NAIZ

Behargin bat zendu da N-121-A errepideko lanetan, Donezteben, makina batek harrapatuta

Doneztebe parean N-121-A errepidea asfaltatzeko lanetan ari zen langile bat hil da asteazken honetan, makina batek harrapatuta, Foruzaingoak berri eman duenez. Hildakoak 42 urte zituen eta Barañainen bizi zen.

 

Foruzaingoaren kotxe bat istripua jazo den tokian, Doneztebe inguruan.
Foruzaingoaren kotxe bat istripua jazo den tokian, Doneztebe inguruan. (FORUZAINGOA)

N-121-A errepidea hobetzeko lanetan ari zen behargin bat lan istripuz hil da asteazken honetan, Foruzaingoak zabaldu duenaren arabera. Hildakoak 42 urte zituen eta Barañainen bizi zen.

Arratsaldeko 13.24an jazo da istripua N-121-A (Iruñea-Behobia) errepidearen 49. kilometroan, Kontxa zerbitzugunearen inguruan. Bide hau hobetzeko proiektuaren barnean asfaltatzen ari ziren makina zapalgailu batek behargina harrapatu duenean.

Bertara zonaldeko medikua, suhiltzaileak eta Foruzaingoaren patruilak hurbildu dira. Foruzaingoa da gertakaria ikertuko duena.

LAB sindikatuak egiten duen zenbaketaren arabera, urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripuz hildako 67. behargina da Doneztebeko hau, 19.a Nafarroan.

Sindikatuen kritikak

«Lan osasunaren ikuspegitik ulertezina da gaur egun edozein obratan eta gehiago promozio publikoko obra batean horrelako istripuak ematea. Obretako arriskuek koordinatzaile eta errekurtso prebentiboaren figura arautua exigitzen dituzte. Honela, inongo momentutan ezin zaio langile bati zapalgailu edo edozein gailu mugikorrera hurbiltzen utzi, horretarako daude figura hauek eta finkatutako lan osasuneko protokoloak. Araudiak argi dio patronalak guztiaren gainetik bermatu behar duela lan osasun sistema integralaren funtzionamendua eta bermeak eskeini. Zer esanik ez promotorea Nafarroako Gobernua bera denean. Bistan da, neurriak ez direla hartu», salatu du LABek.

«LAB sindikatuko kideak obrara bertaratuta konprobatu ahal izan dugu, langilearen hilotza lurrean zelarik enpresak ez duela obra gelditu nahi izan eta 100 metrotara makinek lanean jarraitzen zutela, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Chiviteren gobernuaren promozioko obra honetan espero dugu, oraingoan, azalpen luze eta zabalak eskeiniko dituela. Era berean, akatsak azpimarratu eta ardurak argituko dituela. Behingoz, patronalari lan osasuneko betebeharrak betearaziko dizkiola alegia», gaineratu du.

ELAk, berriz, lan arriskuen prebentzioa ez dela egiten «edo paperean gertazen dela» salatu du.

«Enpresek lehentasuna ematen diote produkzioari arriskuak murrizteari baino, eta errentagarriago ateratzen zaie Legea ez betetzea, prestakuntzan, segurtasun-prozeduretan eta babes-ekipamenduetan inbertitzea baino», salatu du ELAk.

«Bestalde, aholkularitza eta kontrolerako baliabide publikoak ez dira inolaz ere nahikoak. Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua eta Lan Ikuskaritza kolapsatuta daude baliabide faltagatik, eta Nafarroako Gobernuak beste aldera begira eta arreta desbideratzen jarraitzen du, langileei arduraz jokatzeko dei eginez. ELAren iritziz, laneko ezbehar-tasa geldiaraztea erantzukizun-kontua izateaz gain, borondate-kontua ere bada, eta, zoritxarrez, patronalak eta Gobernuak ez dute benetako borondaterik egoera aldatzeko», gaineratu du.

UGT sindikatuak doluminak luzatu dizkio hildakoaren familiari eta gertatutakoa zorrotz ikertzeko eskatu du, ohar batean. UGT-ren arabera, Nafarroan aurten lan istripuek izan duten gorakada neurriak hartzeko beharraren isla da. «Jasanezinak diren mailetara heltzen ari gara», nabarmendu du.

Gauzak horrela, UGT-rentzat ezinbestekoa da langileen etengabeko heriotz-jarioarekin amaitzeko plan bati ekitea. Horretatik, bai administrazioei bai enpresei lan-arriskuen aurrean giza- eta ekonomi-baliabideak paratzeko eskatu die.

CCOO sindikatuak istripua gaitzetsi egin du eta eraikuntza arloan langileak babesteko plan bat ezinbestekoa dela nabarmendu du.

Honez gain, CCOOrentzat lan istripuetan ematen diren heriotzak gelditu behar dira. Horretarako, Lan Ikuskaritzan teknikari gehiago beharrezkoak direla adierazi du. Honekin batera, behinbehinekotasuna arautu behar dela gaineratu du.