eta Andoni Gaskue Peio Etxeberriarena.