Arnaitz Gorriti

Korrikalari katalanen irribarreak dizdira eman dio 2022ko Behobia-Donostiari

Nan Oliveras triatleta eta Cristina Silva korrikalari katalanak izan dira nagusi eguraldia lagun jendez beteta eta txaloka hartu dituen Behobia-Donostia. Silva hasieratik nagusi izan eta Oliverasek, bestetik, Mirakruz gainean utzi du atzean Artur Bossy herkidea.

Nan Oliveras, Behobia-Donostiako txapeldun berria.
Nan Oliveras, Behobia-Donostiako txapeldun berria. (Jon URBE | FOKU)

Bi lasterketa izaten dira Behobia-Donostia lasterketan. Batetik, irabazteko, bestetik, lasterketa herrikoia. Hala ere, lehiaketa eta lasterketa herrikoia uztartuta, Herrialde Katalanen irribarreak egin du dizdira 2022ko edizio honetan, bai kopuruz eta baita emaitzei dagokienez ere, gizonezkoen zein emakumeen kategorian txapeldun izan baitira.

«Lasterketa mitikoa da eta asko gustatzen zaigu hona etortzea». Horra Nan Oliveras triatloilari katalanaren adierazpenak, 2022ko edizioa irabazi eta gero. Mirakruzko aldapan erritmoa aldatu eta Boulevardean bakarrik helmugaratu eta gero. Aurrez Artur Bossy herkidearekin ihes Kaputxinoen aldapan ihes egin du eta azken kilometroetara osoago iritsi da Oliveras.

Orotara ordubete, minutu bat eta hogeita bederatzi segundutan amaitu ditu lanak Olot-eko triatloilariak.

2019an Zarautzko triatloia irabazi ostean, bere palmaresa bapo gizendu du Behobia-Donostia eramatea eraman eta gero Oliverasek, iazko bigarren postua errepikatu duen Jesus Olmo eta Artur Bossyren aurretik. Olmok atzetik aurrera egin du eta azken zuzengune luzean atzean laga du lehertuta amaitu duen Bossy.

Behobia-Donostiako olatua, Zurriolarako bidean.
Behobia-Donostiako olatua, Zurriolarako bidean. (Jon URBE | FOKU)
Aurtengo Behobia-Donostiak Euskaraldiarekin bat egin du, irteeran ikusi ahal izan den moduan.
Aurtengo Behobia-Donostiak Euskaraldiarekin bat egin du, irteeran ikusi ahal izan den moduan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Emakumezkoak izan dira Behobiatik korrikan lehenak atera direnak.
Emakumezkoak izan dira Behobiatik korrikan lehenak atera direnak. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Ondoren gizonezkoek hasi dute lasterketa.
Ondoren gizonezkoek hasi dute lasterketa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Behobiako irteeran zenbait irudi xelebre ikusi ahal izan dira.
Behobiako irteeran zenbait irudi xelebre ikusi ahal izan dira. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Handbikes modalitateko parte-hartzaileetako bat, lasterketan zehar.
Handbikes modalitateko parte-hartzaileetako bat, lasterketan zehar. (Gorka RUBIO | FOKU)
Alberto Alemanek –irudian Boulevardeko helmugan– irabazi du roller kategoriako lasterketa.
Alberto Alemanek –irudian Boulevardeko helmugan– irabazi du roller kategoriako lasterketa. (Jon URBE | FOKU)
Cristina Silva korrikalari katalana, pozez gainezka, Donostiako helmugan.
Cristina Silva korrikalari katalana, pozez gainezka, Donostiako helmugan. (Jon URBE | FOKU)
Ura edateko prest zeuden tokiak ondo aprobetxatu dituzte korrikalariek hidratatzeko.
Ura edateko prest zeuden tokiak ondo aprobetxatu dituzte korrikalariek hidratatzeko. (Gorka RUBIO | FOKU)
Emakume talde bat, korrikalariak animatzen.
Emakume talde bat, korrikalariak animatzen. (Jon URBE | FOKU)
Lasterketa xume bat baino harago doan proba da Behobia-Donostia.
Lasterketa xume bat baino harago doan proba da Behobia-Donostia. (Jon URBE | FOKU)
Korrikalariak, Zurriolako pasealekuan, zubia pasa baino lehen.
Korrikalariak, Zurriolako pasealekuan, zubia pasa baino lehen. (Jon URBE | FOKU)
Helmuga gainditzerakoan, eztanda egiten dute korrikalariek, zentzu guztietan..
Helmuga gainditzerakoan, eztanda egiten dute korrikalariek, zentzu guztietan.. (Jon URBE)
Poza eta irribarrea antzematen da korrikalarien artean.
Poza eta irribarrea antzematen da korrikalarien artean. (Jon URBE | FOKU)
Taldean iritsi diren patinatzaileak ere ikusi dira Boulevardean.
Taldean iritsi diren patinatzaileak ere ikusi dira Boulevardean. (Jon URBE | FOKU)
Behin helmuga pasatzerakoan sustotxoren bat edo beste izan duena ere ikusi ahal izan da.
Behin helmuga pasatzerakoan sustotxoren bat edo beste izan duena ere ikusi ahal izan da. (Jon URBE | FOKU)
Behin lanak amaituta, deskantsatzeko eta senitarteko edo lagunei esperientzia kontatzeko garaia iristen da.
Behin lanak amaituta, deskantsatzeko eta senitarteko edo lagunei esperientzia kontatzeko garaia iristen da. (Jon URBE | FOKU)

Hirukote honen atzetik, Chakib Lachgar sailkatu da laugarren, Behobia-Donostiako aurreneko euskal korrikalaria. Ezin izan du, beraz, 2019ko edizioan lortu zuen garaipena errepikatu Oreretako korrikalariak.

Katalanak nagusi kopuruz eta emaitzaz. Cristina Silva izan da emakumeen lasterketa eraman duena. Hasieratik nagusi izan da korrikalari katalana, Gaintxurizketa igotzerako bakarrik geratu baita aurrean.

«Aspaldian etorri gabe nengoen, baina ikaragarria izan da hona itzultzea. Azken kilometroetan sekulako animazioa egoten da beti eta merezi du hona etortzeak», esan du Silvak, itxura baten helmugara oso fresko iritsi ostean.

Irabazleak orotara ordubete 11 minutu eta 31 segundo behar izan ditu lasterketako 20 kilometroak botatzeko. Cristina Silvaren ondotik, emakumeen podiuma Mireia Guarnerrek eta Elena Silvestrek osatu dute. 46 segundora iritsi da bigarren sailkatua eta bi minutu eta erdi laga ditu helmugan Elena Silvestrek irabazlearekiko. Elena Silvestre bera izan da, bestalde, aurreneko euskal atleta emakumeen kategorian.

Horrez gain, Roller kategorian, irabazleak Alberto Aleman eta Idoia Martínez izan dira.

Korrikalari uholdea

Alabaina, Behobia-Donostia lasterketaren bereizgarri nagusiena bertan parte hartzen duen korrikalari andana da. Dela Herrialde Katalanetatik, dela Euskal Herritik, dela atzerriko edozein lekutatik. Goizeko 9.00ak aldera «Handbike» modalitateko partrehartzaileek errepideak hartu dituztenetik eta eguerdia ondo pasata azken lasterkari herrikoiak sartu diren arte, egundoko jendetza uholdea bizi izan da Behobiatik Donostiara arteko 20 kilometro horietan.

Lehia gehienez norbere buruarekin izan du batek baino gehiagok, edo behinola lasterketa honetan parte hartuko zutela promesa egin eta bete nahi izan duten horiena. Tarteka, errepidearen alde banatan, zaleak txaloka eta animoak ematen ikusi izan dira ere, nolabaiteko giro berezia eskainiz Behobia-Donostia lasterketari.

Izan ere, bai bertoko zein kanpoko korrikalariek helmugara iritsi berritan ia aho batez aitortu dute giroa dela behin eta berriz lasterketa honetabn parte hartzera bultzatzen dituen indarra. Giroa, jendearen berotasuna... neurri baten Zegama-Aizkorri mendi maratoian ikusten den erantzun antzerakoa, baina Goierri aldean helmugara aleka iristen diren moduan, Donostiako Boulevardean ia samaldan iritsi dira aurreneko atletek helmuga zapaldu eta minutu batzuetara. Pentsa, une batez helmuga marra pasa eta lurrean etzateko edo esertzeko ohitura hori bete ezinik izan dira bat eta bi baino gehiago, ordurako helmuga inguru hori atseden hartzen ari ziren korrikalariz beteta egon delako.

Zenbaki bat aurpegi bakoitzari

Izena eman duten 29.732 pertsonatik 25.753 korrikalari animatu dira 57. Behobia -Donostia lasterketan parte hartzera, %13,38k kale egin dutelarik. Helmugara 24.184 Lasterkari iritsi dira, beste 314k lasterketa utzi behar izan dute. Bestalde, helmugara iritsi diren guztietatik 1.243 deskalifikatu dituzte.

Jakina zen aurretik, baina aipagarria izaten jarraitzen du errepidean ikusi ahal izan den emakume korrikalari kopuru handia. Izan ere emakumeen partehartzea ia urtero ari da igotzen eta, hala, aurten ere igo egin da. Orotara 7.348 korrikalari atera dira errepidera, lasterkarien %28,53era iritsiz, oraindik %50eko langatik urruti, baina errekor berria ezarri dute eta etorkizunera begira, hautsi beharreko langa parekidetasunera iritsi arte.

Noski, azken urteetan baino askoz korrikalari herrikoi gehiago izatera, osasun zerbitzuek ere lana dexente izan dute. Ehun artatze baino gehiago burutu behar izan dituzte, eta pare bat bihotzeko kasu ere izan dira lasterketan zehar. Zorionez, ezer larririk ez da jazo, lasterketan zehar banaturiko osasun zerbitzuek adierazi dutenez. Tenperatura altuak eta hego haizearen eraginak, hainbat korrikalari herrikoi esfortzuaren mugaraino eraman ditu, baina aurreko beste zenbait ekitalditan ez bezala, bizi arriskurik ez omen da izan, nonbait.

57. Behobia-Donostiak Herrialde Katalanen irribarrea izan du podiumean, baina errepidean irribarrea askoz zabalagoa izan dira, ia 30.000 irribarre, alajaina!