NAIZ

Zumarragako Ibaiondo zentroan 35 hezitzaile gehiago behar direla onartu dutela dio ELAk

ELA sindikatuak asteazken honetan adierazi duenez, Lakuako Gobernuak onartu du Zumarragako Ibaiondo Hezkuntza Zentroan 35 hezitzaile gehiago behar direla. Gogoratu duenez, zerbitzu juridikoek 27 demanda jarri dituzte 2020. urtetik.

Zumarragan dadagoen Ibaiondo zentroa, artxiboko argazki batean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Zumarragan dadagoen Ibaiondo zentroa, artxiboko argazki batean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

ELA sindikatuaren esanetan, «27 demanda judizial jarri ondoren, eta aldeko epaiak lortu ondoren, azkenik Eusko Jaurlaritzak onartu behar izan du 85 hezitzaile gehiago behar direla Zumarragako Ibaiondo Hezkuntza Zentroan». Dioenez, plaza horien beharra jaso du Funtzio Publikoaren txostenak.

«Sortu zenetik, sindikatuak behin eta berriz salatu du ez zegoela hezitzaile plaza nahikorik. Egiturazko lan karga zegoela nabartzen zuen orduan ELAk, baina ordezkapenekin betetzen ari zela hutsunea. Administrazioak, ordea, bizkarra eman dio arazoari. Orain, ordea, sindikatuaren lanak eta bide judizialak fruituak eman dituzte eta Gobernuak bere burua behartuta ikusi du 35 plaza sortzera. Epaia argia da: lan kontratu mugagabeko langile ez-finko gisa aitortzen dituzte langile hauek», adierazi du ELAk ohar batean.

Sindikatuak positibotzat jotzen du plaza berriak sortzeko beharra aitortzea, «horrek langileak gehiegizko lan- eta ordu-kargetatik askatuko baititu; zerbitzua antolatzeko aukera izanik, zentroan artatzen diren adingabe eta gazteei erantzun hobea emanez». Eta Administrazioari eskatu dio «aitor dezala langile horien antzinatasuna kontratuaren lehen egunetik, eta epaiak berehala betearazteko». Gainera, egiturazko lan hori betetzeko sortu beharko liratekeen plazak kalkulatzeko eskatu dio.

Azaldu duenez, Administrazioak, astearte honetan, azaroaren 15ean, Funtzio Publikoaren txosten bat, justifikazio-memoria bat eta hizkuntza-normalizazioari buruzko txostena helarazi zizkion sindikatuen ordezkaritzari, Ibaiondo Ikastetxean lanpostu-zerrendaren (LPZ) aldaketari eta hezitzaile-lanpostuaren 35 dotazioren sorrerari buruz.

«Beharrezko lanpostuak aitortzen dira»

«Txostenetan eta memorian beharrezko lanpostuak aitortzen dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta: derrigorrezko benetako presentziako orduak, kontziliazioko urteko orduak, ordu sindikalak eta abar. Ondorioz, 85 langile behar dira, gaur egun LPZan dauden 50 hezitzaile lanpostukoekin alderatuz», nabarmendu du ELAk.

Sindikatuak dioenez, justifikazio-memoriak onartzen du 17 hezitzaile behar direla hezkuntza-talde bakoitzean, egungo hamar lanpostuenen ordez. «Epai irmoen betearazpenari berehala erantzun ahal izateko, Administrazioak 15 dotazio sortuko ditu 2022ko ekitaldiko aurrekontuen kontura. Sailak eskatutako gainerako dotazioen sorrera ondoren aztertuko da», gaineratu du.

ELAk Funtzio Publikoari eskatu dio, gainerako administrazio-izapideak bizkortzeko, sindikatuei lehenbailehen zehaztea zerbitzua nola antolatuko den eta gainerako plazak zein epetan sortuko diren. Era berean, ezinbestekotzat jotzen du 15 lanpostu berri horiek lan eskaintzetako hurrengo deialdian sartzea, «Administrazioaren utzikeriagatik lege-iruzurrean urteetan lan egiten duten langile ugarik, benetan kontsolidatzeko aukera izango dutela bermatzeko».