NAIZ

Irakasleen eskaerak entzun eta negoziazio bideak ireki ditzala eskatu dio LABek Bildarratzi

LAB sindikatuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Publikoko irakasleen Lan Eskaintza Publikorako (LEP) deialdiak negoziatzekoa eskatu dio Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari astelehen honetan, saliburua Hezkuntza Publikoko zuzendariekin bildu ondoren.

LABek BECen egindako agerraldia, Bildarratz Hezkuntzako zuzendariekin biltzen zen bitartean
LABek BECen egindako agerraldia, Bildarratz Hezkuntzako zuzendariekin biltzen zen bitartean (LAB Sindikatua)

LEP deialdiak langileekin negoziatu ditzala eskatu dio LAB sindikatuak astelehen honetan Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburuari, BECen EAEko Hezkuntza Publikoko zuzendariekin bildu dela-eta «bertan ari garen irakasleak egonkortzeko neurri adostuak behar» dituztela argudiatuta.

Horrela, iazko ikasturtea amaitu orduko urte eta erdi negoziatzen zeramaten lan hitzarmenari buruz «berririk ez» dutela izan salatu dute, ikasturtea duela bi hilabete hasi zen arren. «Zer gertatzen da orduan urte eta erdiko lanarekin, eta noizko lan baldintza hobeak?», galdetu diote beren buruari.

Gainera, negoziazio mahairik gabe daudelarik, Berrikuntza Arduradunen funtzioak administrazioak «aldebakarrez» definitu dituela jakinarazi dute ohar baten bidez. Diotenez, baliabide hau LABen proposamena izan zen arren, administrazioak ez dio nola garatuko den adosteko aukerarik eman sindikatuari.

Curriculum eta Digitalizaziorako 40 ta 50 orduko formakuntzari dagokionez, bestalde, «Berrikuntza arduradunak tarteko, ordutegia gaindituz eta ohiko inprobisazio eta zehaztasun faltarekin» egingo dela salatu du sindikatuak. «Formakuntza? Bai noski, baina ez ordutegia gainditu edo langileon zama handitzea ekarriko duenik!» adierazi dute.

Bide batez, urriko nominan abuztuko doiketaren aurka agertu dira, ez baitzitzaien aipatu uztaileko negoziazio mahaian. Hori ikusita, «langileengan eragin zuzena duten neurriak» beraiekin aurretik partekatzea eta negoziatzea eskatu dute.

«Bi hilabete baino ez ikasturtea hasi denetik, baina luze dira ez delako soilik sindikatuekiko harremana etenda dagoena. Hezkuntza Sailak berak aitortu digu langile eta zuzendaritzei ematen zaien arreta ez dela egokia, eta neurriak hartuko zirela, noiz ordea?», azaldu dute.